Tokiko ekonomia aldatzen duten hamabi euskal ekimen
2025(e) ko azaroaren 7a
Solène Reymond ikerlari eta literatura zein arte ekologikoetan doktorearentzat, konpromezu ekologikoa haustura batetik sortzen da. Kolpe bat, hunkidura bat, barneko astinaldi bat, munduaren ikuspegia eraldatzen eta ekintzara bultzatzen gaituena. Euskal Herriko bazterrak zeharkatuz, bizipen intimo horiek biltzen ditu, kontakizun sentikor eta unibertsal bihurtzeko. Bere lana partekatzen digu.
Eguneratzea:2025(e) ko urriaren 22a
Zure lanetan, lehenik eta behin ekologiaren kontzeptua galdezkatzen duzu. Ekologia trantsizioaren ideia arbuiatzen duzu. Zergatik?
Trantsizioaren ideiak egoera batetik bestera igarotzea iradokitzen du, betiere aurrerapenaren izenean. Jean-Baptiste Fressoz-ek dioenarekin bat nator: trantsizio hori mito bat da. Auto hibridoak edo hirien berdeztatzea bezalako irtenbide teknologikoak zuzenketa-neurriak dira, baina sistema bera elikatzen jarraitzen dute. Behar duguna ez da trantsizio bat, norabide-aldaketa bat baizik: eredu aldaketa sakon bat, teknologikoa bakarrik ez, baizik eta ingurumenekoa, soziala eta mentala ere, Félix Guattari-k azpimarratzen duen bezala.

Zuretzat, aldaketa ekologikoa barneko desira sakon batetik sortzen da. “Hautsune” kontzeptuaz mintzo zara. Azalduko al diguzu?
Nire ikerketa-lanak esperientzia pertsonal bat du oinarri. Itxasuko nire gurasoen lorategian, herriko zuhaitz zaharrenetako bat —hiru mende inguruko zuhaitz bat— bat-batean erori zen. Gertaera horrek sakonki markatu ninduen. Egun hartan, zerbait ireki zen nire baitan. Horri deitzen diot “hautsune”: kolpe bat, emozio bat, ez bortxaz traumatikoa edo bortitza, baizik eta barrutik eraldatzen zaituena, beste zerbaiterantz bideratzen zaituena. Nire kasuan, landareen mundura. Zuhaitz hura zergatik hil zen ulertu behar nuen.
Zer deskubritu duzu?
Zuhaitz-zaintzan aditua den arbolazain-kimatzaile bat ezagutu nuen, eta hark zuhaitzen inguruko jakintza partekatu zidan. Haren bidez jakin nuen gure familia-haritzak trauma anitz pairatu zituela: lehorteak, ekaitzak, argi-kutsadura, seguraski sute bat ere, baina batez ere mozketa bortitzak, zuhaitza ahuldu zutenak. Ohartu nintzen zuhaitzek jasaten duten indarkeria ez dela Amazoniako oihanen suntsiketaren kontua soilik, gure begien aitzinean ere gertatzen dela, gure lorategietan. Zuhaitzaren erorketarekin nire baitan ireki zen haustura zabalduz joan zen, beste errealitate baterako, beste kontzientzia baterako ate bat bilakatuz. Ez nituen zuhaitzak lehen bezala ikusten, ez nuen gizakiaren eta ez-gizakiaren arteko bereizketa egiten, nire ikuspegia deszentratua zen. Hor da esperientzia horren eta pentsamendu ekologikoaren arteko lotura: gure buruari «Zer gertatu da? Zergatik hunkitzen nau istorio honek?» galdetzen hasten garenean.

Justuki, nola pasa kontzientzia hartzetik ekintzara?
Uste dut irudimen alternatiboek mugimendua eragiteko indar handia dutela. Ursula Le Guin zientzia fikziozko idazlea izan zen “istorio bizidunak” kontatzeko beharraren inguruan mintzatzen lehena: lurrarekiko errespetua, elkarlana eta partekatzea lehenesten dituzten kontakizunak, gerra edo heriotzaren ordez. Utopikoak, alternatiboak eta ekologikoak diren unibertso anitz asmatu zituen, gizonaren eta naturaren arteko borrokaren irudimen suntsitzailetik aldentzen direnak. Nik “istorio bizizaleak” kontzeptua proposatzen dut, landare bizizaleei erreferentzia eginez: nonahi hazten diren eta etengabe berriz hazten diren landareak. Zuhaitzak zaintzen dakien eta benetako zaintza-etika praktikatzen duen kimatzaile-maisuaren kontakizuna istorio bizizale horien parte da. Beste leku batzuetan ere loratu daitezke, baina aldi berean, jatorri zaharrago baten parte dira. Aldo Leopold datorkit burura, basozain eta ekologo estatubatuarra, 1949an “Almanach d’un comté des sables” [euskarara itzuli gabeko] liburuan zuhaitz baten tximista-kolpearen istorioa kontatzen zuena. Liburuan garatzen duen lur-etika, arbolazainaren kontakizunean ere ageri da. Bi istorio horiek lotuz, irudimen alternatiboei sakontasun handiagoa ematen zaie. Lurpeko lan bat dela erran genezake, beste modu batean pentsarazten diguna eta pixkanaka beste modu batean ekitera eramaten gaituena.

Euskal Herria inspirazio iturri da zuretzat?
Bai, hemen ikerketa ugari daramatzat. Lurraz interesatu naiz bereziki: lurra materia gisa, lurra elikagai-iturri gisa. Gai hau ez da beti ongi ikusia izan. Literaturaren eta iruditeria kolektiboaren baitan, sarritan zikintzat eta gaitzestekotzat aurkeztu izan da. Hala ere, lurra —ozeanoak eta basoak bezala— bizitzarako ezinbestekoa da. 2050ean munduko lurzoruaren %90 hondatua izanen dela kalkulatzen da. Arazo ikaragarria da! Baina nola aldatu ikuskera hori? Gaur egun, Les Carrioles vertes elkartean murgildua naiz. Patricia Bonneau-k sortu zuen —eta garrantzitsua zait ekimen femeninoak argitara ekartzea—, eta lurzoruaren birnahastean dihardu, gure hondakin organikoak konpost bihurtuz. Egiteko horren gibelean birsortzearen iruditeria oso bat garatzen da, konpost-maisuen keinuetan islatua. Kontatzeko beste bizipen bizi bat da hau! Lurra begiratzeko manera aldatu eta haren garrantziaz jabetzen garenean, benetan sentitzen dugu lur pixka bat berriz gure oinen azpian eta gure buruan eman nahi dugula.
2025(e) ko azaroaren 7a
2025(e) ko azaroaren 3a
2025(e) ko urriaren 31a