Liburu-denda ibiltari bat Lapurdi eta Nafarroa Behereko biztanleekin elkartzera
2026(e) ko apirilaren 28a
Les Cosmophonies ekimenarekin, Hego Akitaniako Frantses Eszena Nazionalak omenaldia egiten die hizkuntza arraro eta mehatxatuei. Ikuskizunak, kantuak, performanceak, solasaldiak, parte-hartze tailerrak eta okzitanieraren eguna programatu dituzte martxoaren 15era arte Baionan, Angelun eta Donibane Lohizunen.
Eguneratzea:2026(e) ko martxoaren 23a
Martxoaren 15era arte, munduko hizkuntza ahulduak, tokian tokiko mintzairak eta eguneroko azentuak ospatuko dira Cosmophonies-etan. «Hizkuntza gutxitu hauek nabarmendu nahi izan ditugu, desagertzeko arriskuan edo ahultasun egoeran direnak; batzuetan hizkuntza hegemoniko baten nagusitasunagatik, beste batzuetan kolonizazioaren ondorioz, edo baita klima-aldaketaren eraginez ere», azaldu du Damien Godet-k, Hego Akitaniako Frantses Eszena Nazionaleko zuzendariak.
Munduan hitz egiten diren 7.000 hizkuntzetatik, erdia desagertu liteke XXI. mendearen bukaerarako. Lotura argia da hizkuntza horien desagerpenaren eta klima-berotzeak kaltetutako ekosistemen desagerpenaren artean; egoera horrek populazioak erbesteratzera behartzen ditu eta, epe luzera, beren ama-hizkuntza ahantzi edo are ezabatzera eramaten ditu.
Une berezi honek omenaldia egiten die «gutxiengo» deitzen diren hizkuntza horiei, desagertzeko arriskuan dauden ahozko tradizioei; hemen parte hartzen duten artistek haien «aberastasuna, jeinua eta sormena» maite eta goresten dituzte.
Erresistentzia ekintza bat
Damien Godet-ren ustez, «momentu kultural hau erresistentzia ekintza bat da mehatxatuak diren hizkuntza eta azentuen alde». Bost ikuskizun elkartuko dira, nork bere historia aipatuz.
Martxoaren 8an Benjamin Tholozan-en Parler pointu ikuskizuna aurkeztu ondoren, Tiziano Cruz artista argentinarra —2024ko Avignongo jaialdiko errebelazioa— bere ama-hizkuntza quechuara itzuliko da Wayqeycuna ikuskizun poetikoan, martxoaren 10ean eta 11n Baionako Michel-Portal antzokian. Ikuskizuna «adiskidetze-erritu» baten modura pentsatua da, eta artistak tailerretan prestatutako ogiak partekatuko ditu publikoarekin; hildakoak ohoratzeko antzinako praktika bat da hori.
Martxoaren 13an, Ma langue maternelle va mourir et j’ai du mal à vous parler d’amour lanean, Yannick Jaulin Vendée-ko aktore eta ipuin-kontalariak ere bere ikuskizuna «konponketa saiakera» gisa ulertzen du. Bere bihotzeko patois parlanjhe hizkerari omenaldia egingo dio, desagertzeko arriskuan baita. Baionako mediatekan egingo den solasaldi batean, bi artistek hizkuntza zauritu horiek berreskuratzen saiatuko dira, Itxaro Bordarekin batera.
Martxoaren 14an, bi zatitan banatu ikuskizuna eskainiko da Donibane Lohizuneko Tanka agertokian. Xiberoa Kantuz Loraturik lanak Zuberoako kantuen ondareari omenaldia egingo dio; Lurodei bikoteak, berriz, bidaia poetiko bat proposatuko du, polifonien, kantu tradizionalen eta ehundura elektronikoen artean.
Martxoaren 15ean, Angeluko Quintaou antzokian Romie Estève soprano lirikoa eta beste artista batzuk ariko dira, Marcelle Delpastre okzitanierazko nekazari-poetari omenaldia egiteko.
Baionan eta Donibane Lohizunen euskararen hastapen-tailerrak eta martxoaren 15ean Angeluko Quintaou antzokian antolatutako okzitanieraren egunak osatzen dute egitaraua.
Cosmophonies-en momentu berezi honek jarraipena izango du. 2027ko otsailean berriz antolatuko da, gogorarazteko «hizkuntza bakoitza mundu bat dela, eta mundu bakoitzak entzuna izatea merezi duela».
Egitaraua webgunean kontsulta daiteke
2026(e) ko apirilaren 28a
2026(e) ko apirilaren 15a