« Haurrek errazago dastatzen dute produktua ondoko baserritik badator » Zirkuitu laburrek nola gazteei ongi jateko gogoa pizten duten

Kooperatiban elkarturik, euskal etxalde batzuek plataforma logistiko bateratu bat garatu dute beren ekoizpenak kolektibitateko sukaldaritzako profesionalei saltzeko. Gero eta eskola-jantoki gehiagok erakartzen duen ekimena da, zirkuitu laburrak baliatzen baitituzte haurrak elikadura osasungarriago eta iraunkorrago batera sentsibilizatzeko.

Eguneratzea:2026(e) ko maiatzaren 4a

Zirkulu bertutetsu bat sortu da Ipar Euskal Herrian laborarien eta sukaldaritza kolektiboko profesionalen artean. 2022an, ongi jatearen aldeko hogeita hamar bat laborarik Iparlab sortu zuten, erosketa eta banaketa zentro komun bat, kolektibitateko erosleei eta tokiko ostalariei zuzendua. Erronka bikoitza da: bolumen handiak hornitzeko gai den egitura bat sortzea, eta aldi berean kideei merkatu iraunkorren bermea eskaintzea.

Kalitatearen bermea

2025ean, Iparlabek 38 tona elikagai hornitu zizkien Ipar Euskal Herriko eskola-jantokiei. Urtaroko barazki eta fruituak, arroltzeak, esnekiak, baita haragia eta elikagai-dendako zenbait produktu ere, guztiak bio labelarekin edo Idoki etxalde-etiketarekin. Plataforma logistikoaz eta ibilaldi partekatuez gain, kooperatibak aplikazio bat sortu du eskaerak errazteko. « Socleo aplikazioan sartuta, erosleek unean-unean ikus ditzakete eskuragarri diren produktuak eta zuzenean linean erosi », azaltzen du Benoît Cavillon Lekorneko baratzezainak eta kolektiboko kideak. « Ondotik, tresnak eskaera-agiri bateratu bat sortzen du, astean bitan, etxalde guztientzat. » Arrakasta handia ikusirik, Iparlabek hornidura-eremua zabaldu behar izan du gehien eskatutako produktu batzuk bermatzeko, hala nola pastanagreak edo lursagarrak. « Baina lurralde mugakideetara mugatzen gara », zehazten du laborari gazteak, gogoraraziz Ipar Euskal Herritik kanpo jasotako produktuek ere kalitate-baldintza berak bete behar dituztela.

Tokikoaren hezkuntza bertuteak

Katearen beste muturrean, Bidaxuneko sukalde zentrala euskal kooperatibaren partaide historikoetako bat da. Euskal Elkargoak kudeatua, urtero 137.000 apairu baino gehiago prestatzen eta banatzen ditu inguruko eskola, aisialdi gune eta haurtzaindegietarako, baita gizarte-ekintzako zentroaren onuradunentzat ere. Hemen ere, tokikoa eta kalitatea lehenesten dira, Ipar Euskal Herriko Elikadura Proiektuarekin bat, Elkargoko hautetsiek bozkatua. Stéphane Glanchard da menuak prestatzen dituen talde ttipiaren burua. Iparlab bezalako ekimenei eta kalitatezko artisauen sareari esker, erraz lantzen ditu tokiko produktuak. « Ipar Euskal Herrian aukera zabala dugu. Sukaldaritza kolektibo klasikoetan baino malgutasun handiagoa dut », dio pozik. Sukaldari sutsuarentzat, zirkuitu laburrak elikadurarekin harreman sentikorrago bat berreraikitzeko aukera ematen du. « Haurrei azaltzen diegunean ondoko baserritik heldu dela, berehala ulertzen dute. Eta ausartzen dira gustuko ez dituzten edo ezagutzen ez dituzten produktuak dastatzera. » Lurraldearekiko lotura horrek balio pedagogiko handiak ditu Benoît Cavillonen ustez ere. « Garrantzitsua da ttipitatik heztea. Bizitzako une horretan orienta daitezke haurrak praktika iraunkorragoetara, bai beren osasunarentzat bai bizi beharko duten ingurumenarentzat. »

Zaleak-en erreportaia osoa ikusteko.

Cantines scolaires : au Pays basque, ces producteurs misent sur le circuit court - TVPi

Orain