Euskal Txirrindularitza Oldarrak (Essor cycliste basque) berrogeita hamargarren urteurrena ospatzen du

Otsailaren lehenetik 9ra arterako aurreikusia da 2025ean bere berrogeita hamargarren urtea ospatzen duen eliteko lasterketa hori. Lasterketatik kanpo ere badira animazioak, bai eta berrikuntzak ibilbidean zehar.

Eguneratzea:2025ko otsailaren 5a

«50 urte, begirunea sortarazten dit kopuru horrek; lasterketen kasuan, txapeldunekin bezala, iraupenak badu zer errana, zeren eta, sineste betean ez bazara ari, ospetsu egiten diren gazteekin lasterketa baten antolatzailea zarelarik, horrek ez baitu 50 urtez iraunen. Sinesmena bada eta bada trebetasuna eta badira fleitean diren txapeldunak ere». 

Christian Prudhomme, Frantziako itzuliaren zuzendariak hitz horiekin egin nahi ukan dio omena Euskal Txirrindularitza Oldarrari berrogeita hamar urteurrena betetzen duen honetan. Otsailaren hastapen honetan ospatuko du lasterketa amateur handi horrek berrogeita hamargarren urteurrena, nazio mailako egutegiari Ipar Euskal Herriko errepideetan ibiliko diren bost lasterketekin hasiera emanez. Euskal Oldarra kostalde eta barnealdearen artean eliteko 5 lasterketa antolatzen dituen antolatzaile bakanetako bat da, berrogeita hamar bat herrixka bisitatuz eta honako hiri hauetan etapa eginez: Bokale, Kanbo, Donapaleu, Donibane Garazi, Donazaharre, Duzunaritze eta Maule. Aurten zenbait berrikuntza dakar, besteak beste, Gamia mendatearen gailurrerako helmuga. Etorkizuneko txapeldunak ezagutzera emateko aukera da, 50 urteen historia markatu duten hogei bat txirrindulariren bidetik. Ospetsuenen artean, aipa ditzagun Laurent Jalabert, Richard Virenque, Thomas Voeckler, Warren Barguil (Euskal Oldarraren 2012ko irabazlea), Romain Bardet (igokari onena Bidaxunen), Kenny Elissonde (irabazlea Bidaxunen), Rudy Molard (irabazlea Bardozen), eta ez ditzagun beste hauek ere ahantz: Arnaud Demare, Adam Yates, Christophe Laporte, Julian Alaphilippe, Jacky Durand, David Moncoutié…
Christian Bibal Euskal Oldarraren sortzaileak idatziriko oroitzapen albumak euskal errepideetan eginiko 50 urte horiek erakusten ditu.

Testua Christian Bibal kirol kazetari ospetsu eta Euskal Oldarra txirrindu lasterketaren sortzaile eta antolatzaileak idatzi du.

Otsailaren lehena, larunbatean
Oldarraren bihurguneak - Bokale > Tarnoze

Otsailaren 2, igandean
Oldarraren zirkuitua - Kanbo > Kanbo

Otsailaren 7, ostiralean
Nafarroa Beherearen itzulia - Donapaleu > Donapaleu

Otsailaren 8, larunbatean
Euskal biribila
Donibane Garazi > Donazaharre
Duzunaritze > Gamiako mendatea

Otsailaren 9 igandean
Oldarra Trofeoa - Maule > Maule (Goialdea)