Natura 2000: kontzertazioa naturaren babesaren zerbitzura
2026(e) ko uztailaren 17a
Temps d’aimer la danse festibalaren 36. edizioak Thierry Malandain bere zuzendari artistikoaren azken urratsak markatuko ditu. Irailaren 10etik 21era, egitarau erakargarriak 80 hitzordu baino gehiago eskainiko ditu Euskal Herrian: mundu mailako estreinaldiak, sortzen ari diren konpainien ikuskizunak eta beste hainbat proposamen.
Eguneratzea:2026(e) ko ekainaren 11a
Hasieran, amets bat izan zen: dantza Miarritzeko zutabe nagusietako bat bilakatzea eta lurralde osora hedatzea. Hogeita hamasei urte geroago, Temps d’aimer festibalak arrakasta ikusgarria erakusten du, 38.000 ikusle baino gehiago bilduz eta kalitate handiko emanaldiak eskainiz lurraldeko hainbat hiritan. Arrakasta hori, lehenik eta behin, Thierry Malandainen hautu artistikoari zor zaio, Malandain Ballet Biarritz konpainiaren buru baita. Hogeita zazpi urtez, zuzendariak bere aztarna sakona utzi du bai konpainian bai jaialdian. Koreografo eta humanista handi honek 2027an emanen dio amaiera bere ibilbideari.

80 hitzordu, 18 gunetan
2026ko edizioa indarrez eta bizitasunez beterik dator: hamar egunetan 80 hitzordu, aretoetan ariko diren 20 konpainia, mundu mailako lau sorkuntza eta emanaldiak Euskal Herriko 18 hiritan barna, Errenteriaraino mugaz gaindiko ikuspegia azpimarratuz eta Paueraino Biarno aldean. Irekiera ekitaldian, festibalak mundu mailako aitzin-estreinaldi berezi bat eskainiko du. Benjamin Millepied, Pariseko Opera Nazionaleko balletaren zuzendari ohiak eta New York City Ballet-eko izar dantzariak Summerland bere azken balleta aurkeztuko du. Folies Bergères antzokirako sortu duen obra hori ondoren han bertan emanen da, November Ultraren pop intimoaren doinuekin; azken hori Victoires de la Musique sarietan agerian gelditu den artista da. Lucia Lacarra Nazioarteko izar euskaldunak eta haren bikotekideak maitasunaren epopeia handi bat kontatuko dute. Martin Harriague, etorkizunean Malandain Ballet Biarritzeko zuzendari izanen denak, Awen - The Sacred Veil eskainiko du, Avignongo Operako Balletaren hamalau dantzarik interpretatuko duten obra korala, baita Prométhée ere, mitologiari loturiko fresko koreografikoa. Bukaera ekitaldian aurkeztuko den Joy ikuskizunak pozaren eztanda iragartzen du, hiru koreograforen proposamenen bidez: Iratxe Ansa eta Igor Bacovich bikotea, Marco Goecke eta Alexander Ekman. L’Oiseau de feu, Boléro eta Midi et demi lanen bidezko ibilbide artistiko batek Thierry Malandainen inspirazio iturriak agerian utziko ditu.

Bilaka, Haatik Dantza, Ibawa… euskal sorkuntza indartsu
Euskal sorkuntzaren aldetik, jaialdiak Bilaka kolektiboaren humanismo argitsua azpimarratuko du Dirau lanaren bidez edo Bezperan obraren moldaketa berriaren bidez; azken hori Mauleko eta Donibane Garaziko jai alaietan emateko egokitua izan da. William Forsytheren interprete eta koreografo den Jone San Martinek eta Haatik Dantza konpainiak Herri Gogoa, Euskal Herriko lehen diskoetxea izan zenaren ondarea berriz irakurriko dute. Gona tradizionala eta Dock Martens botak soinean, Ibawa laukoteak euskal gizartearen irudi tutelarra deituko du oholtzara.
Kulturaniztasuna eta aniztasuna lehen lerroan
Nola ez aipatu Aina Alegre koreografo katalana, Carmen Amaya flamenkoaren figura distiratsua, berriz aurkitzera etorriko dena. Edo Hervé Koubiren Sol Invictus ikuskizun harrigarria, oholtzan hamazazpi hip-hop artistari lekua emanen diena. Rachid Ouramdane, Chaillot – Théâtre national de la danse erakundeko zuzendariak, hamar dantzari akrobata bilduko ditu zeruko fresko ikusgarri batean. Azpimarratzekoak dira, halaber, Mathieu Geffréren dantza-hitzordua, Nina Simoneren ahotsak lagundutako maitasun bikotearen berrirakurketa, eta SLB konpainiaren Ad Libitum, antolatzaileen hitzetan «bikote magnetikoa». Biak ala biak jaialdiko artsita kuttunen artean dira. Temps d’aimer jaialdiak aretoetatik harago, ekitaldi ugari ere eskaintzen ditu: Plaza Berriko dance floor-a, entsegu irekiak, Hondartza Handiko gigabarreak, mediatekako zinema emanaldiak eta beste hainbat jarduera.
Praktikan
Ikuskizunei buruzko informazio guzia, datak, ordutegiak eta prezioak (13 euroko pass-a eta elkartasun tarifak): letempsdaimer.com.
2026(e) ko uztailaren 17a
2026(e) ko uztailaren 16a
2026(e) ko uztailaren 10a