Amikuzeko mediateka: balio handiko bolondresak

Zazpi bolondresek parte hartzen dute Amikuzeko herri-mediatekaren eguneroko bizian, aste bakoitzean oren batzuk eskainiz. Mediatekako bi langileen gidaritzapean, liburuak txukuntzen, sailkatzen eta babesten laguntzen dute. Horrela, harreman soziala atxikitzen dute, etorkizuneko lanbide bat deskubritzen edo irakurketarako duten zaletasuna asetzen.

Eguneratzea:2026(e) ko maiatzaren 29a

Asteazken arratsalde honetan, Donapaleun, aita bat, bere bi haurrak eta aitatxi, liburuak itzultzera etorri dira Amikuzeko mediatekara. Harreran, Maddalen Duny-Pétré-k maileguen itzulera erregistratzen du. Hor arte deus berezirik ez… salbu eta hogei urte inguruko gaztea bolondres gisa hari dela.

Beste sei lagunek bezala, Maddalen astean oren batzuk etortzen da bere denbora eskaintzera, Maryline Boyer eta Noémie Llorach laguntzeko. Bi mediatekari hauek 1.000 bazkide baino gehiago hartzen dituzte, eta dohainik eskuragarri diren 20.000 dokumentu inguru kudeatzen dituzte (liburuak, CDak, DVDak, aldizkariak eta magazinak). « Gaitzeko lana egiten dute », diote egun hartan presente ziren bolondresek. « Pozik gira pixka bat laguntzeaz. »
Laguntza hori estimatzen du Maryline-ek. « Boluntariorik gabe, biziki zaila litzateke jende gehien den egunetan. Ona da gure ondoan izatea. » Irakurzale hauekin oreka ederra atzeman dute.

Harreman soziala eta bokazioak…

Uhartehirin bizi da Denise Duhalde. 2024an hasi zuen mediatekako boluntario lana, Arboti-Zohotako Dominique Saldou-k bezala. Erretretadunek jarduera honen bidez « harreman soziala » bilatzen zuten, « ezinbestekoa baita laneko bizia gibelean denean ».
Dominique-ek enpresa bateko liburutegi ttipi bat kudeatu izan zuen lehenago. Hemen plazer bera aurkitu du, astean oren batzuk emanez eta baliagarri sentituz: « Liburuen itzulera erregistratzen laguntzen dugu jende anitz denean, eta hori maiz gertatzen da. Obrak sailkatzen eta txukuntzen ditugu. Liburuak estali eta batzuetan konpondu behar dira. Lan anitza da. »

Asteazken goizetan, Denisek familiekiko harremana maite du. « Haurrak dira mediatekaren enbaxadorerik hoberenak beren burasoekiko », dio irriz. « Denborarekin, bakoitzaren gustuak ezagutzen ditugu. Aholku ttipiak ematen ditugu. Atsegina da. » Antolatzen diren animazioak ere goresten ditu, bereziki Liburuak elkartearekin egiten direnak.
Bolondresgoak bokazioak pizteko aukera ere ematen du. « Egoera konkretu batean ikasteko parada da », aitortzen du Maddalenek. Baionako ikasleak, euskarazko literatura ikasketetan engaiatua denak, datorren urtean Liburuaren Lanbideetako master bat egitea pentsatzen du. Hemen joko-eremu ezin hobea aurkitu du. Denise, Dominique, Maddalen, Catherine, Carine, Marie-Jo eta Sylvain bezala, etorkizunean Euskal Herriko beste biztanle batzuk ere bolondres hauen taldean sar litezke.

Interesatuak diren pertsonak Amikuzeko Mediatekarekin harremanetan sar daitezke: 05 59 65 28 72.

Orain