Mendi Biziak 2027: Euskal mendia biziarazteko proiektuak proposatu!

Euskal Hirigune Elkargoak Mendi Biziak deialdiaren edizio berri bat abiatu du, Euskal mendia balioan ematen duten eta haren zaintzari buruz herritarrak sentsibilizatzen dituzten ekimenak sustatzeko. Hautagaitzak 2026ko irailaren 30era arte aurkez daitezke.

Eguneratzea:2026(e) ko uztailaren 2a

Euskal mendiko paisaiak, lanbideak, jakitateak eta ondarea ezagutaraztea, aldi berean ingurumenarekiko jokabide arduratsuagoak sustatuz: hori da Mendi Biziak 2027 deialdiaren xedea. Euskal Hirigune Elkargoak darama egitasmoa, Euskal Mendiko Eskualdeko Parke Naturalaren Aurreikuspen Sindikatu Mistoarekin partaidetzan. Deialdiak publiko zabalari zuzendutako animazioak edo ekitaldiak antolatu nahi dituzten tokiko eragileak laguntzea du helburu.

Mendia hobeki ulertzeko proiektuak

Elkarteek, turismo bulegoek, mendiko larreen kudeatzaileek, egitura publikoek nahiz naturako jardueren profesionalek hautagaitza aurkez dezakete. Hautatuko diren proiektuek Euskal mendiaren aberastasuna hobeki ezagutzeko parada eman beharko dute: artzaintza jarduerak, natura eta kultura ondarea, lanbideak, tokiko ekoizpenak edota ingurumen erronkak.

Proposamenek, halaber, « Mendia, Errespetatuz… » urraspidearen printzipioak sustatu beharko dituzte. Desmartxa horrek mendiko erabiltzaile guzien arteko elkarbizitza orekatua bultzatzen du. Antolatzaileei gomendatzen zaie jendea artaldeak, basa-fauna eta naturguneak errespetatzera bultzatzea, baita mendian ibiltzeko segurtasun eta zirkulazio arauen berri ematea ere.

Bestalde, arreta berezia emanen zaie, ekitaldiek ingurumenean duten eragina mugatzeko neurriei (hondakinen kudeaketa, material berrerabilgarria, aztarna ekologiko apala...).

2.000 euro arteko dirulaguntza

Ekitaldiak 2027an egin beharko dira Euskal mendiaren lurraldean. Lehentasuna emanen zaie haurrendako ekimenei, ingurune hauskor honen ezagutza eta errespetua txikitatik transmititzeko.

Ahal den neurrian, desgaitasuna duten pertsonen harrera errazten duten proiektuak ere balioan emanen dira.

Proiektu eramaileek 500 eta 2.000 euro arteko dirulaguntza jaso ahal izanen dute, dosierraren kalitatearen, lurraldearentzako interesaren eta finantzaketa planaren arabera.

Gogoan atxikitzeko

Dirulaguntza: 500 eta 2.000 euro artean.
Nork aurkez dezake hautagaitza? Elkarteek, turismo bulegoek, erakunde publikoek, mendiko guneen kudeatzaileek, jarduera eskaintzaileek eta tokiko beste egiturek.
Aurkezteko azken eguna: 2026ko irailaren 30a.
Helburua: Euskal mendia ezagutarazten duten eta jokabide arduratsuak sustatzen dituzten ekitaldiak laguntzea.

Informazio gehiago