Ipar Euskal Herria “Elektrifikatzeko 100 lurralde”-en artean hautatu du estatuak
2026(e) ko irailaren 11a
Ipar Euskal Herrian, 32 gune Natura 2000 sarearen parte dira. Europako dispositibo honek ingurune natural berezi eta batzuetan sentikorrak babestea du helburu, erabiltzaileen arteko kontzertazioa eta bizikidetza lehenetsiz. TVPi-rekin batera ekoiztu Zaleak emankizuna Arranomendi eta Artzamendi mendiguneetara doa, urraspide honen funtzionamendua hobeki ulertzeko.
Eguneratzea:2026(e) ko abuztuaren 3a
Natura 2000 guneak habitat natural hauskorrak dira, bertako espezieak edo espezie bakanak aterpetzen dituztenak. 32 daude Ipar Euskal Herrian. Mendi aldean, ibai ertzetan, itsasoan edo kostaldean kokatuak dira. 90. hamarkadan sortua, Europako sare honek ekosistema bereziak babestea du helburu, baina «giza edo jarduera ekonomikoak egitea eragotzi gabe», azaldu du Natacha Bareyre Courdurié-k, Euskal Hirigune Elkargoko Mendi zerbitzuko misio kargudunak.
Bioaniztasuna eta jarduerak uztartuz
Bi dimentsio horiek uztartzeko, tokiko eragileak biltzen dituzten gidaritza batzordeak ezartzen dira. Gune baten diagnostiko ekologiko eta ekonomikoa egin ondoren, kontserbazio helburuak finkatzen dituzte eta ekintza planak prestatzen. Arranomendi eta Artzamendi mendiguneetan, Ipar Euskal Herriko bost Natura 2000 mendiguneetako batean, 15 habitat natural eta 13 interes komunitarioko espezie identifikatu dira.
Horien artean dago Soldanella. “Euskal Herrian eta Kantabriako mendietan bakarrik ageri den landare endemikoa da [bihotz formagatik erraz ezagutzen dena], eta batez ere haran estu eta hezeetan aurkitzen da”, azaldu du Peio Cornu-k, guneko ko-animatzaileak. Aurten hasi dute jarraipen protokolo bat Landareen Kontserbazio Zentroarekin lankidetzan. Populazioen tamaina neurtzea da helburua, denboran zehar duten bilakaera aztertzeko eta habitat sentikor horiek mehatxatzen dituzten faktoreak identifikatzeko: mendi ibilaldiak, canyoning edo baita bilketa basatiak ere. Praktika hori debekatua dela oroitarazi du teknikariak.

Borondatezko urratsa
Natura 2000 guneek ez dute berezko araudi zorrotzik, salbu eta lan edo ekitaldi handien kasuan, eragin-azterketa egitearen obligazioa. Kudeaketa planen animazioa, gehienbat, borondatean eta pizgarrietan oinarritzen da. “Laguntza ekonomikoak izan daitezke, hala nola batzuetan garestiak diren neurriak barne hartzen dituzten Natura 2000 kontratu edo Nekazaritza eta Ingurumeneko neurrientzat (MAEC)”, zehazten du Natacha Bareyre Courdurié-k. “Baina konpromiso moral sinple bat ere izan daiteke, Natura 2000 kartarekin bat egitean praktika egokiak errespetatzera gonbidatzen duena”. Begirune berezia eskatzen duten jokabideen artean, artzaintza jardueren errespetua da garrantzitsuenetarikoa, oraindik oso presente baita euskal mendietan. “Mendiaz gozatzen segitu nahi badugu, artzainak behar ditugu hura zaintzeko, eta instalatzera bultzatzeko, beharrezkoa da artaldeak ez trabatzea edo ez aztoratzea”, dio Argitxu Lurro-k, Arranomendi eta Artzamendi guneko beste misio arduradun batek. Bide batez, keinu sinple hauek oroitarazten ditu: txakurra lokarripean atxikitzea, abereengana ez hurbiltzea eta, are garrantzitsuagoa, ez elikatzea.
Azken urteotan, animatzaileak present dira goi denboraldian ibilaldi ibilbideen abiapuntuetan, jendea sentsibilizatzeko. “Kirol praktiken maiztasunak hazkunde ikaragarria izan du”, dio Peio Cornu-k. “Urrats honen helburua da zientzia herritarrei hurbiltzea, jendeak naturarekiko sentsibilitate handiagoa ukan dezan”.
2026(e) ko irailaren 11a
2026(e) ko irailaren 10a