Donibane Lohizuneko araztegi berria: 43 milioi euro inbertituak izan dira uraren kalitatearendako

Ekainaren 9 honetan, Alain Iriart, Euskal Elkargoko Lehendakariak, Eneko Aldana, saneamenduaren ardura duen Lehendakariordeak eta Mathieu Duhamel , Baionako Suprefetak, Atxiloa araztegi berriko lehen harria ezarri dute Donibane-Lohizunen, Jean-François Irigoyen auzapeza hor izanik. 32 milioi euroko inbertsio hau 2028an abian izanen da. Ur zikinak indarrean diren arauek finkatua baino gehiago tratatzeko aukera emango du eta bainu-uren kalitatea hobetuko.

Eguneratzea:2026(e) ko ekainaren 17a

1984ean abian ezarri zen egungo araztegia, itsasbazterraren gibelatzeak mehatxatzen duena. Saturazio puntura iritsi da bestalde eta ez die Europa mailako arauei erantzuten. Egungotik kilometro bat eta erdira kokatuko den azpiegitura berri batek ordezkatuko du, segurtasuna eta iraunkortasuna bermatzeko gisan.

Tratamendu gaitasun handiagoa

Egun 50 000 biztanle-parekoa bada tratamendu gaitasuna, 75 000koa izango da araztegi berriarekin. 2030 aldera, Getariko ur zikinak ere tratatuko ditu, bertako araztegia itxiko baita.

Besteak beste, euri azkarrak direnean tratatu gabe botatzen diren urak hamar aldiz gutiago izango dira, 2 200 m3 dituen ur-biltegiari eta sarearen egokitzeari esker.

Arauak gainditzen dituen tratamendua

Araztegiak arauek galdetzen dituzten baino emaitza hobeak eskainiko ditu:

  • uren erabateko desinfekzioa 
    mikrokutsatzaileen %80 eta mikroplastikoaren %90 deuseztatzea 
    nitrogeno isurien apaltze garrantzitsua (6 tona urtean banaz-beste).

Litroko nitrogeno heina 8,5 mg/l-ra ekarriko da, arauak 15 mg/l-ko heina kontuan hartzen duelarik. 

Bazenekien ?

Euskal Elkargoak 100 eta 120 lan artean burutzen ditu aldi berean lurralde guzian ur eta saneamendu sarea berritzeko. 100 milioi inguru bideratzen dira lan horietara urtero. 

Eraikuntza eredugarria ingurumen mailan

Araztegi berrian ingurumen-eragina mugatzeko hainbat neurri hartu dira: 

  • %15ez murriztuko da energia kontsumoa, aireztatze sistema eraginkorrei esker,
  • eguzkia energia ekoizpena (60 000 kWh/urtean) ustiatze eraikinaren beharrei erantzuteko,
  • bero berreskuratzea
  • ur tratatuaren berrerabilpena sareen mantenua burutzeko. 

Proiektuak bioaniztasuna ere kontuan hartzen du: landaredun teilatuak, zoru iragazkorrak, korridore ekologikoak, eraikuntza erdi-lurperatuak eta egungo araztegiaren eremua naturari itzultzea, baratze botanikoko langileen laguntzaz, espezia babestuak kontuan hartzeko. Ekologo bat ere hor izanen da lanek iraungo duten bitartean.

Araztegi berriak bisita ibilbide bat ere izango du, bai eta ukimen-pantaila bat eskoletako haurrak eta publiko zabala uraren kudeaketaz arduratzeko.

Kontzertazio lan baten emaitza

Araztegi proiektu berria parte-hartze prozesu zabal baten emaitza da. Proiektuaren inguruan herritarren iritzia jasotzeko parada izan da 2023an. Ondokoak burutu dira: 

  • urraspidearen hasierako bilkura publikoa,
  • hurbileko topaketa,
  • tailer parte hartzaile bat araztegi berriaren antolaketa eta paisaian txertatzeaz,
  • tailer parte hartzaile bat hodi-sareen kokapena eta ur tratatuaren berrerabilpenaz,
  • bukaerako bilkura publikoa.

Paraleloki, plataforma digital bat eta Donibane Lohizuneko Herriko etxean eta Urruñako Elkargoaren Etxean eskuragai izan dira paperean txostenak, begiratu eta ekarpenak egiteko.

Tratamendua hastetik bururaino

Herrian bildu ur zikinak araztegira iritsiko dira hodi-sarearen bidez. Gai larrienak, grasak eta hondarra kentzea ahalbidetzen duen aitzin-tratamenduaren ondotik, bakteriek kutsadura organikoa deusezten dute ur-biltegi oxigenatuetan.

Ondotik ura dekantazio bidez garbitzen da, izpi ultramore bidezko tratamendu bat jasotzen du eta azkenik itsasora doa, badiaren gibelean. Bukaerako etapa honek azken bakteriak hiltzeko balio du, bakteriologia mailan kalitate handiko emaitza lortzeko, bainu-uren kalitatearekin bateragarria.

Erabateko fidagarritasuna lortzeko, tratamendua bikoiztua izango da: hautu honek mantenua errezten du urtaroen araberako aldaketei erantzuteko malgutasuna eskainiz.

Proiektuaren aurrekontu osoa

Proeiktuaren aurrekontu osoa 43 milioi eurokoa da, horietarik 31,7 milioi euro araztegiarentzat, Aturri-Garona Ur-agentziaren 8 66 610 euroko sustenguarekin. Halaber, 11 milioi euro inbertituak izan dira hodi-sareen egokitzeko. Euskal Elkargoak 180 000 euro jaso ditu bestalde Estatuaren France Relance futsetik, ikerketak gurutzeko.