Ipar Euskal Herriko 2024ko Alokairuen Behatokia: zenbaki nagusiak

Ipar Euskal Herriko eta Hego Landesetako Alokairuen Tokiko Behatokiak (ATB) azaroaren 3 honetan, astelehenean, bizitegi pribatu multzoei buruzko 2024ko zenbakiak argitaratu ditu. Datu horiek 103 herriri buruzkoak dira eta alokairuen bilakaera eta lurraldearen egoera hobeki ulertzeko parada ematen dute, Frantziako beste eskualde batzuei konparatuta.

Eguneratzea:2025(e) ko azaroaren 3a

Ipar Euskal Herrian eta Hego Landesetan bizitegi pribatu multzoa da familiak hartzen dituen multzo nagusia. Lau familiatik bat baino gehiago (% 28) bertan bizi da, hau da, 53 600 familia baino gehiago, eta kasik 95 000 biztanle.

2024an, ikertu eremu osoko bana besteko alokairua 650 €-koa zen 67 m²-ko bana besteko azalerarako, hots, 11,3 € / m², baina zenbakia nabarmenki aldatzen da tokiaren arabera. Oroitarazteko, 2023an, eremu berean bana besteko alokairua 691 €-koa zen 67 m²-ko bana besteko eremu baliokiderako, hots, 10,4 €/m². Beraz, alokairua doi bat emendatu da urte batez.

1. eremuari dagokion euskal itsasbazterrak, Biarritz, Bidarte, Getaria eta Donibane Lohizune barne, ditu alokairu gorenak, 725 €-ko bana besteko prezioarekin 62 m²-ko bana besteko azalera baterako, hots, 11,7 €/m². Konparatzeko, 2023an, 1. eremuan bana besteko alokairua 768 €-koa zen 64 m²-rako, hots, 12,0 €/m²: itsasbazterreko alokairu-mailaren egonkortasun erlatiboa.

Kontrara, barnealdeko eremuetan dira, hala nola Donibane Garazin, Donapaleun edo Maule-Lextarren, alokairu apalenak, 600 € ingurukoa bizitegi handiago baterako. Oroitarazteko, 2023an, 4. eremuan bana besteko alokairua 632 €-koa zen 82 m²-ko bizitegi baterako, hots, 7,7 €/m², eta horrek baieztatzen du eremu horietako alokairuen bilakaera neurrizkoa dela baina erreala.

Kontuan hartu behar da Ipar Euskal Herriko tentsio-guneko 24 herrietan alokairuen arautzea 2024 bukaeran sartu dela indarrean. Beraz, aurkeztu zenbakiek ez dute oraino neurri horren eraginik erakusten, eta beharbada ondoko urteetako alokairuetan eragina ukanen dute.

Konparatzeko, itsasbazterreko bana besteko alokairua m²-ko Marseillakoen eta Lyongoen idurikoak dira, eta barnealdeko eremua Bresteko bana besteko alokairuaren maila berekoa da.
Zenbaki hauek biztanleei eta etorri berriei alokatze-merkatu pribatuaren ikuspegi hobea eskaintzen diete eta lurraldean dituzten etxebizitza-proiektuak aurreikusteko parada ematen.

Argitalpena telekargatzeko: https://www.audap.org/nos-datas/les-observatoires-thematiques/observatoire-local-des-loyers-oll/