Panpako belarraren kontra, herritarren mobilizazioa erroak hedatzen ari da

Open Lande Nouvelle-Aquitaine erakundeak bultzaturik, Panpako belarra erauzteko auzolanak gero eta gehiago dira Ipar Euskal Herrian. Elkarteak indar guztiak mobilizatzen ditu espezie exotiko inbaditzaile horren kontra borrokatzeko; izan ere, benetako gaitz ekologiko eta sanitario bilakatu da.

Eguneratzea:2026(e) ko maiatzaren 21a

Oraindik ere gure etxe barneetan eta lorategietan aurki daitekeen apaingarri bat da. Alta, Panpako belarra ez da batere espezie hutsala. Are gehiago, 2023tik debekatua da Frantzian! Communauté Open Lande elkartearekin batera, Benoît Dandinek landare inbaditzaile horren kontrako borroka denon desafio bilakarazi nahi du.

Hondamendi ekologikoa

Tokiko landarediaren lekua hartzeaz gain, Panpako belar desiragaitzak ondorio kaltegarri anitz ditu gure osasunarentzat eta ingurumenarentzat. Ez du interes ekologikorik eta ingurune batean kokatzen denean, pobretu besterik ez du egiten, zehazten du militante ekologikoak. Hego hemisferiotik heldu denez, haren polinizazioa berantiarragoa da, uztail erdialde inguruan; horrek gramineoen alergien garaia ere luzatzen du. Gaitz ekologiko eta sanitario horri buru egiteko, iaz abiatu zituen herritarrei, enpresei eta erakunde publikoei irekitako lehen “Bye bye pampa” erauzte auzolan kolektiboak. Baina ez gara errotik kentzera mugatzen: ondotik bertako espezieak landatzen ditugu bioaniztasuna berriz etor dadin, azaltzen du Sophie Pecqueurrek, urtarriletik hona proiektuaren gidaritza hartu duenak.

Elkarlana, borrokarako bide zuzena

Astearte goiz honetan, bi antolatzaileek hamar bat laguntzaile bildu dituzte Miarritzen, garai batez eraikuntzako hondakinak biltegiratzeko erabiltzen zen eta gaur egun hiriak baratze pedagogiko bihurtu duen gune batean. Barazki landareen eta fruitu arbolen artean, Panpako belarra landaredian nahasten da.Thomas Pioline Montpellierko zientzia politikoetako ikaslea da, eta bere ikasketa etenaldia ingurumenaren aldeko ekintzak sustatzeko baliatzen du. Auzolan hauei esker jakin dut espezie exotiko inbaditzaileak existitzen direla, eta arazoaren neurriaz ere ohartu naiz. Bihar-etzi, engaiamendu hori administrazio publikoan edo GKE batean segitu nahiko luke. Egun batean legeak egitera helduko banaiz, zertaz ari naizen jakinen dut!

Hura bezala, Isabelle Charrin ere laguntzera eta ikastera etorri da. Azken herriko bozen ondotik Arbona herriko hautetsi bilakatu berriak ingurumen gaiak ditu bere arduren artean. Panpako belarraren kontrako borroka lehentasun bat da herri gehiengoarentzat. Egiazko erronka da, nonahi baita. Baina ez dugu lezio emaile izan nahi; lehenik lurrera etortzen gara, nola funtzionatzen duen ikustera, gero aholku hobeak eman ahal izateko, defendatzen du auzapezorde berriak. Bere herrian ere halako ekimenak antolatu nahiko lituzke, giro goxoa sortzeko eta beren lorategietan belar horiek kentzerik ez duten herritarrei laguntzeko.

Lurralde osoan hedatuz eta, aldi berean, elkarrekin bizitzearen plazera berriz piztuz: hori da Open Lande Nouvelle-Aquitaine elkartearen misioaren funtsa. Euskal Elkargoaren “Ekologia eta eneregia trantsizioa” proiektu deialdiaren laguntzarekin, elkarteak jadanik berrogei bat auzolan parte-hartzaile antolatu ditu eta mugimendua oraindik gehiago zalutu nahi du. Formatu berri eta laburrago bat abiatu dugu, « run club » delakoen ereduan oinarritua, eta Pampa club izena eman diogu. Jendea kirola egitera heldu da, Panpako belarra erauzteko saio batean parte hartuz; ondotik, berriz, giro goxo batez gozatzen dugu kafe edo garagardo baten inguruan, azaltzen du Sophie Pecqueurrek. Open Lande Nouvelle-Aquitaine elkarteak, gainera, “Ipar Euskal Herriko Bioaniztasunaren Biziberritze Koalizioa” sortu du, lurraldeko eragileak elkartzen dituen aliantza bat, ekintza koordinatuagoak martxan ezartzeko. Denek modu berean jardun behar dugu eta gure esku-hartzeak sinkronizatu, arazoa behin betiko konpontzeko, ondorioztatzen du baikor Benoît Dandinek.
 

Panpako belarraren kontrako Europako proiektu pilotu bat

LIFE COOPCORTADERIA da Portugalek, Espainiak eta Frantziak partekatzen duten Panpako belarraren kontrako Europako proiektuaren izena. Akitania Berrian, Ahurtin kokaturiko Naturaguneen Kontserbatorioa da egitasmoaren gidaria. Lehenik tokiko eragileak mobilizatzen saiatzen gara, arazoaz jabetu daitezen, gero kudeaketa plan bat antolatu ahal izateko, azaltzen du Maxime Guénard proiektu arduradunak. Egitura orok —publikoa nahiz pribatua— bat egin dezake Life programarekin eta Kontserbatorioaren laguntza teknikoa baliatu. Kaltetutako eremuak identifikatzen laguntzeko mapak eskain ditzakegu, baina baita landarea desagerrarazteko egokien diren metodoen inguruko aholkuak eman ere, testuinguru bakoitzaren arabera. Proiektua 2028ra arte luzatuko da.