Euskal Herria: laster euskoa mugaz gaindikoa izanen da

Euskal Moneta eta Gizartearen Monetaren ekimenez, Euskal Herriko politika arduradunak eta egiturak bildu ziren larunbat honetan, otsailak 8, Baigorrin, mugaz gaindiko moneta lokalaren proiektuari buruz hitz egiteko. Euskoaren arrakastaz baliatuz, esperientzia hori Hego Euskal Herrira zabaltzea da anbizioa.

Eguneratzea:2025ko otsailaren 11a

Duela 12 urte, Euskoa sortu zuten.  Lau milioi eusko daude zirkulazioan eta euskoak 4.000 erabiltzaile partikular ditu gaur egun: Europako tokiko lehen moneta bihurtu da. Esperientzia arrakastatsu horretatik sortu zen mugaz gaindiko tokiko moneta bat sortzeko gogoeta, gisa horretako lehena Europan.   Helburua: tokiko ekonomia indartzea, mugaz gaindiko lotura ekonomikoak sendotzea eta euskara sustatzea.

Larunbat honetan, otsailak 8, “Mugaz gaindiko moneta osagarri bati buruz” mintegian Ipar eta Hego Euskal Herriko arduradun politikoak eta egiturak bildu ziren, besteak beste, Jean René Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoko Lehendakaria, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Lehendakariordea, Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lehendakaria, eta Euskal Moneta eta Gizartearen Monetaren ordezkari batzuk, proiektuaren aitzinamenduaz eta ondoko urratsez mintzatzeko.  

“Mugaz Gaindiko Topaketen bezperan, proiektu honek gure erakundeen arteko sinergiak eta gure mugaz gaindiko lurraldearen garapen iraunkorrarekiko engaiamendua erakusten ditu”, azpimarratu du Jean René Etchegarayk. “Sortu zenetik Euskal Hirigune Elkargoak bere sustengua eman dio euskoari eta 2023tik Gizartearen Moneta egitasmoa laguntzen du.  Gure instituzioak sustatu nahi dituen balioen eramaile den proiektua: herritarren parte-hartzea, trantsizio ekologikoa eta euskararen garapena. »

Lan bat hasi dute Baztanen (Nafarroa) eta Oarsoaldean (Gipuzkoa), herritarrekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin. Dagoeneko hainbat bilkura publiko egitekoak dira bi eskualde horietan.