Ur bainuen kalitatea: Euskal Hirigune Elkargoan egiten den zaintzaz xehetasun guztiak

Udan, egunero 200 000 bainulari arte izaten direnez, Euskal Hirigune Elkargoak bainuetako uren kalitatea egunero kontrolatzeko sistema bat ezarria du. Zaintza, herritarren informazioa eta inbertsioak: hona hemen nola funtzionatzen duen.

Eguneratzea:2026(e) ko ekainaren 30a

Nola kontrolatzen da uraren kalitatea egunero?

Autokontrola goizero egiten da, aurreikuspen-ereduetan integratutako adierazleen
konbinazio batean oinarrituz:

  • Egoera meteorologiko eta ozeanikoak: euri-kantitatea, haizea, olatuak.
  • Saneamendu-sistemen funtzionamendu-egoera.
  • Azterketa bakteriologiko azkarrak (Escherichia coli, hesteetako enterokokoak), eta emaitzak 3 orduren buruan eskuragarri izaten dira, zaintza hasi aurretik.

Zer gertatzen da arrisku bat atzematen denean?

Arriskua antzemanez gero, laginketa berri bat egiten da goizean bertan, behar izanez gero arratsaldean berriz irekitzeko aukera izan dadin. Parametroen jarraipena etengabe egiten da egun osoan zehar.

Nola jakin ene hondartza idekia ala itxia den?

Itxiera kasuan, lau hizkuntzatan eskuragarri den Kalilo aplikazioa berehala eguneratzen da. Herriko Etxearen debeku agindua ikusgai den momentutik indarrean sartzen da, bandera gorri batek eta bandera more batek batera adierazita.

Zein da 2025eko denboraldiaren bilana?

Euri-pasarte oso bortitzak izan arren, 2025eko denboraldiak hondartzak neurri handi batean idekirik mantentzea ahalbidetu du:

  • 3.000 analisi baino gehiago egin dira.
  • Denboraren %97,3an idekiak
  • Batez beste, 3,7 itxiera-egun hondartza bakoitzeko.

Eta zer da Ostreopsis alga?

2021ean agertua, Ostreopsis mikroalga klima-aldaketak areagotzen du, saneamenduaren kudeaketatik aparte. Sintoma arinak sor ditzake (ORL, azaleko eta arnasketa-narritadurak).
Euskal Hirigune Elkargoak 2022tik bertatik jarri du abian jarraipen zientifiko bat, analisi molekularrekin, estatu mailako gomendioak gaindituz. Gaur egun, ez da arauzko heinik zehaztuta; osasun-arloko marko bat laster ezarri beharko du Osasun Ministerioak.
Kontzentrazio handia denean, alkateek hondartzak ixtea erabaki dezakete.

2021az geroztik, itxiera horiek guztira hiru egunetan gertatu dira.

2024ko urtarriletik, POCTEFA Europako funtsen babesa duen eta GIS Littoral Basque-k gidatutako OSTREOBILA mugaz gaindiko proiektuak toxinen ezagutza sakontzen du eta kostalde osoan protokolo bateratu bat ezartzea du helburu.

Zenbat inbertitzen du Euskal Hirigune Elkargoak, eta zertan?

Elkargoak urtean 40 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu azpiegiturak hobetzeko:

  • Saneamendu-sareen berritzea.
  • Euri-urak biltegiratzeko putzuen sorrera.
  • Sareen bereizketa.
  • Araztegie tratamendu-ahalmenaren handitzea.

2026an abiatu diren lanek eta 2028an martxan jarriko den Archilua araztegi berriak dinamika hori erakusten dute. Guztira, obrak amaitzerakoan, 43 milioi euro inbertituko dira ekipamendu honetan eta haren konexioetan.