Ur baliabidea Ipar Euskal Herrian: uda hurbildu ahala, erne egoteko garaia
Astearte goiz honetan, Ici Pays Basque irratiaren goizeko saioan gonbidatu izan da Eneko Aldana-Douat, Euskal Hirigune Elkargoko edateko uraren eta saneamenduaren ardura duen lehendakariordea. Ur baliabidearen egoerari buruzko puntua egin du. Gaur-gaurkoz egoera sasoi honetako ohiko mailan bada ere, erne egoteko beharra azpimarratu du.
Eguneratzea:2026(e) ko maiatzaren 26a
Maiatzaren 21ean, Pirinio Atlantikoetako prefetak bildu zuen departamenduko ur-baliabideen batzordeak egoera orokorki lasaigarria dela ondorioztatu zuen. Lurpeko ur-geruzek eta ibaietako emariek sasoi honetako ohiko mailak dituzte. Hala ere, zuhurtzia beharrezkoa dela azaldu du Eneko Aldana-Douatek, Euskal Hirigune Elkargoko ur eta saneamendu arduradunak, Ici Pays Basque irratiaren mikrofonoetan.
« Negu honetan euri franko egin du, eta horrek gure ur-geruza guziak berriz betetzea ahalbidetu du. Baina apirila aski idorra izan da. Azken egunetako eguraldiak erne egotera gomitatzen gaitu », azpimarratu du.
Oraingoz, ez da idorte alertarik ezarri. Hirigune Elkargoko zerbitzuek egoeraren eguneroko segimendua egiten dute, prezipitazioen kopurua eta biztanleen, industrialen nahiz laborarien kontsumoak ur-baliabidean duen presioa zainduz.
Inbertsio zehatzak hornidura segurtatzeko
2022ko idortearen ondotik, Euskal Hirigune Elkargoak bere Idorte Plana abiatu eta inbertsio handiak egin ditu ur-hornidura segurtatzeko.
« 2022ko idortetik geroztik, inbertsio anitz egin dira edateko uraren hornidura bermatzeko: gure erreserba gaitasunak handituz, baina baita ur-fabrika desberdinen arteko loturak eginez ere. Garrantzitsuena Errobiko eta Helbarrongo ur lantegien artekoa da; 14 kilometroko hoditeria batek aukera ematen digu instalazio desberdinak elkar laguntzeko », zehaztu du Eneko Aldana-Douatek.
Ur-biltegi berriak ere eraiki edo berritu dira biltegiratze ahalmena handitzeko, bereziki Donibane Lohizunen, Urruñan, baita Xiberoan eta Amikuzen ere.
Herritar bakoitzak lagun dezake ura zaintzen
Idorte planak emaitza onak eman ditu jadanik. Hiru urteren buruan, ur-kontsumoa %6 apaldu da lurraldean; hau da, Miarritzeko hiriaren urteko kontsumoaren parekoa.
Hala ere, ahaleginak egiten segitu behar da. Ipar Euskal Herrian, biztanle bakoitzak batez beste 180 litro ur kontsumitzen ditu egunero; Frantziako batezbestekoa, aldiz, 150 litrokoa da. Diferentzia horrek erakusten du bakoitzak ekarpena egin dezakeela ahalegin kolektiboan.
« Herritar bakoitzak egunero dutxako denbora minutu batez laburtzen badu, lurralde mailan %6ko ur-kontsumo murrizketa lor daiteke. Denek egunerokoan egin dezaketen keinua da », ondorioztatu du Eneko Aldana-Douatek.