Idortea Ipar Euskal Herrian: 30 herri edateko uraren "Alerta" egoeran, eta 128 "Zaintza" mailan

2026ko uztailaren 16ko agindu berri baten bidez, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak edateko uraren erabilera mugatzeko neurriak indartu ditu. Ipar Euskal Herrian, 30 herri "Alerta" mailan dira, eta 128 "Zaintza" mailan. Neurri hauek uztailaren 17ko ostiraleko 18:00etatik aitzina izango dira indarrean.

Eguneratzea:2026(e) ko uztailaren 17a

Idorteak bere horretan segitzen duelako eta udako ur-kontsumoa handitu delako, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak agindu berri bat eman du, Ipar Euskal Herri osoan edateko uraren erabilera aldi baterako arautzeko.

Edateko ura neurriz erabiltzeko deia

Edateko uraren lehentasunezko erabilerak (osasuna, osasun publikoa eta babes zibila) bermatzeko eta ur-eskasia saihesteko, funtsezkoak ez diren erabilerak mugatzeko neurriak ezarri dira "Alerta" mailan sailkatu diren 30 udalerritan:

Ainhoa, Amorotze-Zokotze, Arhantsusi, Armendaritze, Aiherra, Bithiriña, Behauze, Lekuine, Beskoitze, Bunuze, Hazparne, Hozta, Ibarrola, Izturitze, Jutsi, Bastida, Landibarre, Larzabale, Mehaine, Lekorne, Oragarre, Ostanko, Ortzaize, Izura, Donoztiri, Donaixti-Ibarre, Donamartiri, Senpere, Sara eta Ahurti.

Hazparnek eta Ortzaizek, uztailaren hasieratik "Alerta" mailan, egoera berean segitzen dute.
Ipar Euskal Herriko gainerako 128 herriak "Zaintza" mailan dira. Bertan ez da nahitaezko murrizketarik ezarri, baina herritarrei eta profesionalei ur-kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko deia egin zaie.

Zer murrizketa "Alerta" mailako herrietan?

Ureztaketa

  • Debekatua da baratzeak ureztatzea (laborantzakoak ez diren berotegiak barne) 08:00etatik 20:00etara.
  • Debekatua da belardiak, lore-sailak, aisialdirako lorategiak eta golf-zelai pribatuak ureztatzea 08:00etatik 20:00etara.
  • Kirol-zelaiak ezin dira ureztatu 08:00etatik 20:00etara; 20:00etatik 08:00etara ureztatzen ahal dira, baina gehienez astean bi aldiz.
  • Golf-zelaietan (pribatuak ez direnetan), ureztatzea debekatuta da, greenak eta irteera-guneak salbu; kasu horietan ere, asteko ur-kontsumoa gutxienez %60 murriztu beharko da.
  • Laborantzako ureztapenean, ura hartzea debekatuta da, baratzezaintza, lorezaintza eta tokiko ureztaketa (tantaka edo mikro ihinztadura bidezkoa) erabiltzen duten fruitu-arbolak salbu; kasu horietan 20:00etatik 08:00etara ureztatu ahal izango da.
  • Abereei edateko ura emateko ez da murrizketarik. 

Garbiketa

  • Profesionalek ibilgailuak eta itsas aisialdirako ibilgailuak garbitzea debekatua da, salbu presio handiko ekipamenduarekin, uraren gutxienez %70 birziklatzen duten sistemak, programa ekologikoko garbigailuak edo osasun-arrazoiek hala eskatzen dutenean.
  • Partikularrek etxean ibilgailuak edo itsas aisialdirako ibilgailuak garbitzea debekatua da.
  • Fatxadak, teilatuak, espaloiak, bideak eta zola iragazgaitzak garbitzea debekatua da, salbu eta osasun edo segurtasun-arrazoiak baldin badira edo lanak administrazio publiko batek edo enpresa batek egiten dituenean. 

Aisialdia

  • 1 m³ baino gehiagoko etxeko igerilekuak betetzea erabat debekatua da, ur-maila berrezartzeko izan ezik.
  • Jendearentzat ireki igerilekuak betetzea ere debekatua da, salbu eta Eskualdeko Osasun Agentziak onartutako osasun-arrazoiengatik.
  • Zirkuitu irekiko apaingarrietarako iturri publiko eta pribatuak martxan ematea debekatua da, teknikoki posible den guztietan.
  • Hondartzetako dutxak eta antzeko instalazioak erabiltzea erabat debekatua da.