Mugaz gaindiko lankidetza Memorandum berri baten izenpedura
2025eko azaroaren 4 honetan, Vitoria-Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Imanol Pradales Gil, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak, eta Jean-René Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, lankidetza instituzionaleko Memorandum berri bat izenpetu dute, Joseba Erremundeguy, Euskal Hirigune Elkargoko mugaz gaindiko, europar eta nazioarteko lankidetzarako aholkulari delegatua, eta Mikel Antón, Lehendakaritzako Europako Gaien Zuzendaria.
Eguneratzea:2025(e) ko azaroaren 4a
Astearte honetan izenpetutako lankidetza instituzionaleko Memorandum berriak urrats berri bat markatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren arteko harremanetan. 2019an izenpetutako lehen testuaren jarraipena da, historia, hizkuntza eta kultura komunetan oinarrituta. Testu hark lankidetza emankorraren oinarriak ezarri zituen eta hainbat proiektu estrategiko gauzatzeko aukera eman zuen, hala nola Hendaian garraio-modu anitzeko trukagune poloa edo Euskal Sagardoaren JIGa.
Europako testuinguru aldakorra gogoan, bi erakundeek ikuspegi komun bat eraikitzeko borondatea berretsi dute, erronka politiko, ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak elkarrekin gainditzeko. Bost urterako izenpetutako Memorandumak honako arlo nagusietan lankidetza indartua aurreikusten du:
- Euskararen sustapena, biziberritze-politika partekatuen bidez
- Kultura, bereziki museoak, dantza eta gazteen arteko trukeak
- Mugaz gaindiko mugikortasuna, joan-etorri arinago eta jasangarriagoak lortzeko
- Garapen ekonomikoa, enpresen arteko sareak sortuz
- Nekazaritza jasangarria, osagarritasunak sustatuz
- Turismo arduratsua, helmuga komun batekin: Euskal Herria
- Goi-mailako irakaskuntza, ikerketa eta berrikuntza eleanitzak
- Lurralde-antolaketa, etxebizitza eta lurzoruaren erabilera arduratsua
- Ingurumena eta bioaniztasuna, gobernantza partekatuarekin
- Euskal diaspora, euskal identitatea munduan zabaltzeko
- Migratzaileen koordinazioa, tokiko erakundeekin elkarlanean.
Bi erakundeetako ordezkariek osatutako jarraipen-batzorde batek Memorandumaren betearazpena bermatuko du, urteko bilerekin eta txosten txandakatuen bidez.
Lankidetza berritu honek erakusten du mugaz gaindiko etorkizua elkarrekin, modu jasangarri eta anbiziotsuan eraikitzeko borondatea, Euskal Herriko herritarren zerbitzura.
Mugaz gaindiko Koreografia Poloa sortzea
Imanol Pradalesek eta Jean-René Etchegarayk iragarri dute DOBLA proiektua POCTEFA mugaz gaindiko programa europarraren irabazleen artean dagoela. Aitorpen honek mugaz gaindiko dantza-sektorea egituratzeko lankidetza eredugarria nabarmentzen du, Mugaz Gaindiko Koreografia Polo bat sortuz. Proiektuak nazioartean erreferentziazko eragile baten esperientzia baliatzen du, Biarritzeko Malandain Balleta, dinamika hau bultzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Errenteriako Udalarekin eta Dantzaz-ekin (dantza-sektoreko eragilea) batera. Kulturaren arloan Memorandumaren espirituan kokatuta, DOBLAk kultur eragileen arteko sinergiak indartzea eta dantzaren esparruan euskal kultur sare komun bat eraikitzea du helburu. Horren bidez, sektoreko egituren eredu ekonomikoa sendotuko du, baliabideak partekatuko ditu eta euskal kultura mugaz bi aldeetan zabalduko du.