Artisau eta komertzioei sustengua: 2025-2027 Hurbileko Ekintza Kolektiboa urraspidearen abiatzea

Maiatzaren 16an, ostiralez, Sylvie Durruty, Euskal Elkargoan Ekonomia eta berrikuntzaren ardura duen Lehendakariordeak eta Andde Sainte-Mairie, Akitania-Berriako Eskualde kontseilariak elkarrekin zuzentzen duten gidaritza-batzordeak, 2025-2027 Hurbileko Ekintza Kolektiboa (HEK) urraspidea abian eman du.

Eguneratzea:2025ko maiatzaren 16a

Euskal Elkargoak eta Akitania-Berria Eskualdeak, 2025-2027 Hurbileko Ekintza Kolektiboa (HEK) programa abian eman dute hurbileko komertzio eta artisauak sustengatzeko. Hiru urtez, 100 enpresak segipen pertsonalizatua eta inbertsiorako diru-laguntza jasoko dituzte (10 000 euro artekoa), beren jarduera modernizatu, transmititu edo ekologikoago egiteko.

3 200 Enpresa Oso Txiki, 148 herritan 8 000 enplegu ordezkatzen dituztenak, aurkezten ahal dira. Programak ondokoa proposatzen du:

  • Enpresa bakoitzaren beharrak ebaluatzeko diagnostikoa
  • Gastuen %30 arte hartzen ahalko dituen diru-laguntza (1 500 eta 10 000 € arte zergaz kanpo)
  • Trantsizio ekologikoa eta ofizioaren balioestea laguntzeko ekintza kolektiboak

Informazio bilkurak iraganen dira Elkargoko etxeetan maiatzaren 19tik ekainaren 20ra lurralde guzian:

Maiatzaren 19an Bidaxuneko Elkargoaren etxean 19:00etan
Maiatzaren 21ean Itsasuko Elkargoaren etxean 18:30etan
Maiatzaren 26an Irisarriko Elkargoaren etxean 20:00etan
Ekainaren 16an Hazparneko Elkargoaren etxean 18:30etan
Ekainaren 16an Donibane Garaziko Elkargoaren etxean 20:30etan
Ekainaren 17an Mauleko Elkargoaren etxean 19:00etan
Ekainaren 18an Donapaleuko Elkargoaren etxean 21:30etan
Ekainaren 20an Urruñako Elkargoaren etxean 8:30etan

Informazio gehiago sarean: bit.ly/ACP_PaysBasque

Puntako artisautza sustengatua

Azkenik, segipen berezi bat pentsatua izan da “Ondare Biziaren Enpresa” labela eskuratu nahi duten arte artisauentzat. Frantzia mailako label honek, bost urtez balio du eta ofizio edo trebetasun berezi bati ezagupena emateko balio du. Ofizio horrek, kalitatezko artisau tradizio baten baitakoa, lurraldeari hertsiki lotua eta berrikuntzari idekia izan behar du. HEK programaren baitan, txostena gauzatzearen kostua Euskal Elkargoak bere gain hartuko du 20 enpresarentzat ondoko hiru urteetan. 

2025-2027 Hurbileko Ekintza Kolektiboa programaren aurrekontua:  
Zenbateko osoa zerga guziak barne: 908 340 €
Euskal Elkargoa: 454 524 €
Akitania-Berria Eskualdea: 407 436 €
Enpresa: 46 380 €


 

 

 

Pays Basque : soutien aux commerces et artisanat local