Tokikoa labelak tokiko ostalaritza eta zirkuitu laburrak dinamizatzen ditu

Ipar Euskal Herriko Turismo Bulegoak eta Euskal Hirigune Elkargoak eramanik, Tokikoa labelak kalitatezko desmartxetatik heldu diren tokiko produktuak erabiltzen dituzten ostalariak agerian ezartzen ditu. TVPIren Zaleak emankizunean aurkeztu da tresna.

Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 10a

Kalitatezko tokiko produktuak lantzen dituzten jatetxeak identifikatzeko eta agerian ezartzeko sortua, Tokikoa labelak gero eta sukaldari gehiago biltzen ditu lurralde osoan.

Baldintzen bilduma zehatza duen labela

“Kalitate handiko tokiko produktuak sustatzeko xedea genuen, Ipar Euskal Herrian anitz baitira, baita laborantza, turismo eta sukaldaritza adarren artean loturak sortzea ere”, esplikatu du Ipar Euskal Herriko Turismo Bulegoko Argitxu Ourthiague misio kargudunak.

Tokikoa markari kidetzeko, jatetxeek behar dute kartan gutienez jaki bat proposatu % 100ean kalitatezko desmartxetatik etorri tokiko produktuekin egina (JDB, Idoki, Laborantza Biologikoa, Herrikoa...).

2025ean, Ipar Euskal Herri osoan zehar, 38 jatetxe engaiatuak ziren desmartxan –etxalde-ostatuak, jatetxe tradizionalak edo gastronomikoak–.

Jatetxe engaiatuak

Iratiko etxoletan, Maritxu Astabiek osoki tokiko produktuekin egin platera proposatzea hautatu du. “Arbelean, jakiaren edukia eta desmartxa zehazten ditugu,” erran du. Irisarriko Artzain jatetxean, Henri Amestoyk azpimarratu du sasoiko lanaren eta ekoizleekiko harremanen inportantzia. “Bada produktua, eta bada ekoizlea. Hornitzen naizen lekuetara joatea funtsezkoa zait.”

Tokikoa labelak jatetxeak laguntzen ditu ere eta tokiko hornitzaileekin harremanetan jartzen.
 

Le label Tokikoa dynamise la restauration locale et les circuits courts