Natura 2000: kontzertazioa naturaren babesaren zerbitzura
2026(e) ko abuztuaren 7a
TXIK TXAK eskaintza auto gidarien artean hobeki ezagutaraztea da Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasunen Sindikatuak abiatu duen komunikazio kanpaina berriaren helburua. Kanpaina bide nagusietan eginiko afixaketa berezitu batean oinarritzen da eta gaurtik aitzina sare sozialetan zabaldua den bideo serie umoretsuan. Xavier Gaudel-Estève, TXIK TXAK-eko marketin arduradunak, eta Adèle Tousignant aktoreak ekoizpen honen gibelaldea azaltzen digute.
Eguneratzea:2026(e) ko ekainaren 19a
Irudi koloretsuak, eslogan sinple eta eraginkorrak… bide bazterretan ikusgai den TXIK TXAK kanpainak ez du inor hotz uzten. Eta hori da helburua!

Merkeagoak, estres gutiagokoak, lasterragoak
2025eko urtarrilaren lehenean sare berria abiarazi zenetik, « gaur egun badira ibilbide zenbaitetan autobusak, autobus handiak edo tram-busak 10, 15 edo 20 minuturo, azaldu du Xavier Gaudel-Estèvek, TXIK TXAK-eko marketin arduradunak Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasunen Sindikatuan. Baina hori oraindik ez da aski ezaguna, eta maiztasun berri horien berri eman behar dugu. » Automobilistak interpelatzeko, Bloom Stories agentziak —Sindikatuarekin batera kanpaina pentsatu duenak— bide nagusietatik abiatu da, kokapenaren araberako publizitate egokituekin. Sareko geltoki batzuk, autobusen gibelaldea eta txartel banagailuak ere kontuan hartu dizute. Batzuetan saturatuak diren ardatz estrategiko horietan, « eskaintza oso lehiakorra proposatzen dugu », azpimarratzen du Xavier Gaudel-Estèvek. Mezuak garraio publikoen abantailak trebeki azpimarratzen ditu: autoa baino askoz merkeagoak, sinpleagoak eta orain lasterragoak; estres gutiago sortzen dute eta denbora gehiago uzten dute norberarentzat. « Baina ez dugu automobilista errudun sentiarazi nahi. Tonu arin eta baikorra hautatu dugu gure autobusetara igotzeko gogoa pizteko. »
Romuald gidari gaztea da. Tram-busa jadanik saiatua du, baina ez zuen sekula entzun enplegatzailearen parte-hartzearen berri. Afixetan behin eta berriz ageri den hilabeteko 15,5 euroko eskaintzak erakar lezake « batez ere udan, hondartzez gozatzeko aparkatu beharrik gabe ». Franckentzat, berriz, 40 urtekoa, pausoa egitea zailagoa da. Sarri mugitzen da lanagatik eta ez du gustuko garraioetan geldi egotea. Hala ere, noizean behin T1 hartzen du gauez ateratzen denean, eta zinezko aitzin pauso bat dela ikusten du. « Nire haurtzaroan lotura anitz behar ziren, ibilbideak luze eta korapilatsuak ziren, orain gauzak anitz aldatu dira », onartzen du.

TXIK eta TXAK, sareetako heroiak
Bidaiaren esperientzia biziaraztea jarrerak aldatzeko, horixe da dispositibo digitalaren xedea, afixaketa kanpainarekin elkarloturik pentsatua. Smog Films estudioak egina, lau ataleko web-saioak tonu bereko umore arin eta desbideratua darabil. « Kontzeptu original bat asmatu dugu bi pertsonaia berezirekin: TXIK eta TXAK, azaldu du Xavier Gaudel-Estèvek. Bat oso baikorra da, guztiz konbentzitua; bestea pausatuagoa eta arrazionalagoa. » Bakoitza bere maneran saiatuko da garraio publikoen inguruko aurreiritziak hausten, auto gidariak TXIK TXAK sareko ibilbide berezi bat saiatzera bultzatuz. « Ohiko aurreiritzietatik abiatu gara: badira motel dela uste dutenak, beti itxoin behar dela erraten dutenak, edo sekula aurrezpenen kalkulua egin ez dutenak. »
TXIKen rola jokatzen duen Adèle Tousignant aktoreak aitortzen du ez duela bere izaera bortxatu behar izan pertsonaia antzezteko. « Lagun batek erran zidan: egin behar zenuke, zu zarela iduri du», dio irriz. « Esperientzia oso profesional eta dibertigarriaz » harago, filmaketak oihartzun berezia izan du aktore gaztearentzat, haur baten ama baita. « Garrantzitsua iruditzen zait gure planetaren geroarentzat jendea mugikortasun garbiago baterantz bultzatzea. Saiatu ondoan, ohartzen gara ez dela batere pentsatzen dugun bezain konplexua. »
2025eko urtarrilaren 6an, eraldaketa handia izan da TXIK TXAK sarean. Eskaintza batez beste %30ez emendatu da, %70ez itsasbazter gibelaldean eta %100 arte barnekaldean. Linea nagusietan maiztasunak emendatu dira, zerbitzuaren erritmoa eta kalitatea anitz hobetuz. Zerbitzurik ez zuten eremuetan, erreserba bidez eskuragarri den eskaera bidezko garraio‑zerbitzua ezarri da. Euskal Hirigunea Frantziar estatuan tamaina honetako lehen lurraldea bihurtzen da «zona zuririk gabeko» garraio publikoaren helburua lortzen duena. Tarifikazio bakarra, txartel‑sistema bateratua eta TXIK TXAK aplikazioa martxan jarri ondotik, Mugikortasunen Sindikatuak beste urrats bat egin du, eskaintza trinkoagoa, ulergarriagoa eta eskuragarriagoa proposatuz. Helburua argia da: hamar urtez, eguneroko joan‑etorrietan garraio publikoaren erabilera %4tik %11ra igotzea.
2026(e) ko abuztuaren 7a
2026(e) ko uztailaren 28a