Hiru emaztek euskal musika tresna tradizionalak beste era batez entzunarazten dizkigute
2026(e) ko otsailaren 2a
Barne aztertze eleberri laburrak, thriller psikologikoak, haurrendako ipuin interaktiboa... Baionako Elkar liburu saltegiko Peio Duhaltek izai azpian kokatzeko euskarazko hiru altxor hautatu ditu. Urte bukaerako besten harira, euskararen edertasuna eskaintzeko aukera ezin hobea!
Eguneratzea:2025(e) ko abenduaren 18a

Jone Bordatoren Erroen izerdia (Elkar, 2025)
Liburu horrek euskarazko hiru eleberri labur biltzen ditu: bikotearenganik bereizi ondotik galdurik dabilen emazte baten ibilbidea, ezerezetik atera nahi duelarik bere zauri sakonak orbaintzeko; bi ibilketa-lagun, bata euskalduna bestea espainola, nortasun kolektiboari buruz mintzo dira Pirinioen erdian, adiskidetasunaren funtsari buruzko hausnarketa piztuz beren baitan; kukuturiko familia-sekretu baten gordetzaileak diren bi ahizpa elkarretaratzen dira elkar ikusi gabe zenbait hamarkada iragan ondotik, luzaz lokarturik egon ziren barne-barneko zirrarak harrotuz.
22 euro
Jone Bordato 1984an sortu zen Hazparnen eta bertan bizi da oraindik. Filosofia ikasi zuen Sorbonako unibertsitatean eta Txinako terapia tradizionalak Bordelen. AEKn irakasle ere izan da.

Laura Mintegiren Akabo (Txalaparta argitaletxea)
Bi urteko harremanaren ondotik, Sheenak Manu hil du eta izozkailuan sartu. Hara nola hasten den Laura Mintegiren eleberri berria, azken liburua duela kasik bi hamarkada plazaratu ondotik. Bikote baten harremanaren bilakaera ardatz, pertsonaiak, bata hizkuntzalaria eta bestea informatika-ingeniaria, maitasunaz, nortasunez eta traidorekeriaz mintzo dira. Oxford, Bartzelona eta Euskal Herriko bideetan gaindi eramaten gaituzte, hizkuntza unibertsala baten ametsa gauzatzeko ezintasuna salatuz. Beren botere harremanak hizkuntzen arteko aldea bezain nabarmengarri bihurtzen dira, ulertezintasunez eta asimetriaz josirik.
18,50 euro
Laura Mintegi Lakarra euskal idazlea da. 1955ean sortu zen Lizarran, Nafarroan. Euskarazko eleberriak, eleberri laburrak eta saiakerak idatzi ditu. Euskal Herriko Unibertsitatean didaktika eta literatura irakasten ditu. Kultura- eta politika-bizitzaren eragile ospetsua da eta literatura sari bat baino gehiago irabazi ditu.

Eta haurrentzat
Maialen Alfaro eta Mayana Itoïzen Goazen Oihanera (Elkar argitaletxea)
Goazen oihanera sofrologia eta ipuina nahasten dituen ohiz kanpoko obra da, haurrendako liburu interaktiboa. Oihaneko abenturak haurra bere gorputzari berriz lotzen, indarberritzen eta gogoa biltzen lagunduko du. Istorio horri esker, barneko bidaia lasaia eta aberasgarria biziko du.
13,50 euro
Seaska ikastoletan kirol irakasle izan ondotik, Maialen Alfarok bere esperientzia eta sormena arteak, hitzak eta musika nahasten dituen proiektuen zerbitzuko ezartzen ditu gaur egun. Ikuskizunetako intermitente eta sofrologo izanik, ttipien irudimena pizten duen mundu hunkigarria partekatzen du.
Mayana Itoïz 1978an sortu zen Baionan. Arte Ederrak ikasi zituen Okzitaniako Tolosan. Irakaskuntzan aritu da irudigile izatearekin batera. Liburuak, dokumentalak, irudi-gutunak, eskolako euskarriak eta komikiak irudiztatzen ditu.
Liburu horiek Baionako Elkar liburu saltegian aurki daitezke edo argitaletxearen webgunean: https://elkarbaiona.eus/livre/25939710-akabo-laura-mintegi-txalaparta
2026(e) ko otsailaren 2a
2026(e) ko urtarrilaren 30a
2026(e) ko urtarrilaren 27a