KOALIZIOA, Artea, ekologia eta lurraldeak, ekologiaren aldeko oldar erakusketa
2026(e) ko abuztuaren 11a
Nola aipatu ikusten ez den kutsatzaile bat? Hori da Water Family elkarteak Euskal Hirigune Elkargoarekin lankidetzan asmatu duen erakusmahai berriaren erronka. Beti jokoaren bitartez, elkarteak uretan diren kutsatzaile kimikoen arriskuei buruz publikoa sentsibilizatu nahi du eta hautabide ekologikoak sostengatu. Joan den ostegunean, Bidarteko ikasleek esperientzia probatu dute, erakusmahaiaren bira abiatu aitzin euskal itsasbazterrean gaindi.
Eguneratzea:2026(e) ko uztailaren 13a
Etsai ikusezina da. Mikro kutsatzaileak ekai kimikoak dira - sendagailu hondarrak, pestizidak, kosmetikoak - begi hutsez detektaezinak, uraren kolorea eta usaina aldatzen ez dituztenak. “Hori da mikro kutsatzaileen arazo nagusia, dio Marion Thenet Water Family elkarteko lehendakarikideak. Ura garden-gardena izan daiteke, baita kutsatua ere.”
Tresna pedagogiko berri bat
Gaur egun, 100 000 ekai kimiko baino gehiago zerrendatuak dira. Sendagailu hondarrak, kosmetikoak, garbigarriak, pestizidak, disolbatzaileak... eguneroko jardueretatik jalgiriko hainbat molekula, erreketan, lurpeko ur geruzetan edo itsasoan isurtzen direnak. Behin ingurumenean hedaturik, lurrean metatzen dira, eta jalkinek gure osasuna eta itsasoko ekosistemen egoera kalte ditzakete. “Baina publikoak biziki guti daki horri buruz eta ez da bere kontsumitzeko ohituren eraginaz ohartzen” deitoratzen du Marion Thenetek. Jendeari jakinarazteko eta ohartarazteko, elkarteak gaiari eskainiriko argibide erakusmahai bat asmatu du, Euskal Hirigune Elkargoarekin lankidetzan. Joan den ostegun arratsaldean, Uhabiko hondartzan, Water Family elkarteko kideek beren sorkuntza probatu dute lehen aldikotz. Oihal-etxe koloretsu handiaren inguruan, Bidarteko ikastetxe publikoko eta ikastolako LM5eko ikastaldeak esperimentatzaile bihurtu dira. Aldi honetan, talde bakoitzari zuzenduriko 20 minutuko formatua laburtua izan da. Baina filosofia beti bera da: ikasi libertituz.

Ekologia sustatu dirua baztertuz
Rol jokoen, kirol-desafioen edota joko-lehiaketen bidez, haurrek etiketak aztertzen dituzte, saihestu beharreko produktu kaltegarriak edo lehenetsi beharrekoak aurkitzen dituzte. Animatzaileak ere uste komunen aurka borrokatzen saiatzen dira: ez, haguna ateratzen duen ile xaboiak ez du hobeki garbitzen, alderantziz, gehiago kutsatzen du. Bai, usainik ez duen bokata garbigarriak ere jantziak ongi garbitzen ditu eta ekai kimikorik isuri gabe. “Araztegiek ez dutela dena tratatzen azaldu behar da”. Kutsadura kentzeko metodoak hobetuz badoaz ere, “ezin dira ekai kimiko guzi-guziak kendu. Urtero milaka sortuak dira, lan bukaezina da!”, dio Marion Thenetek. Ekologista sutsu horrek prebentzioari kutsatzaile horien aurka borrokatzeko bide bakarra dela deritzo. “Gure ohiturak aise alda ditzakegu, sorburuan arituz eta kutsatzaile kimiko anitzen erabilera saihestuz. Dirua baztertzeko bidea ere izan daiteke, nork bere garbigarriak eginez, adibidez”, azpimarratzen du.
Ingurumena zaindu
11 urteko Adèlek irakaspena ongi barneratu du. Ecolabel EU, Ecocert, Nature et progrès, Agriculture biologique eta abar bezalako kalitatezko labela duten produktuak erosi... edo, are hobeki, norberak egin osagai naturalekin. “Nire ile xaboi likidoa xaboi gogor natural batez ordezkatu nahi nuke”, salatzen du neskatxak. Familiak urratsa ematera akuilatzeko, Water Family elkarteak liburuxka pedagogiko bat ematen die gazteei, engaiamendu andana batekin. Ikastolako irakaslea den Xabi Etcheverryk ekimena bereziki eskertzen du. “Garrantzitsua da haurrak bizi diren ingurumenaz ohar daitezen eta nola zaindu jakin dezaten”. Esperientzian berriz parte hartuko du datorren urtean, irakasleek hautaturiko “itsasbazterreko herri baten bizitza” hari pedagogiko nagusia irudikatzeko, baina “ikasgelan baino modu zehatzago eta jostagarriagoan.”
Elkartearen webgunean emango da animazio hitzorduen berri.
Osasun publikoko eta helburu ekologikoko erronka da. Kutsatzaile kimikoei buruzko arauak oraindik mugatuak direlarik, badu zenbait urte Euskal Hirigune Elkargoak gaiari buruzko ikerketa politika ausarta daramala, besteak beste Europako Micropolit proiektuaren bitartez. Uretan diren ekai kimikoak hautemateko, gizakiaren eta naturaguneen gaineko eragina neurtzeko, araztegietan hobeki kentzeko, eta botakinak aitzinetik murriztera akuilatzeko aterabide berriak probatzen ditu programak, publiko zabala, laborariak eta industrialariak bertutezko ohituretara sentsibilizatuz.
2026(e) ko abuztuaren 11a
2026(e) ko abuztuaren 7a
2026(e) ko abuztuaren 5a