Ikuskizun ameslaria Izura, Bokale eta Angeluko oihanetan

Petit quelqu’un ikuskizunak oihanak izango ditu eszenatoki: Oztibarrekoa Izura-Azmen apirilaren 19an, Guilhou Bokalen 25ean eta Xiberta Angelun 26an. Naturarekin eta animaliekin bat egin, eta bizi denarekiko loturaz hausnartzeko parada izanen da. Familian bizitzeko moduko esperientzia originala.

Eguneratzea:2026(e) ko apirilaren 15a

Apirilaren 19an, Izura-Azmeko Oztibarre oihanak hartuko du Petit quelqu’un ikuskizuna, Hego Akitaniako Eszena Nazionalak programatua. Le Syndicat d’initiative konpainiak taularatua da, Catherine Monin idazlearen Polywere obraren moldaketatik abiatuz. Egileak berak berridatzi du testua gazteei egokitzeko. Oihanean antzezten den ikuskizun hau sorkuntza-egonaldi baten emaitza da, Euskal Hirigune Elkargoarekin elkarlanean burutu dena.

Apirilaren 19tik aitzina Izurako oihanean, eta handik egun gutxira Bokale eta Angelun, haur berezi baten unibertsora eramango ditu haur eta gurasoak ikusgarriak. Tom izeneko haurrak mugarik gabeko enpatia sentitzen du animaliekiko. Egun batez, orein baten heriotzak hunkiturik, gizatasunetik urruntzen hasten da, animaltasunerantz joateko. Medikuen aburuz, tratamendua behar du. Hipersentikorra den haurrak ihes egin eta oihanean hartzen du babes, mundu basatian bere tokia aurkitu nahirik. Naturan bizitako parentesia horrek landareekin eta animaleekin harreman berri bat asmatzera bultzatzen du; denboraren eta espazioaren beste pertzepzio batera eramaten du. Bitartean, gurasoak eta zaintzaileak haren bila abiatzen dira.

Natura eta animaltasunarekiko loturaz hausnartzea

Antzerki garaikideko konpainiako hiru aktorek pertsonaiak txandaka gorpuzten dituzte. Kolore gorri bizidun jantziak soinean eta maskarak, egurra zein panpinak baliatuz, haurrei hitz egingo dien unibertso kimera moduko bat sortzen dute.

«Guretzat garrantzitsuena da gazteek beste izaki bizidunek duten tokiaz hausnartzea, bai eta arau sozialez eta bestelako aginpidez zein gizakia pixkanaka animalien eta mundu basatiarekin harremanak moztera eraman duten arrazoiez», azaldu du Carlos Martins-ek, konpainiako aktore eta zuzendarikideak. Testu sentiberak inguratzen gaituen munduarekiko beste harreman mota bat asmatzera deitzen du.

Julien Duvalek izenpetu eszenaratze xumeak, dekorazio natural batean oinarrituz, harreman zuzena sortzen du ikusleekin. Soinua da ekarritako elementu tekniko bakarra. «Ikuskizuna haurrei bezainbeste gustatuko zaie gurasoei ere; horiek, ziurrenik, beste irakurketa bat izango dute», dio aktoreak.

Kontzeptua Izura-Azmeko oihanean berean frogatu zen, sorkuntza-egonaldiaren amaierako aurkezpen batean. Ikuskizuna tarteko, Larzabaleko eta Mendibeko hezkuntza artistikoko ikasleek sormen tailerretan parte hartzeko aukera izan dute, hala naturarekiko eta animaltasunarekiko loturaz hausnartuz.

Praktikoa

50 minutuko antzerki-ikuskizun hau, 8 urtetik gorako haurrentzat, honako egun eta tokietan ikusi ahal izango da:

  • Apirilaren 19an, Izura-Azmeko Oztibarreko oihanean, 11:00etan eta 17:00etan
  • Apirilaren 25ean, Bokaleko Guilhou basoan, 17:00etan
  • Apirilaren 26an, Angeluko Pignada oihanean, 11:00etan eta 17:00etan

Prezioak, GPS bidezko kokapen zehatza eta erreserbei buruzko informazioa hemen: https://www.scenenationale.fr/spectacle/petit-quelquun-julien-duval 

Ba al zenekien? Ikuskizuna Hego Akitaniako Eszena Nazionalak eta Akitania Berriko Eskualdeko Bulego Artistikoak (OARA) Euskal Hirigune Elkargoarekin elkarlanean ekoitzi dute. 

Orain