2,5 km-ko txirrindula ibilbide bat sortuko da laster BAB-ko hiribidean

Bi fasetan egingo dira lanak BAB hiribidean, martxoaren 30etik aitzina eta 2027ko otsailera arte, txirrindulariei zirkulatzeko gune lasaiago eta seguruago bat eskaintzeko.

Eguneratzea:2026(e) ko martxoaren 23a

Egiazko eraldaketa bizitzekoa da BAB hiribidea! 2027aren hasieran, Euskal Kostako ardatz nagusi honek —orain arte txirrindularientzat debekatua zena— aldaketa sakona izango du, bizikletei leku handiagoa emateko eta zirkulazio-espazioa lasaiago bihurtzeko.

2,5 km-ko txirrindula bide bat

Egitasmoaren helburua 2,5 kilometroko txirrindula ibilbidea sortzea da, Larochefoucauld auzotik Butte aux Cailles biribilguneraino. Lan horiei esker idekiko da, BAB hiribidearen lehen zatia txirrindularientzat, eta egungo ibilbide sareari lotuko zaio bi muturretan, Biarritz, Angelu eta Baionaruntz.

Erabat segurtatua izango da ibilbidea, autoen zirkulaziotik bereizitako bide batean, eta bizikletek bi zentzuetan erabili ahal izango dute. Autoentzako bidearen eskuinaldean kokatuko da, Biarritz-Baiona norabidean. Horri esker, inguruko bizilagunek eta erabiltzaileek bizikletaz joan ahal izango dute hurbileko merkataritza-gune eta zerbitzu nagusietara. 
Gainera, bidegurutze berriak egokituko dira hiribidean abiadura murrizteko eta azantza zein kutsadura gutxitzeko, esposizio handia duen eremu honetan.

Oinezkoentzat eta txirrindularientzat hainbat pasabide ere sortuko dira, hiribidearen bi aldeak hobeto lotzeko.
Proiektuak, halaber, oinezkoentzako ibilbide bat sortzea aurreikusten du Marie Blanque karrikatik eta Pontrits karrikatik 5 Cantons bidegurutzeraino, inguruko etxebizitzetara sarbide zuzenagoa eskaintzeko. Beste ibilbide bat ere egingo da Bahinos biribilgunearen inguruan.

Zirkulazio egokitua lanek irauten duten bitartean

Lanak martxoaren 30ean hasiko dira eta 2026ko abuztuaren bukaerara arte iraungo dute. Ondotik, azaroan berriz hasiko dira eta 2027ko otsailean bukatuko dira. Epe horietan, Biarritz-Baiona norabideko bi erreiak aldi baterako errei bakarrera murriztuko dira, zati batzuetan. Seinaleztapen indartua emanen da lanen inguruan eta obran bertan, erabiltzaileak ohartarazi eta gidatzeko. Egoitzetako sarrera-ateratzeak eta dendetarako sarbideak beti mantenduko dira.

Mediatzaile bat lekuan berean

Mediatzaile bat egongo da lekuan berean galderak erantzuteko eta oharrak jasotzeko. 06 15 82 89 51 telefono zenbakira deitzen ahalko da astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 17:00etara.

2,34 milioi euroko aurrekontua duen proiektua Euskal Hirigune Elkargoak finantzatzen du (bidearen kudeatzailea), Estatua (France Relance laguntza funtsaren bidez) eta Angeluko Herriko Etxearekin batera. Europako FEDER funtsak ere mobilizatu dira.
Ekimen berri honekin, lurralde osoan txirrindula sare trinkoago eta koherenteago baten garapena segitzen da, autoaren alternatibak sustatzeko.

Proiektua zenbakitan

  • 2,3 milioi euro inbertituko dira tamaina handiko ekimen honetan, mugikortasun jasangarriak garatzeko eta airearen kalitatea hobetzeko.
  • 2,5 kilometroko txirrindula ibilbidea egingo da bizikletazko joan-etorriak errazteko eta seguruago egiteko.
  • %70. Gutienez 3,50 metroko zabalera izango duen ibilbide zatia, txirrindularientzat espazio erosoa eskaintzeko.
  • Hamar bat enpresa mobilizatuko dira obra gauzatzeko; gehienak tokian bertan ezarritako enpresa tipi eta ertainak izango dira. Lurraldean berrogeita hamar lanpostuko pisua dute.