Topaketa berezi bat Ipar Euskal Herriko gazteen eta industrialarien artean

Hazparneko San Josepe lizeoan antolaturiko “Euskal industria: belaunaldi berria” deituriko mintzaldian kolegioko eta lizeoko ikasleek industria munduarekiko dituzten igurikatzeak aipatu zituzten. Hamabost bat enpresetako eragileek industria arloko lanbideen modernotasuna aipatu zuten, eta baita emazteen tokia ere.

Eguneratzea:2025(e) ko abenduaren 8a

Elliott (16 urte) Hazparneko San Josepe lizeoan azaroaren 13an antolatua zen euskal industriari buruzko goizean bere kideen erreferente izateko hautatua zen. Horrelako hitzorduak begi onez ikusten ditu “harreman zuzenak egiten baitira”. “3Daren zalea naiz. Hemen, nire galderak erantzuten dituzte eta enpresekin elkar ulertzen dugu”, aipatu du “bizia 3Dan ikusten duela eta eskala horretan pentsatzen duela” dioen gazteak.
San Josepeko lizeoko 3D modelizazioa eta prototipatzea formakuntzako lehen urtean den angeluar gaztea kontent da gertakari horretan Almeth eta CDFI3D bezalako enpresak topaturik, azken horrek 3D inprimagailu industrialak ekoizten dituelako eta ikastaro bat egin zuelako bertan.
Hazparneko lizeoko Carole Yvon zuzendariarentzat Elliotten ibilbideak etorkizuneko sail horietan loratzen diren gazte anitzena islatzen du. 

“Lizeoan, lanbide horien aktualitatea segitzen dugu; gure irakasleak enpresa espezializatuetatik heldu dira. Horrela, gazteei beren sarea irekitzen diete.” Saretzea da Euskal Hirigune Elkargoak eta Pays Basque Industries elkarteak antolatu  egun horren puntu azkarretarik bat.

Lanbide erakargarrien modernotasuna

Elliotten kasuan bezala, lizeoko sail teknologiko eta profesionaletako eta Hazparneko Ursuya eta Elhuyar kolegioetako  4. eta 3.eko ehun bat gaztek parte hartu zuten “Euskal industria: belaunaldi berria” hitzaldian, goiz hastapenean. Eta hori modu berezi batean iragan zen. Kolegio eta lizeotarrek beren iritziak eta igurikatzeak aipatu zituzten. Mateo, Yon, Oihan, Gexan, Timeo, Sarah, Camille, Théo… dira eta 14 eta 17 urte artean dituzte. Industrian, interesa dute “aeronautikan eta bere tokiko ordezkariengan, agroelikadura edo farmazia industrietan”, kontatu digu Jonek.
Bertan ziren enpresen aldetik (1) – Akira, Safran, Epidaure64, Zanzibar, Artzainak taldea… -, teknikariek, ingeniariek, kudeatzaileek beren ibilbidea eta pasioa azaldu zituzten.

Denak ados ziren: “industria, askotariko lanbide modernizatuek osatzen dute”. Safran eta Lauak enpresen kasua da.  “Denak ongi etorriak dira eta gazteak formatzen ditugu”, azaldu du Damien Bonnetek. Industria goi-mailako artisautza ere bada, Tolomei enpresak erakusten duenez. Beskoitzen ekoizten dituzten zakuak Fashion Week-ean atzeman daitezke.
Gaur egun, teknologia berriak lantegien parte dira. Sarah lizeotarraren iritziz: “Lanbide horiek berrikuntzari, teknologiari, energiari lotuak dira. Etorkizuneko sektore horrek lan aukera anitz eskaintzen ditu.” Eta langileak xerkatzen ditu, Euskal Herrian adibidez.

Geroz eta emazte gehiago

Emazteen tokiaren garapena ere aipatu da. Elliottek begi onez ikusten du aitzinamendu hori. “Bidezkoa” da beretzat. Epidaure64 bilakaera horren eredu da, bere atelierretan langileen % 90 emazteak baitira. “Kargen garraioa murriztu da, karreatzeko laguntzak garatu dira”, aipatu du Nicolas Besozzik.
Aurélia Lequetek, 28 urte, baieztatu du. Sokoan edo SVTC-n, lanpostuak egokitu dira robotak sarraraziz. PureNateko Manon Vaillantek “emazteek duten geroz eta toki handiagoa aipatu du, ingeniaritza lanetan bereziki”.

Helburua: tech arloan emazteen tokia balioztatzea

UIMMeko eta “Elles bougent” elkarteko ordezkariek lanbide zientifiko eta teknikoak sustatu zituzten, bereziki neska gazteei zuzenduz. “Zentzua duten etorkizuneko lanbide horietan mentura daitezen”. Manon Vaillantek gehitu zuen: “PureNat-en, gure berrikuntza aireko kutsadura deuseztatzea da. Berrikuntza industrialean sartu naiz mundu hobe baten alde lan egiteko, zuek, belaunaldi berriek eta biharko zuen haurrek hobeki bizitzeko eta arnasteko parada ukan dezazuen.” 

(1) Epidaure64, Safran, Labeyrie fine food, Artzainak, Lauak group, Akira Technologie, Eragin Fabrika, PureNat, Somocap, CDFI 3D, Almeth, SVMS, Celsa, Zanzibar, Haizegoa, Bastidarra eta Technoflex 

Ba al zenekien? Mintzaldia ikusgai da Euskal Hirigune Elkargoaren Youtube kanalean : https://www.youtube.com/live/Wq4YpWv_tSo?si=-80IkVgVg-QZTgyO