Idortea : ikerketa batek mugaz gaindiko hiru interkonexio aurreikusten ditu
2026(e) ko urriaren 8a
Udan, egunero, Arnaud Clavier eta haren eskifaia itsasora ateratzen dira ur gainean dauden hondakinen biltzera, horiek gure kostaldeko hondartzetara heldu gabe. Kapitain gazte eta errabiatu horrek duela 15 urte baino gehiagotik egiten duen xinaurri-lana, lehenago bere aitak bezala. Itsas Belarra itsasontzira gonbidatu gaitu arrantzaldi berezi baterako.
Eguneratzea:2026(e) ko irailaren 21a
Astelehena da, 6:30. Donibane Lohizuneko portua giro lasaian murgildua da, kasik geldirik dago. Baina kaian, Arnaud Clavier eta haren bi marinelak lanean hasteko prest daude. Hilabete bat baino gehiagoko lanaren ondotik, azkenean beren karga deskargatzen dute. Arta handirekin husten dituzten alimaleko plastikozko poltsetan, ez dago arrainik, baina mota orotako hondakin meta bat.

Mirakuluzko arrantza
Uda guziez, Itsas Belarra itsasontziarekin, kapitaina euskal kostaldean gaindi iragaten da, ur gainean dauden hondakinak biltzeko, gure hondartzetara heldu ez daitezen. Lehenago haren aitak egiten zuen jarduera hori, eta Clavier 2011n hasi zen horretan. Azken bilketaz bete hondakin-ontziaren aitzinean, honela deskribatu du: “Denetarik atzematen da! Begira, hemen telebista bat bada. Baina hondakinen % 80a plastikoa da; egurra edo arrantza-tresna anitz ere bada.” Euskal Hirigune Elkargoa eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua biltzen dituen Kosta Garbia Sindikatu Mistoak eskifaiari gastuak ordaintzen dizkio ateraldi bakoitzean. “Maiatzaren 1etik irailaren 30era, itsasoan gaude egunero, 6:30etik 13:00etara, biziki eguraldi txarra ez baldin bada, baina ez da usu gertatzen sasoi horretan”. Karga deskargatu bezain laster, hiru gizonak berriz partitzen dira beste arrantzaldi baterako.
Bezperako haize ukaldiak ura lausotu du. Gaurko bilketa txarra izanen da hain segur. “Errazago da itsasoa bare dagoenean, hondakinak metatzen diren korronte-lerroak ongi ikusten baitira”, esplikatu du marinel gazteak. Bretainiako alga-itsasontziko lemazainak erabaki du Hendaiara buruz jotzea. Bere joan-etorri guziak artoski erregistratuak dira. Bere kontrol-taulan eriez joz, urte horietan guzietan erregistratu ehunka ibilbideak erakutsi dizkigu. Kartografia baliotsua da eta bereziki, bainatzeko uren kalitatea aurreikusteko erabiltzen da. Denbora batez, mikroplastikoen ikerketa programa batean ere parte hartu zuen Azti bere homologo donostiarrarekin.

Gainbehera doan jarduera
Badu urteak itsasbazterra kurritzen duela, eta Arnaud Clavierrek buruz ezagutzen ditu ekai kutsagarriak sartzen diren ziloak eta azalera itzultzen dituzten itsas korronteak. Begi zorrotza ere du uhinen urdinean galdu hondakin ttipiak hamarnaka metrora ikusteko. “Hondakin geldo guziak biltzen ditugu, ez hondakin biologikoak” (hau da, algak, hostoak edo baita animalia hilak ere). Bere itsasontziarekin, arroketatik biziki hurbildu daiteke, 1,5 metroko sakoneraraino. “Zailena ez da harrapatzea, aurkitzea baizik!”, dio irriñoa ezpainetan.
Batzuetan, Sokoako semaforoak edo beste arrantzale batzuek laguntzen dute lurretik, hondakin-sarda bat gurutzatzen dutenean irratiz abisatzen baitute. Clavier bera zaindari gisa ari da. Joan den astean, uzkaili zen arraste-ontzi baten hondarrak bildu zituen. Abisua ere ematen du garbitzeko baimenik ez duen fuel-olio geruzak ikusten dituenean. Baina urteetan zehar, ontziratzen duen hondakin kopurua ttipitu da. “Lehen, 27 tona arte bildu genezakeen; gaur egun kasik bi heren gutiago (12 tona 2026an)”, erran du enpresaburuak. “Euri gutiago egiten du, eta horrek kutsadura gutiago eramaten du lurretik itsasora, eta korronteen eragina ere bada, baina jendeek lehen baino kasu gehiago egiten ere dute botatzen dutenari, eta bilketa zerbitzuak ere eraginkorragoak dira”.

Ozeanoa maite duen marinel horrentzat, praktika aldaketa hori seinale positiboa da, bistan da, nahiz eta beldur den noizbait bere ogibidea desagertzea. Portuko beste arrantzale anitz bezala, bere enpresa ttipiaren finantza-oreka ezegonkorra da. Hondakinen bilketaren irabaziak bere urteko negozio zenbatekoaren erdia baino gehiago dira. “Lehen, lau ginen, orain hiru. Gasolioa ere gero eta kariagoa da.” Gainerateko urte denboran, algak biltzen ditu eta industria-enpresa handi bati saltzen dizkio, “baina baliabide hori ere ttipitzen ari da”, dio, ezintasunez.
Etorkizunari ez pentsatzea nahiago du. Euskal itsasbazterraren ardura duen artean, beste deus baino gehiago maite dituen ur horiek zaintzen segituko du. “Hori baizik ez dut ezagutu, horrek egiten nau zoriontsu, ez dut ene burua beste zerbait egiten ikusten.”
2026(e) ko urriaren 8a
2026(e) ko urriaren 8a
2026(e) ko urriaren 7a