Bortizkeriaren biktima naiz, laguntza behar dut

Bortizkeriaren biktima baldin bazara eta zure inguruan laguntza bilatzen baldin baduzu, orrialde honetan baliabide praktikoak eta kontaktu baliagarriak atzemanen dituzu.

Eguneratzea:2026(e) ko martxoaren 10a

Bortizkeria motak

Bikoteen baitan, bortizkeria mota anitz daude, eta aldi berean bat baino gehiago gerta daiteke.

  • Bortizkeria psikologikoak: larderia, umiliazioa, gutiespena, xantaia afektiboa, kulpabilizazioa, ezaxolatasuna, lagunak edo familia ikusteko debekua…
  • Hitzezko bortizkeria: irainak, mehatxuak, oihuak…
  • Bortizkeria fisikoa: zure kontra (bulkadak, objektuekin ala gabe jotzea, itotzea, ausikitzea, erretzea, bahitzea, etab.), zure haurren kontra, etxeko animalien kontra, objektu batzuen kontra (pareta edo altzariak jotzea, objektu pertsonalak haustea).
  • Sexu bortizkeria: sexu erasoak, bortxaketa.
  • Bortizkeria ekonomikoa: gastuak eta ordaintzeko moldeak kontrolatzea, lan egitea debekatzea.
  • Administrazio bortizkeria: nortasun edo osasun agiriak, familia-liburuxka, gida baimena etab. bahitzea.
  • Ziber-bortizkeria: ziber-kontrola, ziber-jazarpena, ziber-zaintza.

Familia eta bikotea gune babesletzat jotzen dira; alta, horietan da bortizkeria gehien gertatzen. Nornahik jasan dezake, biziko memento batean. 

Bortizkeriaren biktima ote naiz?

Bortizkeriametroa

Tresna honek lagun zaitzake bortizkeriaren biktima zaren jakiten. 

Laguntza behar dut

Biktimak laguntzeko telefono-zerbitzuak.

Larrialdietarako laguntza

17: Polizia edo jendarmeria  
18: Suhiltzaileak  
15: SAMU 
114: Biktima edo lekuko diren entzumen urriko pertsonendako eta gorrendako larrialdetarako zerbitzua

Egoitza behar baduzu, dei 115 zenbakira. Gizarte langile batek entzunen zaitu eta jakinaraziko dizu zein diren egoitza eta eguneko harrera aukerak; eta, beharrez, gizarte larrialdietarako dispositibo eta zerbitzuetara bideratuko zaitu. positifs et services d’urgence sociale.

Entzuna izateko eta informatzeko

Dei 3919 zenbakira – Urririk eta anonimoa da, astean 7 egunez

Entzuna izateko eta informatzeko zerbitzua, bortizkerien biktima diren emazteentzat, lekukoentzat eta profesionalentzat. 3919 Frantziako estatu mailako zenbakia da; emazteek jasaten dituzten bortizkeria guziak jorratzen ditu (bortizkeria psikologikoak, fisikoak, hitzezkoak, sexualak, etxekoak eta lanekoak, sexu-mutilazioak, ezkontza behartuak).

Kasu! Ez da larrialdi egoeran harrera atzemateko zenbakia.

Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 9:00-22:00, larunbat, igande eta besta egunetan 9:00-18:00. 

Ipar Euskal Herriko laguntza egiturak

Egoitza, entzuna eta lagundua izateko gunea, laguntza soziala eta/edo sostengu psikologiko eta/edo psikiatrikoa edo/eta aholku juridikoak behar badituzu, Pirinio Atlantikoetako Prefekturaren webgunean harrera egiten eta laguntza ematen ahal dizuten elkarte eta erakunde partaideen datuak (FR) atzemanen dituzu. 

Bortizkerien lekuko naiz

Eraso edo jazarpen sexista edo sexualen lekuko baldin bazara, jokabide eta ekintza zehatz batzuk zinez lagungarriak izan daitezke. Informazio guziak Frantziako gobernuaren webgunean dituzu. 

Bortizkerien biktimekin lan egiten duen profesionala zara

Pirinio Atlantikoetako prefekturak bortizkerien biktimekin lan egiten duten profesionalendako tresna-kutxa (FR) sortu du.

Bortizkerien prebentziorako ekintzak daramatzazu edo sortu nahi zenituzke? Dirulaguntza lor dezakezu, Osasun Sostengu Funtsaren bitartez. 

“BORTIZKERIAK ASKI” tresna telekarga dezakezu, eta publikoari harlekuetan ikusterat eman. 

Euskal hirigune elkargoak zer egiten du bortizkerien kontrako borrokan?

GEHZak (Gizarte Ekintzako Herri arteko Zentroak) bortizkerien biktimak laguntzeko egitura hauek diruztatzen ditu:

  • ACJPB (Ipar Euskal Herriko Herritartasun eta Justizia Elkartea) elkarteak bortizkeriak jasaten dituzten emazteei larrialdiko egoitzak atzematen dizkie, eta Bortizkerien Egileendako Zentroan parte hartzen du;
  • CIDFF (Emazteen eta Familien Eskubideei buruzko Informazio Zentroa) zentroak emazteei aholkuak eta laguntza ematen dizkie, bereziki juridikoak;
  • Erran Eta Bizi elkartea Amikuzeko lurraldean ari da; bortizkerien prebentzioa egiten du eta biktimak laguntzen ditu.

Tokiko Osasun Kontratuko 3 ekintzak bortizkeriei kontra egitea dute helburu:  

  • Helduentzat: Ipar Euskal Herriko Biktimologia Unitatearen gidaritza partekatua eta Pirinio Atlantikoetako Emazteen eskubideen ordezkaritza;
  • 12 eta 21 urte arteko gazteentzat: Ipar Euskal Herriko Nerabeen Etxearen gidaritza;
  • Haurrentzat: Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluaren gidaritza.

Lurraldean antolatzen diren prebentzio ekintzez gehiago jakin nahi baduzu, Ipar Euskal Herriko Tokiko Osasun Kontratuaren koordinatzaileari idatz, helbide honetara: cls@communaute-paysbasque.fr 

Formulaire de satisfaction

Informazio horiek baliagarri gertatu ote zaizkizu?

Zerbait ments zaizu?

Nola hobe dezakegu orrialde honen edukia?

E-helbidea honela behar da idatzi: mail@example.com