« Encan » hiri-antolaketaren proiektua Ziburun

Demokrazia parte-hartzaileko prozesu zabal bat abiatu da Ziburuko Encan gunea antolatzeko proiektuaren inguruan. Prozesu horrek hautetsiei, arkitektoei eta diseinatzaileei lagundu behar die 6 hektarea baino gehiagoko etorkizuneko gunearen itxura marrazten. Orrialde honetan proiektuaren aitzinamendua segi dezakezu eta bere lanketan parte hartu.

Eguneratzea:2024ko azaroaren 24a

Proiektua

Encaneko gunea, Ziburuko Urdazuri ibaiaren hegian kokatua, eskualdearen garapen industrialaren lekuko bizia da. Aspaldian, intaz osatua zen eremu honetan Errekoletoen baratzeak baizik ez zeuden; XVII. mendean, fraideek lantzen zituzten lur guti horiek. XIX. mendean, trenbidearen garapenaren eta itsas harresien eraikuntzaren ondorioz, Ziburuko herriaren industrializazioa handituz joan zen. Arrantza, ekonomia joria zena orduan, sardinari eta atunari buruz bideratu zen, eta, hala, portua puntu minbera bilakatu zen, eta auzoa kontserba industriaren bihotza.

Desindustrializazio progresiboaren eta 1997an azken kontserbategiak hestearen ondorioz, auzoaren bizitasuna apaldu zen.

Alta, Encanen gauza anitz daude jokoan, bereziki hirigintzari, etxebizitzari eta demografiari dagokienez. Izan ere, sektore horren antolaketak aukera ematen du lotura berriak irudikatzeko Urruñako herriaren ekialdeko zerrendaren eta Donibane Lohizuneko mendebaldeko sartzearen artean.

Munta handiko eragiketa horrek, elkargo-interesekoa izanik, herritarren honako behar hauei erantzun behar die: etxebizitza helgarriak, enpleguak eta jarduera ekonomikoak, mugikortasun-azpiegiturak, eremu publikoak, zerbitzuak eta saltokiak.

Lankidetza oinarri

2015etik, Ziburuko herriak identifikatu zuen Encan sektorea hiria berritzeko azken leku egokietarik bat bezala, auzoak berezko dituen zenbait muga izanik ere: topografia, trenbideak, errepideak, portua, Urdazurik gainezka egiteko arriskua eta itsasoaren uholde arriskua. Ekimen publikoko proiektu bat abiatzeko urratsak egitea erabaki zuen Herriko Etxeak, antolaketa operazio orokor bat posible egiteko.
Aurten, 2024an, Encan auzoak bere itxuraldaketaren urrats erabakigarri bati ekin dio, hiri-programazioaren azterketa hastearekin. Atelier d’Urbanité Roland Castrok zuzentzen duen aholkulari taldea hobetsi da azterketa hori egiteko. Mugikortasunen Sindikatuak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak ere parte hartzen dute azterketa horretan.
Aldi berean, demokrazia parte-hartzaileko prozesu zabal bat abiatzen da, hautetsiei, arkitektoei eta diseinatzaileei etorkizuneko gunearen itxura marrazten laguntzeko. Informazio-, hausnarketa-, erakusketa-, trukada- eta ekarpen-hitzordu garrantzitsuek markatuko dute diseinu-prozesu osoa.

Urrats nagusiak

  • Encaneko hiri-proiektua onargarria izatea, elkargo-intereseko antolaketa-eragiketa mistoen parte gisa - Elkargo Kontseiluaren 2020ko otsailaren 22ko erabakia;
  • Antolamendu Gibelatuko Eremu bat onartzea, AGE Encan 2 izenekoa (frantsesez ZAD l’Encan 2) - Elkargo Kontseiluaren 2021eko ekainaren 19ko erabakia;
  • Interes Publikokoa Deklaratua izatea - Prefeturaren 2023ko ekainaren 2ko erabakia;
  • 2024tik 2026ra: gidaliburu-planoaren idaztea, biztanleekin eta erabiltzaileekin hitzartuz.

Hitzartzea

Ziburuko Herriko Etxeak eta Euskal Hirigune Elkargoak demokrazia parte-hartzaileko prozesu zabal bat abiatu nahi izan dute proiektu hau lantzeko.

Inkesta

2024ko urriaren 11, ostirala : lekuan bertan egindako inkesta

2024ko urriaren 11tik azaroaren 6ra : lineako inkesta

Inkesten bilduma idazketa fasean dago eta irakurgai izanen da laster.

Gunearen bisita, memoriaren gaiari buruz

2024ko urriaren 12a, larunbata, 10:30etik 12:30era

Bisiten bilduma idazketa fasean dago eta irakurgai izanen da laster.

Nahien biltzeko tailerra

Azaroaren 5a, asteartea, 18:30etik 21:30era
Biltzeko tokia: Ziburuko Errekoletoen komentuko kapera

Azaroaren 14an, osteguna, 18:30etik 21:30era

Biltzeko tokia: Ziburuko Jean Poulou gunean

Tailerren bilduma idazketa fasean dago eta irakurgai izanen da laster.

Programistaren tailerra

Parte-hartzaileak programista-urbanistaren larruan jartzera gomitatuak izanen dira! Konkretuki, parte-hartzaileek, taldeetan banaturik, egiteko bat bete beharko dute: etorkizuneko auzoaren planoa marraztu proiektuaren hertsadura geografiko, material eta tekniko batzuk kontuan hartuz, eta ondotik plano hori gainerateko taldeei aurkeztu, marrazturiko antolaketaren egokitasunaz konbentzitzeko! Bestalde, Encan-eko auzoan 2035ean (!) luketen egunerokoan murgiltzera gomitatuak izanen dira! Helburua? Aitzinetik adierazitako nahietan oinarrituz, ideiak lehentasunen arabera sailkatu eta proiektuaren planoan kokatu, baina proiektuak berezkoak dituen erronka eta hertsadurak hobekiago ulertu ere bai. Horretarako, taldeek hainbat gauza ukanen dituzte eskura: plano batzuk, lehen tailerretatik ateratako ideia-erreserba eta ekarpen-fitxa batzuk.

2 oren-tarte aukeran:

  • Abenduaren 16an, astelehena, 18:30etik 21:30era
  • Abenduaren 17an, asteartea, 18:30etik 21:30era

2 tailerren biltzeko tokia: Ziburuko Errekoletoen komentuko kapera

Tailerra kitorik da, baina baitezpadakoa da izena ematea. Kasu, gaualdi bakoitzean ezingo da 120 pertsona baino gehiago sartu. Harrera 18:15etik goiti eginen da. Janari-mahai bat eskainia izanen da tailer denboran.

Haurrak etor daitezke lasai! Harrera gune bat sortuko da, animatzaile baten ardurapean, 3 urtetik gorako haurrentzat. 3 urtetik beherako haurrak burasoen ardurapean egonen dira.

Tailerrean izena ematen dut