Jende ibiltarien harrera Ipar Euskal Herrian

Jende ibiltaria zara eta harrera aterabide bat bilatzen duzu Ipar Euskal Herrian? Argibide baliagarri guziak eta gure zerbitzuen aldean egin beharreko urraspideak aurkituko dituzu.

Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 11a

Nor dira jende ibiltariak?

1970eko hamarkadan agertu zen “Jende ibiltariak” erranbidea, besteak beste 1969ko urtarrilaren 3ko legearen ondorioz (jarduera ibiltariei eta Frantzian ibiltzen diren etxe eta helbide finkorik gabeko pertsonei aplikatzen zaien araubideari dagokiena). Lurreko aterpe mugikor batean bizi den jendeari dagokion izendapen administratiboa da. 5. errepublikaren konstituzio-arauei jarraikiz, nozio horrek ez du etnia edo gizalde konnotaziorik frantses legean (iturria; FNASAT).  

Hori dela eta, erranbide juridiko hori maiz erabilia da mota anitzeko jendea izendatzeko, etnia edo kultura jatorriari erreferentzia eginez (“buhameak” gehienetan). Puntu komunak bi alderdi ditu: karabana batean bizitzea eta familia zabalean.

“Jende ibiltaria” erranbidearen kultura edo etnia ondoriotik haratago dago definizio administratiboa.  Alabaina, jende ibiltarien harrera eta bizilekuari dagokion 2000ko uztailaren 5eko legeak “bizileku tradizional gisa bizitegi mugikorrak dituzten jende ibiltariak” ditu aipatzen.”  

Bizileku tradizionalaren nozioak gaur egun karabanetan edo kamioi antolatuetan bizi direnak baztertzera eramaten gaitu, hala nola sasoilariak.

Jende ibiltarien harrera guneak Ipar Euskal Herrian

Duen jende ibiltarien harrera guneen antolaketa, artatze eta kudeaketa eskumenaren harira, Euskal Elkargoak jende ibiltarien harrera eta bizilekurako ekintzak daramatza, Besson legea deituriko 2000ko uztailaren 5eko 2000-614 legea betearaziz.

Horretarako, 2020ko otsailaren 17an izenpetua izan den Pirinio Atlantikoetako 2020-2026ko jende ibiltarien harrera eta bizilekuaren departamenduko eskemaren aginduetan oinarritzen da. Estatua eta Departamenduko kontseiluarekin finkaturiko eskema horrek jende ibiltariak aterpetzeko ekipamendu publikoak jarri behar diren lurraldeak zehaztea du helburu, baita harrera guneen, alokatzeko familia-lurren eta pasaia handiko eremuen egiazko sare bat sortzea ere departamenduaren heinean.

Bi harrera gune iraunkor

Hau da zenbait hilabeteko egonaldi baten denboran familia ibiltariak aterpetzeko antolatua den gunea.  

  • 38 tokiko harrera gune iraunkor bat dago Landa Ttipia gunean (Baiona-Angelu). Landa Ttipia gunearen kudeaketa enpresa pribatu baten esku utzia izan da. 
    Oharra: familiak gunearen kudeatzailearekin harremanetan sartu behar dira (telefono zenbakia: 06 27 58 80 68) bertan jarri baino lehen, urraspide desberdinak betetzeko gisan. Barne araudi batek du guneko bizia arautzen.
  • Bigarrena Itsasun kokatua da eta 3 toki ditu.

Pasaia handiko guneak  

Gehienez aste bat edo biko epean, taldean mugitzen diren jende ibiltariak aterpetzen dituen guneak dira, biltzar tradizionalak edo ezohiko biltzarrak kari.

Gaur egun, honakoak daude:  

  • Baionako pasaia handiko gunea, 2025ean antolatua, maiatzaren 1etik urriaren 31ra irekia. Urez, argindarrez, garbigelez horniturik, 200 karabanez osaturiko taldeak aterpetzen ditu 4 hektareako azaleran.
  • Senpereko pasaia handiko gunea, 2024an antolatua, maiatzaren 1etik urriaren 31ra irekia. Urez eta argindarrez horniturik, 85 karabanez osaturiko taldeak aterpetzen ditu 2 hektareako azaleran.
  • Donibane Lohizuneko pasaia handiko gunea, 2002an antolatua eta gasez, argindarrez eta urez hornitua, maiatzaren 1etik urriaren 31ra irekia. Bere azalera ttipiagatik, familia-taldeei zuzendua zaie gehien bat.

Pasaia handiko gune bat ikertzen ari dira Baionan, eta zenbait proiektu eraman behar dira Errobi-Aturri, Errobi eta Hazparneko eskualdetan.

Eskaintza hori osatua da udan lur publiko edo pribatuak mobilizatuz, Euskal Elkargoak esku utzirik hitzarmen bidez (Arrangoitze - 5 hektarea, Biarritz - hektarea 1, Hazparne - 4 hektarea). Lur horiek urez, argindarrez hornituak dira eta edukiontziak daude hondakinak biltzeko.

Familia sedentarioei zuzenduriko familia-lurrak

Alokatzeko familia-lurrak eta bizileku egokituak familia bat aterpetzeko lur eraikiak dira, gehienetan familia zabalak. Bizileku mugikor batek - karabana bat edo gehiago - eta eraikin osagarri batek dute osatzen. Pertsona publiko batek hornituriko eta kudeaturiko lurrak izan daitezke, edo alokatzeko bizileku sozialak, alokatzaile sozialek eraikirik eta kudeaturik. Horrelako bizileku mota bada jadanik Baionan, Angelun, Biarritzen eta zenbait proiektu ikertzen ari dira.

Harrera eskaera bat egin

Euskal Hirigune Elkargoak jende ibiltarien esku uzten ditu 500 toki, harrera gune eta pasaia lurretan. Haatik, toki eskasa errealitate bat da. Zailtasun horiek dituzten ibiltariak erantzuletasunez jokatzera gomitatuak dira;

Legez kanpoko jartzeak debekatuak dira eremu publikoan eta lur pribatuetan. Jartze horiek kaltegarriak dira sortzen dituzten andeatze eta bortizkeriengatik;

Pasaia handiko guneak baliatzeko, elkargoko langileen aldean erreserbatu behar da. Haiek eskaerak sailkatzen dituzte eskuratu arau, eta taldearen neurria eta esku utziriko gunearen edukiaren arteko araberakotasuna zaintzen dute. Eskaera etorri baino hilabete bat lehenago egin behar da gutienez. Eskaera bakoitzari erantzun bat ekarria zaio.

Pasaia handiko guneen harrera ordainpekoa da (30 - 35 € karabana bakoitz astean, guneen arabera) eta gune bakoitzak duen barne araudiaren errespetuari baldintzatua, heltzean aurkeztua dena.

Pasaia handiko gune batean egoteko eskaera bat egin