Bizilekuaren eta Energiaren Etxea

Ce guichet unique Espace Conseil France Rénov' de la Communauté d'Agglomération Pays Basque permet à chacun de trouver les informations utiles et les aides pour rénover ou mieux habiter son logement.

Eguneratzea:2025(e) ko ekainaren 19a

Zer ote da bizilekuaren eta Energiaren Etxea? 


Bizilekuaren eta Energiaren Etxea erreferentziazko leihatila da bizitegiari eta bizilekuari buruzko zure galdeei ihardesteko; Ipar Euskal Herriko biztanle guziei irekia da. Helburua du molde neutralean eta pertsonalizatuan laguntzea zure hobekuntza-obrak (energia aurrezteko obrak, autonomia galtzeari eta zahartzeari egokitzeko obrak, edo zure etxea segurtatzeko obrak) ahal bezain emaitza onekoak izateko eta zure beharrei ahal bezain ongi ihardesteko, tokiko enpresei probetxu eginez.
 

Teknika eta finantza aholkuak

Izan zaitezen jabe, egoiliar-alokatzaile edo jabekide-sindikatu, Bizilekuaren eta Energiaren Etxeko aditu taldeak lagunduko zaitu zure erreberritze obra apailatzen, dirulaguntzak atzematen eta profesional egokiak hautatzen.

Aholku juridikoak

Bizilekuaren eta Energiaren Etxea EADE 64ren partaidea da, eta zure zerbitzura dago bizilekuari doazkion galde guziei buruzko aholku pertsonalizatuak emateko lege, finantza edo zerga alorrean.

Arkitektura-aholkuak

Bizilekuaren eta Energiaren Etxeak Baionako bere egoitzan Arkitektura, Hirigintza eta Ingurumen Kontseilua (AHIK 64) hartzen du. Arkitekto aholkulariak zure eraikuntza edo erreberritze proiektuetan lagunduko zaitu. Proiektua hasi aitzin, arkitekturari eta paisaiari buruz aholkuak ematen ahalko dizkizu.

Bizitegi sozialaren galdea

Bizilekuaren eta Energiaren Etxea leihatila-erregistratzailea da, eta horrela, bizitegi soziala galdatzeko zure dosierra aurkeztu edota eguneratu dezakezu. 

Nola jarri gurekin harremanetan?

Laguntza galde bat egiteko, aitzinetik bete ezazu zure profilari (jabe egoiliarra, jabe alokatzailea, jabekidea) doakion lineako inprimakia. Zure galdea Bizilekuaren eta Energiaren Etxeko aholkulari aditu bati emanen zaio eta zurekin harremanetan jarriko da. Elkarrekin hitzordu bat finkatuko duzue gure egoitzan edo deslokalizatua den gurepermanentzia-leku batean.
Gure eragileek ahal bezain ongi lagundu zaitzaten zure egoeraz ahal bezainbat argibide eman itzazu
 

Maiz agertzen diren galderak

Ene proiektuaren zein mementotan behar dut Bizilekuaren eta Energiaren Etxearekin harremanetan jarri?

Hobe da ahal bezain goiz aholkulari batekin harremanetan jartzea. Jadanik jabe bazara, noiznahi jar zaitezke harremanetan gure aholkulari batekin. Ontasun bat erosten baduzu, zure proiektua konponbide baten bidez formalizatu bezain laster jar zaitezke gurekin harremanetan. Obrak hasiak badira, ezingo da laguntzarik eman. Halaber, ez da aurrekonturik izenpetua ukan behar dirulaguntza egiteko mementoan. 

Zer elementu behar dut Bizilekuaren eta Energiaren Etxearekin harremanetan jartzerakoan?

Bizilekuaren eta Energiaren Etxearekin harremanetan jartzean, zure eta zure bizitegiko egoiliarren erreferentziazko zergapeko irabazia beharrezkoa da. Datu hori ezinbestekoa da dirulaguntza baten ukaiteko eskubidea ote duzun finkatzeko eta baliabide onari eta solaskide onari buruz bideratzeko. Ontasunaren jabego-agiria ekartzea ere aholkatua da. Zure egoeraren edo proiektuaren arabera, aholkulariak dokumentu osagarriak galdegiten ahalko dizkizu.

Aholkulariek esku har ote dezakete ene MaPrimeRénov’ dosierrean?

Ez, Bizilekuaren eta Energiaren Etxeko aholkulariek ez daitezke MaPrimeRénov' dosierretan sar. Ezin dituzte ez sortu, ez aldatu, ez ezeztatu.
Anah erakundeak (Paris) ditu dosierrak kudeatzen.
 

Berritze energetikoari buruzko aholkulariek ofiziale batzuk aholkatzen ahal ote dizkidate?

Neutraltasun printzipioagatik, Bizilekuaren eta Energiaren Etxeko aholkulariek ezin zaituzte enpresa batengana bideratu. Bizkitartean, ofiziale batek proposatu zerbitzuari buruz iritzia eman diezazukete.
Ingurumenaren Bermatzaile labela duten ofiziale baten atzemateko, zoaz France Rénov' webgunera.

Laguntza behar duzu

Hirigune Elkargoaren lurraldean bizitegiari edo bizilekuari buruzko argitasun beharra edo galderak ukanez gero, gurekin harremanetan jar zaitezke telefonoz  05 59 44 77 80  zenbakira deituz edo e-postaz maison.habitatcommunaute-paysbasquefr helbidera idatziz.