Eskolan eta ene herrian mugikortasun iraunkorrak garatzen ditut

Zure herrian mugikortasun iraunkorrak garatu nahi dituzu? Orrialde honetan, zure urraspidean laguntzeko aplika daitezkeen neurriei eta laguntza publikoei buruzko informazio praktikoak atzemanen dituzu.

Eguneratzea:2024ko azaroaren 18a

Zure herrian mugikortasun iraunkorrak zergatik garatu?

Kutsadura eta kalte gutiago

Mugikortasun goxoak sustatuz, atmosfera eta soinu kutsaduraren murriztean parte hartzen duzu eta biztanleen bizi kalitatea hobetzen duzu.

Biztanleen osasun hobea

Oinez eta txirrindulaz ibiltzeak egiaztatuak diren onurak ditu osasunean eta besteak beste eritasun kardiobaskularren arriskua murrizten dute.

Auto metatze gutiago

Auto gutiagok zirkulatzeak auto metatze gutiago dakar eta horrek mugikortasunak errazten eta bakoitzak bidean pasatzen duen denbora murrizten du.

Ipar Euskal Herri zaindu baten alde

Ipar Euskal Herrian, autoa 10 joan-etorritik 8tan erabiltzen da oraindik. Oinezko edo txirrindula bidezko bidaiak guti dira oraindik (%15 lehenarentzako eta %1,3 bigarrenarentzako). 2020-2030 Mugikortasun Planarekin, Euskal Elkargoak mugikortasun goxoak garatu nahi ditu lurraldean, hauei eremu publikoan leku gehiago emanez.

Mugikortasunen garapenerako dokumentu estrategikoak

Mugikortasunen norabideen legea

Mugikortasunen norabideen legea (MNL, fr. LOM) 2019ko abenduaren 26ko Aldizkari ofizialean argitaratu zen. Lege horrek mugikortasunen politika sakontasunean aldatzen du, helburu sinple batekin: aldi berean errazagoak, merkeagoak eta garbiagoak diren eguneroko garraioak

Ipar Euskal Herri - Aturriko Mugikortasunen Plana;

Lurralde mailan sekulan ikusi gabeko Ipar Euskal Herri - Aturriko Mugikortasunen Planak, autoen trafikoaren murrizketa eta garraio publikoen, ibiltzearen eta txirrindularen erabilera handiagoa elkartzen dituen mugikortasunen ikuspegi osoa proposatzen du. 

Ene herrian nola garatu mugikortasun alternatiboak?

Biztanleria sentsibilizatu

  • Herriko etxeko afixatzean edo Interneten TXK TXAKek jadanik abian dituen garraio publikoa, zerbitzu libreko txirrindula prestatzea edo auto partekatzea bezalako zerbitzu sortaren berri eman ezazu;
  • Autorik gabeko eguna edo Mugikortasunaren Erronka gisako ekimenak antola itzazu;
  • Tokiko enpresek haien langileentzako auto partekatzea, txirrindularen baliatzea edo garraio publikoetara harpidetzea bezalako mugikortasun planak ondu ditzaten bultza itzazu.

Txirrindulentzako eta oinezkoentzako muntadurak hobetu

  • Zure herrian txirrindula bideen antolaketarako eskema nagusia ondu ezazu
  • Txirrindula bideentzako (bide berdeak, pistak, txirrindulentzako guneak...) eta oinezkoentzako antolaketak gara itzazu;
  • Herriko bideetan oinezkoei eta txirrindulei lehentasuna eman eta honi buruz komunika ezazu;
  • Bizitegi auzoen eta eskolen, merkataritza eremuen eta aisialdi eremuen artean ibilbide arin, segur, argitu eta erakargarriak sortu, oinez edo txirrindulaz ibiltzea sustatzeko gisan;
  • Espaloiak egoera onean atxikiak, zabalak eta mugikortasun mugatuko pertsonentzako eskuragarriak direla zaindu ezazu, agerikoak eta ongi kokatuak diren oinezkoen pasabideekin.
  • Txirrindula zerbitzuak eskaini (konponketa guneak, aparkaleku segurrak, etab.);

Hirian autoaren lekua mugatu 

  • Hiri barnean edo autoen sargia mugatua duten eta garraio publikoentzako, oinezkoentzako eta txirrindulentzako lehentasunezkoak diren eskola inguruetan eremuak finka itzazu (30 guneak, topaketa guneak);
  • Aparkalekuetarako sargia mugatu eremu minbera batzuetan, auto indibidualen erabilpena mugatzeko gisan;
  • Zubi-aparkalekuak sor eta hantatuenak diren guneetarako urririkako joan-jinkariak plantan eman itzazu;
  • Auto elektrikoentzako kargatzeko Azpiegituren Eskema nagusiarekin koherentzian, aparkaleku publikoetan kargatzeko tresnak ezar itzazu, auto klasikoaren alternatiba ekologikoagoa den auto elektrikoen erabilpena faboratzeko gisan;
  • Auto partekatuak eskura ezar, bereziki auto elektrikoak, noizbehinkako bidaietarako;
  • Auto partekatzea sustatu ezazu, horretarako aparkalekuak sortuz.

Mugikortasun goxoak eskolan garatu

  • Oin-busak edo txirrindula-busak plantan ezar itzazu eskola garraio gisa;
  • Eskoletan, mugikortasun goxorako eta txirrindulan ibiltzen ikasteko sentsibilizazio programak plantan eman itzazu.

Enplegatzaile gisa eragin

  • Zerbitzu txirrindulak eskura ezar itzazu;
  • Zure auto flota deskarbonizatu;
  • Enplegatzaile mugikortasun plana planta eman ezazu;
  • Mugikortasun iraunkorra forfaita proposa ezazu;
  • Langileak mugikortasun alternatibora sentsibiliza itzazu;
  • Telelana susta ezazu.

eta gure “Enpresan mugikortasun iraunkorrak garatzen ditut” orrialdean atzemanen dituzun beste ekintza batzuk.

Zure urraspidean laguntzeko laguntzarik ba ote da?

Ipar Euskal Herri - Aturriko mugikortasunen sindikatuaren laguntzak;

Eskoletako Joan-Jinerako Plana

Ipar Euskal Herri - Aturriko mugikortasunen sindikatuak Eskoletako Joan-Jinerako Plana eta Oin-busa gauzatzen laguntzen du, Ahurtin edo Tarnosen herriak eta elkarteek plantan emaniko oinezko eskola garraioa bezalakoa.

Informazio ororentzako mugikortasun gomendiorako zerbitzuarekin posta elektroniko bidez harremanetan sar honako helbidera idatziz: v.dubuc@communaute-paysbasque.fr 

Auto partekatzeko aparkalekuen antolaketarako laguntza

75.000 €-ra artekoa izan daitekeen dirulaguntza horrek auto partekatzeko eremuen sortzea, antolaketa edo hedapena sustatzea du xede. Ipar Euskal Herriko 158 herrietan aplikatzen da, baita Ondres, Tarnose eta Seinautze herrietan ere

Auto partekatzeko aparkalekuen antolaketarako laguntzari buruz gehiago jakin

Txirrindula bideentzako azpiegiturak eraikitzeko laguntza

Diru baliabide hori, jarraikiak eta segurak izanen diren txirrindula bideentzako azpiegituren antolaketan bideen kudeatzaileak laguntzean eta, Ipar Euskal Herri - Aturriko txirrindula sarearen logikaren barnean, lurraldearen saretzea bermatzean datza.

Txirrindula bideentzako azpiegiturak sortzeko laguntzari buruz gehiago jakin

Beste laguntza publikoak

France Mobilité (Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren urraspidea) eta Aides-territoires elkargoentzako eta hauen partzuerrentzako mugikortasun gaietan laguntzak xerkatzeko elkarlanean ari dira, eskura ditzaketen mugikortasunen eremuko diru baliabide guziak ikusgai eta eskuragarri ezarriz.

France Mobilités guneko laguntza publikoen atarian sar zaitez

Laguntza guziak horri eskainiriko plaketa batean ere bildu dira.

Formulaire de satisfaction

Informazio horiek baliagarri gertatu ote zaizkizu?

Zerbait ments zaizu?

Nola hobe dezakegu orrialde honen edukia?

E-helbidea honela behar da idatzi: mail@example.com