Garraio publikoak erabiltzen ditut
Ipar Euskal Herrian garraio publikoak nola ibiltzen diren ulertu nahi duzu? Hemen, gogoan atxikitzeko argibide nagusiak ematen dizkizugu. Baliabide gehiago aurkituko dituzu txiktxak.fr/eu webgunean.
Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 11a
Nola antolatuak dira garraio publikoak Ipar Euskal Herrian?
- Ipar Euskal Herrian, garraio publikoen eskaintza osoa TXIK TXAK marka bakarrean bilduan da;
- Sareak Ipar Euskal Herriko 158 herriak eta Hego Landesetako 3 hiri estaltzen ditu: Tarnose, Saint-Martin-de-Seignanx eta Ondres;
- TXIK TXAK garraio eskaintza multimodala da: autobusa, tranbusa, joan-jinkariak, autokarra, bizikleta, eskola-garraioa, trena, autokidetza, autopartekatzea, etab.
Zer dira TXIK TXAK garraioen abantailak?
Prezioak biziki apalak dira
- Txartelak 0,99 €tan soilik bidaia bakoitz, edozein izan dadin bidea, loturak ere daudelarik!
- Gazteendako abonamenduak 8,50 €tan hilabetean eta 15 €tan hilabetean langileentzat enplegatzaileen parte hartzeari esker;
- Garraioak urririk dira 6 urtez pekoentzat;
- Elkartasunezko prezioak %75ez merkeago irabazi ttipiko familientzat.
Txartelak eta abonamenduak erostea biziki sinplea da.
- Txartelak linean eros daitezke, mezu bat bidaliz, edo bankuko txartelaren kontaktu bidez autobus eta autokar lineetan;
- Abonamendu txartelak linean erosi eta berritu daitezke edo saltegian.
Bidaiariendako zerbitzu biziki baliagarriak
- Webgune bakarrak eta aplikazio bakarrak autobusak denbora errealean segitzeko, bidaia bat kalkulatzeko eta zirkulazioari buruzko berriak segitzeko bidea eskaintzen dute.
- Linea batzuk 5:00etatik 2:30era ibiltzen dira!
- Linea batzuetan wifia, USB lokiak eta prentsa numeriko eskaintza bat bada;
- Bizikleta plegagarriak eta trotinetak onartuak dira;
- 2 metro baino gutiagoko surf oholak onartuak dira;
- Abere ttipiak saski batean eta itsu zakurrak onartuak dira.
Mugikortasun eskaintza orokorra
TXIK TXAK abonamenduari esker, abantailazko prezioak baliatzen dituzu zenbait zerbitzutarako:
- Pony, zerbitzu libreko bizikletak: murrizketak “mugagabeko bidaietan” eta noiztenkako bidaietan;
- Aupa, autopartekatzea: dosierra osatzeko gastuak eta bidaia kredituak eskainiak. Abonamenduaren lehen 3 hilabeteak eskainiak.
Eskola-garraioa
- TXIK TXAK sareak eskola-garraio zerbitzu bat proposatzen du Ipar Euskal Herri osoan;
- Izena ematea baitezpadakoa da, eta udan egin behar da. Linean edo saltegian egin daiteke;
- Prezioa ikaslearen adina eta familiaren irabazien araberakoa da;
- Eskola-garraiorako urteko abonamenduak TXIK TXAK sare osoan bidaiatzea ahalbidetzen du. Irailaren 1etik agorrilaren 31ra balio du, salbuespen batzuk direlarik;
- Ahalmen urriko ikasleek Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren zerbitzuen aldean izena eman behar dute banako garraio eskaera bat egiteko;
- Ikasleek garraio-titulua balioztatu behar dute autobusean igotzen diren aldi oro.
Autobusa, tranbusa, autokarra, joan-jinkaria, eskaera bidezko garraioa, zer da desberdintasuna?
- Autobusak eta tranbusak hiriko autobusak dira, bidaian zutik egotea ahalbidetzen dutena. Autobusaren zola apala da gehienetan, eta kaien hein berean kokatua;
- Autokarrak bidaia luzeak egiten dituzten ibilgailuak dira, soilik jarlekuz horniturik. Hiriko autobusak baino gorago diren ibilgailuak dira;
- Joan-jinkariak ibilgailu ttipiak dira, hiri barneko karrika hertsietan ibil daitezkeenak;
- Eskaera bidezko garraioa segurtatzen dute ibilgailu arinek, jarlekuz hornituak (6-9 leku).
Nola ikusi lineen ordutegiak?
- TXIK TXAK webguneak eta aplikazioak garraio publikoen ordutegiak ematen dizkizute denbora errealean;
- Zure bidaia kalkulatzen ahal duzu eta garraio eskaintza guziak konparatu (autobusa, bizikleta, autokidetza);
- Alertak igorriak dira zirkulazio nahasmenduak direlarik;
- Lineen ordutegiak paperezko formatuan edo sarearen mapak ere deskarga ditzakezu, eskualdez eskualde.
Zer dira mugikortasun urriko edo besteen meneko direnendako garraio aterabideak?
Mugikortasun urrikoen garraioa
- TXIK TXAK sareak Mugikortasun Urriko Pertsonen Garraio (MUPG) zerbitzu bat proposatzen du;
- Mugikortasun urrikoei etxea eta nahi duten lekuaren artean bidaiatzea ahalbidetzen die, baita lagundua izatea ere horretarako antolatua den ibilgailuan igotzeko, helmugara iritsi arte;
- Beste erabiltzaileei aplikatzen zaien prezio bera aplikatua da, edozein izan dadin harturiko zerbitzua;
- Laguntzaileak urririk bidaiatzen du, mugikortasun urrikoak Mugikortasuna Inklusioa Txartela duen orduan (MIT), edozein izan dadin bere aipua;
- Zerbitzua itsasbazterreko 21 herritan ibiltzen da. Izena emateko baldintzak zehaztuak dira TXIK TXAK webgunean.
Linea erregularretan
- TXIK TXAK sareko ibilgailu gehienak mugikortasun urrikoei autobus edo autokarretan sartzeko bidea eskaintzen dieten sistemez hornituak dira;
- Laguntzaileak urririk bidaiatzen du, mugikortasun urrikoak Mugikortasuna Inklusioa Txartela duen orduan (MIT), edozein izan dadin bere aipua.
Helgarritasun arazoren bat sarean?
TXIK TXAK linea erregularren sarean edo MUP garraio-zerbitzuan helgarritasun zailtasunik izan baduzu, Ipar Euskal Herri-Aturriko Mugikortasunen Sindikatuari jakinarazi.
Loturarik ba ote da Hegoaldearekin?
- 15. lineak Hendaia eta Irun lotzen ditu eta Ficoba eta San Juan plazatik iragaten da;
- 14. lineak Hendaia eta Pausu lotzen ditu;
- Euskotrenekin loturan, TXIK TXAK zerbitzuak TXIK TXAK autobusak eta Topoa erabiltzeko titulu bat proposatzen du Donostiara joateko. Hau da Euskopass
Zerbitzua hobetzen lagundu nahi dut, nola egin?
Sarean arazorik izan baduzu, TXIK TXAK zerbitzuari jakinaraz diezaiokezu edo iradokizunak egin horretarako den harremanetarako inprimakia erabiliz.
Eskola-garraiorako ere oharrak utz ditzakezu inprimaki berezi baten bidez.