BAB hiribidean txirrindularientzako bide bat
Martxoaren 30ean hasi eta 2027ko otsailera arte, bi fasetan egingo dira lanak BAB hiribidean, txirrindulariei zirkulatzeko gune lasaiago eta seguruago bat eskaintzeko.
Eguneratzea:2026(e) ko martxoaren 23a
Zer aldatuko da?
Bi zentzuetan txirrindula bide bat sortuko da, erabat segurtatua eta autoen bidetik bereizia, Larochefoucauld auzotik Butte aux Cailles biribilguneraino. 2,5 kilometroko luzera izango du, eta autoen erreiaren eskuinaldean kokatuko da, Biarritz-Baiona norabidean.
Bi muturretan lotura izango du jada existitzen den txirrindula sarearekin, Biarritz, Angelu eta Baionarantz.
Nola gauzatuko dira lanak?
Lanak martxoaren 30ean hasiko dira eta 2026ko abuztuaren bukaerara arte luzatuko dira. Ondoren, azaroan berriz hasiko dira eta 2027ko otsailean bukatuko dira.
Epe horietan, Biarritz-Baiona norabidean autoentzako bi erreiak aldi baterako errei bakarrera murriztuko dira, zatika.
Seinaleztapen indartua ezarriko da lanen inguruan eta obran bertan, erabiltzaileak ahalik eta hobekien ohartarazi eta gidatzeko.
Egoitzetako sarrera-ateratzeak eta dendetarako sarbideak beti mantenduko dira.
Bidegurutze berriak egokituko dira hiribidean zirkulazioaren abiadura murrizteko eta azantza zein kutsadura gutxitzeko, bereziki esposizio handia duen eremu honetan. Halaber, oinezkoentzat eta txirrindularientzat hainbat pasabide sortuko dira, hiribidearen bi aldeak hobeto lotzeko.
Proiektua zenbakitan
2,3 milioi euro
bideratuko dira tamaina handiko ekimen honetara, mugikortasun jasangarriak garatzeko eta airearen kalitatea hobetzeko
2,5 kilometroko
txirrindula ibilbidea egingo da, bizikletazko joan-etorriak errazteko eta seguruago egiteko
%70ean
gutienez 3,50 metroko zabalera izango du ibilbideak, txirrindularientzat espazio erosoa eskaintzeko
Hamar bat enpresa
mobilizatuko dira lanak egiteko; gehienak tokian bertan kokatu enpresa tipi eta ertainak izango dira. Lurraldean berrogeita hamar lanpostuko pisua dute.
Ohiko galderak
Lanen ondotik, autoentzako bi erreiak mantenduko dira hiribidean?
Bai. Lanak bukatutakoan, bi zentzuetan (Biarritz-Baiona eta Baiona-Biarritz) bi erreiak mantenduko dira.
Txirrindula bidea babestua izango da?
Bai. Txirrindula bidea autoen bide edo galtzadatik bereizia eta babestua izango da, txirrindularien segurtasuna bermatzeko. Ibilbidearen %70ean gutienez 3,50 metroko zabalera izango du. Gainera, hainbat bidegurutze eta pasabide egokituko dira abiadura murrizteko.
Nola jakin lanen berri?
Seinaleztapen argia jarriko da lanen eremuan eta inguruan, erabiltzaileak ohartarazi eta gidatzeko. Trafikoari buruzko informazio eguneratua eskura izanen da gidatzeko aplikazioetan eta gure “Lanak” orrian.
Zuen galderentzat bitartekari bat
Lan-bitartekari bat prest izango da publikoaren galderei erantzuteko eta oharrak jasotzeko. 06 15 82 89 51 telefono zenbakira deitzen ahalko da astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 17:00etara.
→ 2,34 milioi euroko aurrekontua duen proiektua Euskal Hirigune Elkargoak finantzatzen du (bidearen kudeatzailea), Estatua (France Relance laguntza funtsaren bidez) eta Angeluko Herriko Etxearekin batera. Europako FEDER funtsak ere mobilizatu dira.
Ekimen berri honekin, lurralde osoan txirrindula sare trinkoago eta koherenteago baten garapena segitzen da, autoaren alternatibak sustatzeko.