Ekitaldi ekoarduratsuak antolatzen ditut
Ekitaldien antolatzaile zareten horiek, zuen ekitaldiak ingurumenaren begiramenez egiten laguntzeko, hemen duzue gida baliagarri bat; zuen ekitaldiak sortuko dituen hondakinak hobe kudeatzen lagunduko dizue, hondakinak murriztu eta balioan emateari dagokienean.
Eguneratzea:2024ko azaroaren 12a
Zergatik zero hondakin ekitaldiak antola?
Zeren ekitaldi anitz antolatzen baitira gure lurraldean urte osoan zehar, zeren kultura eta kirol ekitaldi horiek milaka jende erakartzen dituztelako, zeren leku mugatuan, une batean, jendetza handia bilduz ingurumenaren gainean eragiten baitugu, eta hondakinen gaiak kostua duelako, garrantzitsua da ekitaldi horiek hastapenetik sar daitezen hondakinen murrizteko urraspide ekoherritar batean. Zero hondakinerantz jotzea honako hauetan gauzatzen da:
- naturaren baliabideen kontsumoa kontrolatzea;
- berotegi efektuko gasen gure igorpenak mugatzea;
- hondakin gutxiago sortzea;
- Hondakinen bilketa eta tratamendurako zerbitzu publikoaren kostua apaltzea.
Adibidez, 1000 jende biltzen dituen ekitaldi batek honako hau kontsumitzen du, batez beste
- 500 kg hondakin sortuak zeinetan 100 kilo paper, hau da, 2 zuhaitz eta 30 000 L ur
- 200 KW energia hau da, 3 urteko argiztapena energia kontsumo gutxiko anpoila batekin (15w)
Nola egituratu zero hondakin urraspidea?
Ekitaldi arduratsu baten plantan ematean, garrantzitsua da hautatu den urraspidean bolondresak sartzea. Parte hartzaile bakoitzak ulertu behar du urraspide horren garrantzia aitzinetik ongi zehaztu zaion zereginaren bidez. Ekitaldia arrakastatsu gertatuko bada, bakoitzak egiten duena besteenaren osagarri izan behar da. Zentzuzkoa litzateke arduradun erreferente bat edo batzuk izendatzea. Ekoarduratsua izatea, beste ezer baino lehen, gogo egoera bat eta nahi bat da…
Ekoerosketak
2023ko urtarrilaren lehenaz geroztik, debekatua da bertan jateko aukera ematen duten jantokietan botatzeko baxera erabiltzea. Beren lantaldeei eta ikusleei jatekoa eskaintzen dieten festibaletarako ere da AGEC lege berria.
1. ekintza: Baso berrerabilgarriak hautatzea
- Parte hartzaileei euro bateko turnasaria duen basoa eskaintzea;
- Ez ekitaldiaren data eman urte batetik bestera erabili ahal izateko;
- Basoen banatze guneak ikusgarri izan behar dira, publikoaren pasabide nagusian kokaturik;
- Ostatuek maiz erabiltzen dituzte jadanik prestaturiko basoak eta horrela denbora irabazten dute galantki;
- Presta ezazue kaudimen kutxa berezia 1 € ez dutenei txanpona errazago itzultzeko;
- Urraspidea azaltzeko taulak koka litezke gunearen sargian, edaritegietan.
Bazenekien? Bil ta Garbi sindikatuak baso berrerabilgarrien alokatze zerbitzua eskaintzen die ekitaldi publikoen antolatzaileei. Ekitaldi pribatuetan, baso berrerabilgarri berezituak eros litezke (Baso berri, Ecocup, Ecolocup) edo parte hartzaileei nork bere basoak eraman ditzan eska dakieke ere.
2. ekintza: Baxera berrerabilgarria hautatzea
- Zerbitzatuko diren apairuen kopurua aurreikus ezazue, espero dituzuen parte hartzaileen kopuruaren arabera;
- Tokiko hornitzailea atzematea (ekitaldietarako baxera alokairua), zuen janari prestatzaileari, herriko etxeari edota elkarteari galde egiezue nork horni zaitzakeen behar duzuen baxerarekin, edo birziklatzeguneetan, ganbera husteetan eta abarretan prezio merkean eros ezazue;
- Sailkagune bat ezar ezazue parte hartzaileek hondakinak eta baxera sailka ditzaten;
hauskor den baxera gogorraren bestelakoa behar-beharrezkoa bada, kartoizko baxera edo baxera konpostagarria (banbua, egurkia…) hauta zenezake.
3. ekintza: Moldaketa egokiak hautatzea
- Formatu handiak hauta banakako atalen ordez (banakako paketatxoak: azukrerako, kaferako, saltsetarako, gatzerako, biperbeltzerako, etab.);
- Produktuak eskatzen zazikizuenean bakarrik eman, gehiegizko xahutzerik gerta ez dadin;
- Saltsak, azukrea edo bestelakoak berinazko ontziñoetan eskaini, autozerbitzuan;
- Erraz birziklatzen diren produktuak hautatzea (berina edo altzairua) edota gai berriztagarrietakoak (kartoia, egurra). Adibide baterako, ura pitxarrean proposatzea;
- Sukaldaritza ongi pentsatua garatzea, tokiko eta sasoiko produktuak, paketatu gabe, hautatuz;
- Belaki eta mustukak erabiltzea eta ez erabilera bakarreko oihalñoak.
Hondakinak lekuan bertan kudeatzea
Antolatzaileak du bere ekitaldian sortzen diren hondakinen kudeaketa onaren ardura. Sailkapena lekuan bertan honela antola ohi liteke:
- Birziklatzeko estalkietarako edukiontzi bat edo batzuk: plastikozko botilak, ontziñoak, kontserba poteak, aluminiozko ontzixkak, kartoi finak, paperak, etab.
- Berinezko estalkietarako edukiontzi bat edo batzuk (botilak, ontziak, poteak);
- Etxeko azken hondakinetarako edukiontzi bat edo batzuk (EAH-OMR).
Bide bakoitzerako kolore bat (ohikoenak, horia birziklatzen diren estalkietarako, berdea berinerako, gris/beltza EAH-OMRetarako) eta seinaletika argia ezarri behar dira. Hobe da seinaletikan ez testurik ematea, baizik eta sailkatzeko estalkien marrazkiak edo argazkiak, atzerriko festibalariek uler ditzaten.
4. ekintza: Ekitaldia baino lehen
- Sortzen diren hondakinen motak zehaztea, kopuruen balioestea, bai eta sortzen dituzten zerbitzuak eta lanlekuak zehaztea;
- Hainbat sailkagune kokatzea sukaldeetan, jantoki eta edaritegietan, alde teknikoan, leku publikoetan;
- Lantalde guztiei sailkapenerako formakuntza ematea, ekitaldiaren eragile bakoitzak parte har dezan hondakinak sailkatzen;
- Jar zaitezte harremanetan lurraldeko sailkapenaren enbaxadorearekin sailkapenerako ohartarazten lagun zaitzaten.
5. ekintza: Ekitaldia bitartean
- Hondakinen sailkaguneak animatzea. Jostetak antola litezke sailkaguneak girotzeko;
- Jendeak gunera iritsi orduko hartu eta ohartaraztea. Sailkaguneen kokapena azaltzen duen planoa egin liteke;
- Sailkaturikoaren kudeaketa lantalde bat behar da zikinontziak hustu eta sailkapenaren kalitatea kontrolatu eta sektore bakoitzeko jendeak laguntzeko. Garbiketa hori egin ezean, edukiontziek gainezka egin dezakete edo gaizki erabiliak izan litezke eta, hala bada, sailkapenak ez du martxatzen.
5. ekintza: Ekitaldiaren ondoren
- Bilketa erraztea. Bilketa kamioientzat helgarri diren zonak zehaztu behar dira. Birziklatzen diren estalkiak publikoarengandik aparte behar dira metatu, birziklagarriak direnak ez daitezen ez direnekin kutsa;
- Bilketa zerbitzu publikoarekin batera bilana egitea. Hondakin mota bakoitzaren kopurua balioestea (edukiontzi kopurua / edukiontzi bakoitzaren edukierak / edukiontzien betetze maila) eta sailkapenaren kalitatea. Datu horiek emanen dute sailkapenaren arrakasta neurtzeko aukera: Balioan eman diren hondakinen %, errefusa maila eta etorkizunerako hobekuntzak aurreikustea.
6. ekintza: Hondakin berezien kudeaketa antolatzea
- Hautsontzi biltzaileak kokatzea. Ikusgarri kokatu behar dira, gunean barreiaturik, batez ere jantokietatik, edaritegietatik ostatuetatik hurbil. Berreskuraturiko ontzi edo bidoiak, lore potoak, kontserba poto hutsak eta abarrak hondar-lurraz betez egin litezke. Zerbait berezituagoa nahi bada, zerbitzu emaile bati dei egin liteke;
- Sakelako hautsontziak banatzea. Baso berrerabilgarriak banatzearekin batera bana litezke, adibidez. Halako hautsontziak eros litezke, baina “etxean egina”, “berrerabiltzea” hauta dezakezue ere, argazki filmen kutxa hutsak, botika kutxa hutsak (Efferalgan, Doliprane burbuilatsuen tutuak), metalezko kutxatxoak, etab.
- Beste hondakinetarako bilketa adarra plantan ematea (kartoi lodiak, hondakin elektrikoak, pilak, bateriak, ampoilak, olioa…). Hondakin horiek hondakindegira behar dira eraman. Ekitaldiaren ondorenerako horien eramateko ibilgailu egokia aurreikus ezazue. Bertan sailkatu beharko dira eta gero zein bere balio emate adar bereari jarraituko zaio.
Gainerako ekintza ekoarduratsuak
Urrunago joateko, ingurumenean eragiten duten ekintza orokorragoetaz ere egin dezakezue gogoeta.
Garraioak
- Parte hartzaileengandik hurbilen den lekua hauta ezazue, talde garraioz joateko erraz dena;
- Mugitzeko molde eztiak susta itzazue: talde garraioak, oinez, txirrindua, autokidetza;
Ur baliabidea
- Komun idorrak kokatzea. Lekuan bertan zerbitzu emaile batek edo bolondres talde batek kudeatuz gero, komunak beti garbi izan litezke, kiratsik gabe;
- Ur tutxulo multzoak kokatzea, sakagailuekin eta harrogailuekin tutxulo orotan;
- Jantokien gisako garbigailuak erabiltzea lehenestea, baxera eskuz eginez baino ur gutxiago erabiltzen baitute;
- Euri ura biltzekoak kokatzea zenbait hilabete lehenago, zolaren garbitu edo ureztatzeko.
Energia
- Lekuen egoeraren azterketa egitea, argindar ekoizpenaren jatorriak zehaztea (sare publikoa, multzo elektrogenoak, energia berriztagarria) bai eta kontsumitzaile diren tresnak ere (argia, soinua, irudia, beroketa, hotza…);
- Material eraginkorragoetan edota beharretara egokituagoetan inbestitzea. Multzo elektrogenoak erabiltzen badituzue, hobe duzue multzo indartsuagoa indar betean erabiltzea zenbait txikiago gehiegizko erabilerarekin hautatu ordez;
- Energia berriztagarriak (panel fotovoltaikoak, haizerrotatxoa…) hautatzea bigarren mailako postuen elikatzeko: taulagainetik at diren argiak, jantokia, sakelako telefonoen kargagunea;
- Ekokeinuak egitera bultzatzea: ez aire girotze sistemarik ez eta bero sistemarik erabili, kontsumo apaleko anpoilak edo LED lehenetsi; tresnak erabiltzen ez direnean itzali,…;
- Lantalde guztiak ohartaraztea. Teknikariak mobilizatzea funtsezko etapa da energia aurrezte urraspide batean.
Nork lagun nazake nire urraspidean?
Hondakinen kudeaketarako, ekitaldien antolatzaileek hona jo dezakete: lurraldean den sailkapenaren enbaxadorea.
Bil ta Garbi Sindikatuak diruz laguntzen ditu hondakinen murrizteko eta balioan emateko aukera ematen duten garapen iraunkorraren eta ekonomia zirkularraren aldeko proiektuak.
ADEME agentziak ere hainbat laguntza baliabide proposatzen du ekoizte eta kontsumitze molde soilagoetarako trantsizioa laguntzeko.
Zerbait ments zaizu?