Ipar Euskal herria Seignanx paisaia plana
Euskal Hirigune Elkargoa eta Seignanx-eko Herri Elkargoa elkarlanean aritu dira Paisaia Plan bat lantzeko. Eremu horretako 166 herrietako paisaiak hobeki ulertu, babestu eta balioan ematea da dokumentu estrategiko honen xedea.
Eguneratzea:2026(e) ko ekainaren 3a

Zergatik paisaiaren ikuspegia hautatu?
Egunero, denenak diren leku eta paisaia ezberdinak bizi eta erabiltzen ditugu. Hemen edo nonahi, ikusten dugun paisaia naturaren eta gizakiaren arteko elkarreraginaren ondorio da, denboran zehar eraikia. Ondare gisa zaindu beharrekoa izanagatik, gure norbanako eta taldeko ongizatea ere funtsezko osagaia da. Paisaia etengabe eraldatzen da, hainbat giza jardueraren eraginez (industria, laborantza, hirigintza, turismoari etab.) baita klimari dagokion faktoreen eraginez ere. Etorkizuneko belaunaldiei transmititu beharreko bizi-ingurune nagusietako bat da.
Zer da Ipar Euskal Herria Seignanx Paisaia Plana?
Lurraldeko eragileekin elkarlanean, Euskal Hirigune Elkargoak eta Seignanx-eko Herri Elkargoak elkarrekin landu dute paisaia plana. Hainbat helburu ditu:
- Egungo paisaiak hobeki ezagutzea: haien aniztasuna, historia, tokiko berezitasunak eta baita hauek eraldatzen dituzten aldaketa-dinamikak ere;
- Eragileak eta herritarrak paisaiaren balioaren inguruan sentsibilizatzea eta mobilizatzea (bizi-ingurune, ondare kultural eta garapen jasangarriaren giltza gisa);
- Antolamendu proiektuak laguntzea, lurraldean modu harmoniatsuan txerta daitezen eta tokiko paisaien ezaugarriak errespetatu ditzaten;
- Etorkizuneko ikuspegi partekatua eraikitzea, bilakaerak aitzin ikusi (urbanizazioa, laborantza, azpiegiturak, energia trantsizioa, klima-aldaketa, etab.) eta norabide egokituak proposatzeko.
Paisaia plana ez da diagnostiko huts batera mugatzen. Ekintza-tresna bat da, orientazioak, ekintza-fitxak eta gomendio zehatzak proposatzen dituena. Hala, erabakitzen dutenak eta herritarrak gidatzeko errespetuzko antolaketa eta lurraldearen balioeste orekatua ditu helburu.
Zer jasotzen du Ipar Euskal Herria Seignanx Paisaia Planak?
Hiru fase nagusitan egituratzen da Ipar Euskal Herria Seignanx Paisaia Plana: diagnostikoa, paisaia-kalitatearen helburuak eta ekintza-plana.
Diagnostikoa eta paisaia-sekuentziak
Azterketak paisaia-aniztasun handia agerian utzi du, geomorfologiak eta giza jarduerek baldintzatua. Paisaia ikerketaren ondotik, lau paisaia-sekuentzia identifikatu dira. Lau paisaia sekuentzia horiek lurralde zabalez osatuak dira, denak ere ezaugarri ezberdinekin, geomorfologiari edo lurraren erabilpenari dagokionez.
- Itsasbazterreko eta itsasbazter gibeleko paisaiak: urbanizazioa, turismoa, laborantza eta natura uztartzen dituzten eremuak (itsasoak, itsaslabarrek, hondartzek eta estuarioek egituratua);
- Aturri ibarreko eta malda-eremuetako paisaiak: lautada alubialak, muinoak, basoak eta hezeguneak, laborantzaren eta jarraipen ekologikoen markapean;
- Lautada eta muinoetako paisaiak: lautaden eta erliebeen arteko trantsizioa, haran, Bocage eta herri zainduekin;
- Mendialdeko paisaiak: erliebe anitza, artzaintzak egituratua eta sare hidrografiko trinkoarekin.
Etorkizuneko agertokiak eta helburuak
Etorkizuneko paisaia agertokiak gaitzeko tresna dira aztertu lurraldean ibilbide bateratu bat agerian ezartzeko, paisaia berezitasunak, arriskuak, aukerak eta aitzineko urratsetan identifikatu erronkak aintzat hartzeko.
Hiru agertoki irudikatu dira Ipar Euskal Herria eta Seignanx-entzat:
- Autonomia: baliabideen eta energiaren aldetik autonomoa den lurraldea;
- Berotzen ari!: muturreko fenomeno klimatiko eta arrisku naturaletara egokitua den lurraldea;
- Elkarlana: lurralde iraunkorra eta aitortza handikoa, lankidetza sozialean eta partekatze-ekonomian oinarritua.
Ekintza-plana
Ipar Euskal Herria Seignanx Paisaia Planean 10 paisaia-kalitate helburu proposatzen dira, gaika edo lurralde mailan pentsatuak, paisaiaren antolaketa, babeste edo balioztatze ekintzak epe motz, ertain eta luzera gidatzeko. Hala, tokiko paisaiak berezkoak dituen ezaugarri eta berezitasunak errespetatzeko aukera ematen da.
6 paisaia-kalitate helburu tematiko, ekintzetan garatuak
- Ipar Euskal Herriko eta landetako paisaia mosaikoa sendotzea eta haren bilakaera laguntzea;
- Urarekin dugun harremana indartzea, klima-aldaketaren testuinguruan erabileren bilakaera kontuan hartuz;
- Tokiko energia trantsizioa sustatzea, paisaia errespetatuz;
- Paisaiak klima-aldaketara egokitzea erraztu, laborantza, baso eta zuhaitz-baliabideetan oinarrituz;
- Bizitzeko eta antolatzeko molde zentzuzkoagoak bultzatzea, baliabideen erabilera mugatuz eta tokiko paisaia eraikiaren nortasuna eta bioklimatismoa indartuz;
- Mugimenduan den lurraldea ezagutu eta bereganatzea.
4 helburu lurraldeko paisaia-kalitateari dagokionez paisaia sekuentziaren arabera deklinaturik:
- Itsasbazterra eta atzealdea: paisaia giroen aniztasuna mantentzea klima-aldaketa kontuan hartuz;
- Aturri ibarra eta maldak: Aturriko Ibarraren nortasunari berriz lotzea, bai eta Orxeko eta Boudigau-ko intzuren nortasunari;
- Lautadak eta muinoak: landa-paisaia berriak osatzea lautada eta muinoetan;
- Mendiak: agro-baso-artzaintza oreka zainduz mendi paisaien bilakaerak laguntzea.
2025–2030 ekintza plana
Kalitate helburu hauetako bakoitza azpi-paisaia-helburutan deklinatua da, ekintza ideia ezberdinei bide eginez. Euskal Hirigune Elkargoak eta Seignanxeko Herri Elkargoak bederatzi ekintza identifikatu dituzte 2025-2030 epealdian garatzeko. Ekintza horiek ez dira denboran hierarkizatuak: batzuk bi kolektibitateek batera eramango dituzte, eta beste batzuk, berriz, haietako baten esku egongo dira bereziki.
- Hesidun paisaiak iraunarazi eta berriz garatzea;
- Natura eta deskubritze guneen harrera hobeki antolatzea, publiko zabalaren aitzinean balioztatu eta sustatzeko;
- Zuhaitzei eta naturari dagokien lekua itzultzea, herri eta hiriguneak freskatzeko, lurzoruak berriz ere iragazkor bilakaraziz;
- Energia berriztagarriak paisaian eta hondarean hobeki txertatzea;
- Ikuspegi-puntuak identifikatzeko eta balioan jartzeko estrategia bat definitzea, kultur paisaiak eta paisaia ibiltariak azpimarratzeko;
- Kultura-ondarea (batez ere materiala) gehiago ezagutzea;
- Seinaletikarako gida bat proposatzea Euskal Hirigune mailan balioko duten irizpideak ezartzeko, Herriarteko Publizitatearen Tokiko Araubidearen osagarri;
- Lurraldeko eragileak eta biztanleak Paisaien eta energia berriztagarrien inguruan sentsibilizatzea, besteak beste petrolio-ondoko kontestuan;
- Paisaien behaketaren bidez klima-aldaketaren ondorioak agerian uztea.
Deskargatzeko
- Ipar Euskal herria Seignanx paisaia planaPDF - 56 orriak - 2,78 Mo
Orain
Uda honetan, oporrik ez gure hondakinentzat
2026(e) ko uztailaren 20a
Idortea Ipar Euskal Herrian: 30 herri edateko uraren "Alerta" egoeran, eta 128 "Zaintza" mailan
2026(e) ko uztailaren 17a