Laborantza eta Elikadura Politika

Euskal Hirigune Elkargoaren laborantza eta elikadura estrategia lurraldeko eragile guziekin apailatua da. Garatu nahi duen laborantza iraunkorra eta bertakoa da, kalitatezko sailei, zirkuitu laburrei eta elikadura sanoari balioa ematen diena, eta, aldi berean, baliabideak babesten eta berrikuntza sostengatzen duena.

Eguneratzea:2026(e) ko martxoaren 11a

Testuingurua 

Laborantza gure lurraldearen funtsezko zutabea da. Ekonomia moldatzeaz gain, Ipar Euskal Herriaren eta bertako paisaien antolamendu orekatuaren alde egiten du. 2018z geroztik, Euskal Hirigune Elkargoak laborantzaren eta elikaduraren arloan politika boluntarista darama.  

Hautetsiekin, laborantza eta biharko elikadura batzordeko kideekin eta Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluarekin eta tokiko laborantza eta elikadura partaide guziekin lankidetzan, Euskal Hirigune Elkargoak heldu diren urteetarako proiektu egituratzailea apailatu nahi izan du. Ipar Euskal Herriko  Lurralde Proiektuaren eta  Lurraldeko Klima Aire Energia Planaren ildo beretik doa, eta Mendi politika kontuan hartzen du. 

Bost norabide estrategikoak 

Laborantza dinamikak eta laborariak sostengatzea 

Ipar Euskal Herrian, beste lurralde anitzetan bezala, etxalde eta laborari kopurua etengabe apaltzen da, plantatze dinamika azkarra izanik ere. Etxaldeek handitzeko joera dute, eta beraz, zailak dira transmititzen. Etxaldeak utzi nahi dituztenen eta berriz hartu nahi dituztenen arteko eztabaida gune eraginkorra sortzea funtsezkoa bilakatu da, bereziki transmisioa familiatik kanpo gertatzen delarik. Euskal Hirigune Elkargoaren ekintzek beste partaideen esku hartzeen ildo beretik joan behar dute eta lagundu behar dute erronka horiei buru egiten. 

Helburuak: 

  • Laborariak plantatzen laguntzen dituzten egitura eta dinamiken sostengatzea
  • Plantatzeko proiektua dutenendako proba-gune dispositiboaren garatzea
  • Etxaldeen transmisioa erraztea
  • Etxaldeetan eskulanaren garapena egituratzen eta lanbidearen erakargarritasuna emendatzen laguntzea 
  • Etxalde ttipiei indarra ematea, lurraldeko jarduera mantentzeko
  • Laborari ofizioa sustatzea
  • Promouvoir le métier d’agriculteur

Tokiko laborantza ekoizpenak agerian ematea 

Ipar Euskal Herria ekoizpen anitzeko laborantza lurraldea da. Ekoizpen horiek herriaren paisaien, historiaren eta tradizioen aniztasuna erakusten dute. Etxaldeen bizikortasuna bermatzeko eta laborantzaren eta laborantzako elikagaien ehun dinamikoa mantentzeko, laborantzako irabaziak hobetzea ezinbestekoa da. Horrez gain, kalitate desmartxetan engaiatuz, ekoizpen sailak berriz lurraldera ekartzen dira, eta horri esker, jokabide agroekologikoak garatzen, gure paisaien kalitatea babesten eta gure trebetasunak iraunarazten dira. 

Helburuak: 

  • Lurraldean errotu kalitatezko ekoizpen sailen garapena sostengatzea
  • Etxaldeen aniztea sustatzea, garatzen ari diren sail berriak sostengatuz
  • Transformazioa (etxaldekoa eta laborantzako elikagaien arlokoa) eta hurbileko zirkuitu laburrak garatzen laguntzea 
  • Laborantza Biologikoa mantentzen eta garatzen laguntzea
  • Etxaldeen autonomia indartzea, bakarkako eta taldeko mailetan 

Ondasun komunak babestea: ura eta laborantzarako lurrak 

Euskal Hirigune Elkargoak 2020an ur baliabideari buruz egin ikerketak erakutsi zuen, klima aldaketaren ondorioz, ur baliabidearen eskuragarritasuna %30 apalduko zela hemendik 2040ra, eta horren ondorioak lurraldeko herrien erdiari baino gehiagori eraginen ziola. Hala, ur baliabideen kalitatea eta kantitatea babestea funtsezko erronka da, bai biztanleei edateko ura hornitzeko, bai bioaniztasuna eta laborantza jarduera babesteko. Egungo testuinguru honetan, lur jabetzaren presioa handia da, lurraldearen erakargarritasuna gora doa, eta laborantza azalerak argiki gutitu dira. Beraz, Euskal Elkargoaren ustez, egun Ipar Euskal Herriaren azaleraren %55 hartzen duten elikadura xedeko laborantzarako lurrak babestea funtsezko erronka estrategikoa da. 

Helburuak: 

  • Ur baliabideak babesten dituzten laborantza jokabideak garatzea
  • Jokabide agroekologikoak garatzen laguntzea eta bioaniztasuna babestea
  • Baliabideen babesari buruz sentsibilizatzea, komunikatzea eta laborariak informatzea
  • Laborantza xedea duten lurren prezioa kontrolatzea
  • Laborantza lurrak babestea eta eskuragarri bilakatzea
  • Etxaldeak eta enpresak klimaren nahasmenduari egokitzen laguntzea

Denendako elikadura sano eta iraunkorra ekoiztea 

Elikadura ohiturak aldatzen ari diren garai honetan (produktu gaintransformatuen eta etxetik kanpo hartu apairuen emendatzea), elikadura sanoa, anitza, kalitatezkoa, urtaroen araberakoa eta denentzat eskuragarria sustatzea egiazko erronka da lurralde honetan. Euskal Hirigune Elkargoak publiko guziendako laguntza-ekintzak segitu eta indartu behar ditu, helburu hori kausitzeko eta laborantzaren eta elikaduraren arteko lutura azkartzeko. Horretarako, tokiko kontsumorako tokiko laborantza ekoizpena agerian eman behar da. Gure ekintzen bitartez, elikadura burujabetza emendatu behar dugu, gure lurraldeko biztanle guzien onerako, erronka klimatikoen ildotik. 

Helburuak: 

  • Sukaldaritza kolektiborako zerbitzu iraunkor eta kalitatezkoa bultzatzea, lurraldeko eskolen onerako
  • Herrietako eta elkargoko kantinak laguntzea EGalim eta Klima eta Erresilientzia legeen helburuak betetzen
  • Kontsumoa berriz lurraldera ekartzen laguntzea, zirkuitu laburrak eta hurbileko zirkuituak garatzen lagunduz
  • Elikadura sanoa, bertakoa eta denendako eskuragarria laguntzea 

Ezagutza eta ikerketa hobetzea 

Orotariko krisiak bizi dituen testuinguru honetan (klima, osagarria, ekonomia, jendartea), laborantzak sekula baino gehiago egin behar die buru erronka anitzi: klima aldaketa murriztea eta horri egokitzea, jada laborantza sistemetan eragin handia baitu; ondasun komunak, hau da, lurra, ura eta bioaniztasuna babestea eta etxaldeen emaitza ekonomikoak hobetzea xede duten jokabide agroekologikoak garatzea eta zabaltzea; etxaldeen proteina eta nitrogeno autonomia hobetzea; ekoizpena berriz lurraldera ekartzea eta balio kate zuzenak sortzea, elikadura burujabetza indartzeko eta lurraldearen eta etxaldeen erresilientzia hobetzeko; belaunaldiak berritzea eta laborarien baldintza sozialak hobetzea. 

Helburuak: 

  • Ikerketa laguntzea, akuilatzea eta horretan parte hartzea, lurraldearekin harremanetan
  • Berrikuntza eta esperimentazioa akuilatzea
  • Emaitzak eta lortu ezagutzak zabaltzea, horietaz mintzatzea eta kapitalizatzea
  • Lurraldeko laborantza formakuntza garatzea 

L'ensemble de ces objectifs stratégiques sont développés dans le document de présentation de la politique communautaire et illustrés d'opérations déjà déployées sur le terrain ou en projet.