Zer da Euskal Elkargoko Gizarte Ekintzako Zentroa?
Euskal Hirigune Elkargoak bere gain hartu zuelarik elkargoaren intereseko gizarte ekintzaren eskumena, 2018ko azaroan, aldi berean, Euskal Elkargoko Gizarte Ekintzako Zentroa (EGEZ) sortu zuen, eta haren gomendio utzi zituen autonomiaren eta prekarietatearen alorrak.
Hala, 2019ko urtarrilaren 1etik, EGEZek bi alor horietan bi helburu osagarri betetzeko engaiamendua hartu zuen:
- zerbitzuen kudeaketa Ipar Euskal Herriko barnealdean bakarrik (Gizarte Ekintzako Udal Zentrorik ez zen edo behar bezala egituratuak ez ziren lekuetan)
- gizarte-garapena Ipar Euskal Herri osoan.
Zein dira bere egitekoak?
Zerbitzuen kudeaketa
Lehen urratsean, lehenago izan ziren hiru GEHZen (Xiberoa, Baigorri-Garazi, Bidaxunealdea) jarduerek aitzina segitu behar zuten. Horretarako, hiru zerbitzu nagusi plantan ezarri dira:
- etxez etxeko laguntza (zerbitzu emaile moldean eta mandatari moldean), lehengo GEHZei dagokien hiru sektore geografikoetan;
- etxez etxeko apairu banaketa 60 urtetik gorako pertsonei, ahalmen urriko jendeei edo pertsona ahulei, lehenik Xiberoa, Baigorri-Garaziko eta Iholdi-Oztibarreko sektoreetan, gero, Hazparnealdeko sektorean, eta, azkenik, 2023an, Bidaxunealdean;
- elkartasunezko janari saltegia Baigorri-Garaziko lurraldean eta hazkurri-banaketaren antolaketa Bidaxunealdean;
- azkenik, EGEZek segitu du lehengo Bidaxunealdeko GEHZek lurralde horretako herriei ematen zien zerbitzua bermatzen, legezko bizileku eskaerak egiteko eta ostatalekurako gizarte-laguntzako dosierrak osatzeko (adibidez, zahar etxe batean sartzean). Zerbitzu hori orain Garazi-Baigorriko sektoreko herriei ere eskaintzen zaie.
EGEZ sortu denetik, zerbitzu horietan aldaketa nabarmenak izan dira:
- etxez etxeko laguntza anitz emendatu da; Xiberoan areagotu egin da, ASAD elkartearen jarduerak xurgatu zirelako 2020an. Ondorioz, zerbitzu bateratu eta koherenteagoa eman zaie onuradunei;
- etxez etxeko apairu banaketarako antolaketa berria, 2022an indarrean jarri zen merkatu berriarekin. Horren bidez, zerbitzua zuzenagoa da lurraldeen artean, eta, bereziki, zerbitzu eskasia den eremuetara zabaldu da, hala nola Iholdi-Oztibarreko sektorera;
- elkartasunezko janari saltegiaren onura beste lurralde batzuetara zabaltzeko aukera aztertzea, 2022an eta 2023an egindako azterketa bati esker, Euskal Elkargoaren zerbitzuekin izenpetu partaidetza hitzarmen baten barnean (Lurraldeko Elikadura Proiektuari loturik;
- larrialdietako bi ostataleku sortzea Donibane Garazin, bata indarkeriaren biktima diren pertsonei eskainia, eta bestea gizarteratzeko bizitegi izateko bokazioa duena. Horrek, Euskal Elkargoaren, EGEZen eta Soliharen arteko lankidetzari esker, lurralde honetan ordu arte bete ez zen behar bati erantzuten dio.
Gizarte-garapena
EGEZen helburua da maiz elkarteek akuilatzen dituzten eta eragile publikoak, herritarrak eta boluntarioak ere elkartuz desmartxa kolektiboa sustatzen duten proiektu batzuk sostengatzea. Bai autonomiaren bai prekarietatearen alorretan, EGEZek esku hartuko du elkarteen aldean, esperimentazioak sustatuko ditu; hala erakusten dute urteko jarduera-txostenetan eta administrazio-kontseiluetan aurkeztutako adibide ugariek.
- Autonomiaren arloan, EGEZek bultza ditzake laguntza behar duten pertsonak etxean egotea sustatzen duten ekimenak, eragin dezake pertsonari laguntzeko lanbideen profesionalizazioan eta irudian, edo erraztu ditzake etxez etxeko laguntza-egituren esku-hartzeko baldintzak. Gainera, bultza ditzake bizileku kolektiboko molde berriak –bizilekuaren eta etxe berezituaren bitartekoak– edo mugikortasun-aterabide berriak adineko jendeentzat eta ahalmen urriko pertsonentzat.
- Prekarietatearen arloan, EGEZ bermatzen da Euskal Hirigune Elkargoak prekarietate handiarekin lotutako ekipamenduak sortzeko eta eskuragarri jartzeko hartutako engaiamenduetan (hotel soziala, Manuit aterpetzeko zentroa, Hazkurri Bankua, adibidez). Eguneko Harrera Guneak diruz laguntzen ditu. Indarkeriaren biktima diren emazteei zuzendutako ekimenak laguntzen ditu. Prezio sozialei buruz lurraldean egindako gogoetak elikatzen ditu. 2018an egindako Ipar Euskal Herriko Gizarte Beharren Azterketa indartzeko Prekarietateen Behatokia plantan ezartzea babesten du.
Gizarte-garapenak, halaber, laguntzen du kontuan hartzen gizarte gaiak eta Euskal Elkargoaren eskumenen bidez tratatuak diren beste problematika batzuk (bizitegia, mugikortasuna, laborantza eta elikadura, trantsizio ekologikoa, hizkuntza politikak eta abar) elkarri lotuak direla. Horrela, gizarte-garapenak laguntzen du gizarte gaiak zeharka eta horizontalki ikusten, bertikalki ikustera mugatu gabe (adibidez, jende kategorien araberako laguntza pertsonalizatuak).
Nola baliatu EGEZen zerbitzuez?
EGEZen zerbitzuez baliatzeko, irakur itzazu baliabide bakoitzari dagozkion web-orriak.