Mugikortasun iraunkorrak garatzea

Eguneratzea:2024ko azaroaren 22a

Altxatu beharreko erronkak

  • Talde garraioak garatzea, horien erabilera maila egungo % 4tik % 11ra igo dadin 2030erako;
  • Txirrinduaren erabilera azkarki areagotzea, gure lekualdaketen % 8 izateraino (egungo % 1aren ordez) 2030erako;
  • Oinez ibiltzea bultzatzea, batez ere kilometro bat baino motzago diren lekualdaketetan;
  • Garraio sektorearen berotegi efektuko gasen isurketak azkarki gutxitzea. Argindarrak eta gasak beteko dituzte mugikortasunaren beharren % 90 2050rako.

Jadanik abian direnak

  • 2017an sortu zenetik, Euskal Hirigune Elkargoak garraioei eman die lehentasuna, lurraldeko hautetsiek sarea errotik aldatu nahi baitute eta mugitzeko molde iraunkorragoetan inbestitu. Euskal Herri-Aturriko Mugikortasunen Plana 2022ko martxoan bozkatu genuen;
  • Errepide beteenak arintzeko, Mugikortasunen Sindikatuak zerbitzu maila gorako talde garraioak hautatu ditu, beraientzako bakarrik diren lerroekin. Lehen Tram'bus linea (T1, Baiona goialdea-Biarritzeko herriko etxea) 2019an hasi zen zerbitzu ematen. Bigarren linea egin zen gero, 2021ean, Tarnoze eta Marracq artean, eta Technocité-raino luzatu genuen gero, 2024ko irailean; 2026an Basusarriraino luzatuko da. Orotara, bi linea horiek 25km saretzen dituzte. Zerbitzu maila gorako hirugarren bus linea, Hendaia eta Baiona artean, Estatuaren «Transport en commun en site propre» deitu proiektu deialdiaren irabazle izan da eta egiteko bidean dugu;
  • TXIK TXAK marka eta txartel salmenta bakarra sortuz, Mugikortasunen Sindikatuak bere eskaintza orokorra ulergarriago egin nahi  ukan du. 2022az geroztik, abonamendu txartel bakarrarekin mugi zaitezke lurralde osoan zehar, lehen hamar bat tarifa zirelarik. Webgunea eta sakelakorako aplikazioa nork bere ibilbidea linea guztiak kontuan hartuz kalkulatzeko balia litezke, bai eta autobusak egiazki noiz pasako diren ikusteko eta txartelak linean erosteko;
  • Elkartasun tarifa % 75eko murrizketaraino duena, eman da plantan adinekoentzat, gazteentzat eta diru sarrera murritzekoentzat;
  • Mugikortasunen Sindikatuak bere zerbitzuak hobetzen ditu baita «in-situ» ere, txartelak ukitu gabekoaren bidez edo SMS bidez erostea erraztuz, autobusetan wifia emanez edota geldilekuetan seinaletika digitala kokatuz;
  • Aldi berean, garraio publikoen TXIK TXAK eskaintzak iraultzaño bat bizitu du. 2025eko urtarrilaren 6tik goiti sarea errotik aldatuko da eta maizago pasako dira bide nagusietako hala Tram'busak nola hiribus eta autobusak. Garraio zerbitzurik ez duten aldeetan, eskari bidezko garraio zerbitzua eskainiko da. Ipar Euskal Herria izanen da, hala, Frantzia osoan, garraio publikoetan alde hutsik ez duen lehen sarea. Helburua lekualdaketen erdia autoa ez bestelako moldez egin dadin da (autokidetza, txirrindua, oinez, talde garraioa). Horretarako webgune bat sortu dugu sarean eginen diren aldaketen berri emateko. Sindikatuak, horrez gain, lurralde osoan zehar 15 000 ikasle garraiatzen ditu egunero;
  • Bus/autoa edo bus/trena lotura egiten laguntzeko, Mugikortasunen Sindikatuak aldiriko aparkalekuak (P+R) ezarri ditu hirien sarreretan eta tren geltokietan. 9 aparkaleku eraiki dira jadanik eta beste 7 dira aurreikusiak, orotara 2500 leku eskainiz. Tren geltokietarako sarrerak erabat berritzen ari da ere eta sare guztiak (bus/tren/txirrindubideak) elkarrekin lotzen dituzten Aldagune Multimodalak sortzen ere. Baionako eta Hendaiako geltokietakoak jadanik antolatuak dira. Laster Biarritz, Donibane Lohizune eta Maignon Angelu/Baiona eginen ditu. Eta ibilaldien kostua apaltzeko, sindikatuak, 2025eko urtarrilaren 6az geroztik, TXIK TXAK + TER eskaintza berria  du Iparralde osoan;
  • Horiekin batera, sindikatuak autokidetzasustatzen du gidariaren gastuetan hilean 150 € arte itzuliz eta autokideei urritasuna eskainiz. auto-partekatzeabultzatzen du ere, TXIK TXAK eta auto elektrikoen AUPA Citiz partekatze zerbitzua batzen dituen eskaintzarekin (izen emate gastuak eta 3 hilabeterako abonamendua urririk + 20 €ko kreditua);
  • Txirrinduari dagokionean (egun, gure ibilaldien % 1) ere lurraldea azkarki inbestitzen ari da ahal den leku orotan txirrindu bide berriak eginez. 2027rako Ipar Euskal Herriko txirrinduen sarea ia bikoiztua izanen da, oraingo 140 kilometroetatik 260 km osatzera pasatuz; horren kostu osoa ia 30M €koa da. Horrekin batera, Mugikortasunen Sindikatuak txirrindu geltoki segurtatuak kokatzen ditu herrietan (7 kokatu ditu jadanik eta 11 ditu bidean) eta, 2022az geroztik, txirrinduen zaintza zerbitzu bat, urririk, antolatzen du udan zehar euskal kostaldeko 10 hondartzatan. Horiez gain, jendeek pedala dezaten bultzatzeko, sindikatuaktxirrindua epe labur baterako alokatzeko zerbitzua proposatzen du prezio apaletan, bai eta TXIK TXAK eta Pony txirrinduen artean adostu eskaintza bat. 800 bizikleta autozerbitzuan daude itsas bazterreko 150 aparkalekutan banaturik. Urtero, lurraldeko elkarteekin elkarlanean, txirrindu azokak antolatzen ditu ere;
  • Gure lekualdaketetarako ditugun ohiturak errotik aldatu nahiz, sindikatua heziketan ere ari da lanean. Enpresak eta ikastetxeak laguntzen ditu halako urraspideetan eta pedagogia jardunak sostengatzen ditu, hala nola Hankadun autobusa edo eskolen arteko mugikortasunen txapelketa;
  • Azkenik, hiri logistikaren aldatze erronka dela eta, sindikatuak garraio sektoreko profesionalekin sinatu du berotegi efektuko gas gutxiago isurtzeko aterabideak sustatzeko gutun bat;
  • Sindikatuak, bere aldetik, bere busak modernizatzen ditu eta, itsas bazterrean, zero isurketakoa izanen da 2035erako (% 40 jadanik 2025ean). Autobusak hidrokarburo birziklatuekin dabiltza lurraldearen gainerakoan, petrolio erauztea mugatzeko.

Arrakasta gero eta handiagoa

TXIK TXAK garraio sareak 12 milioi bidaiari garraiatu ditu 2023an. Sarearen erabilera % 10ean handitzen doa azken hiru urteotan.

Oraindik egitekoak

  • 2025eko urtarrilaren 6an, abian emanen dugu TXIK TXAK sare berria (+% 20 eskaintza itsas bazterrean, +% 113 itsas bazterraren gibelean eta + % 68 barnealdean);
  • T2 linea luzatzea Basusarri Makilaraino 2026an eta aldiriko aparkalekua eraikitzea;
  • Bizikletabideen antolaketa lanekin jarraitzea, 11 txirrindu-geltoki berri egitea Itsasuko, Milafrangako eta Uztaritzeko tren geldilekuetan, Donibane Lohizuneko, Biarritzeko, Hendaiako, Ahurtiko eta Kanboko tren geltokietan, eta aldiriko aparkalekuak Donibane Lohizunen (Xantako eta Ilargia) eta Baionan (Baionako goietan);
  • Donibane Lohizuneko eta Biarritzeko geltokien inguruak aldatzea (lanen lehen zatia 2025ean) Aldagune Multimodalak antolatuz;
  • 3 aldiriko aparkaleku berri antolatzea Milafrangan, Ahurtin eta Basusarri Makilan.
  • Akitania Berriko eskualdearekin batera, tren eskaintza areagotzen joatea (5 tren gehiago, 2025az geroztik, Hendaia, Baiona eta Akize artean)2032an, Donostia iparraldera Akizerekin eta ekialdera Donibane Garazirekin eta Pauerekin lotuko duen eusko-landetako eskualdeko trena sortzera heltzeko (RER).

Zu ere engaia zaitez!

Formulaire de satisfaction

Informazio horiek baliagarri gertatu ote zaizkizu?

Zerbait ments zaizu?

Nola hobe dezakegu orrialde honen edukia?

E-helbidea honela behar da idatzi: mail@example.com