Orori bizitegia eskuratzeko aukera ematea
Eguneratzea:2024ko azaroaren 22a
Altxatu beharreko erronkak
- Lurraldeko biztanle orori ostatatzeko aukera ematea, jabeak urteko alokairura jotzera eta ororentzat eskuragarri liratekeen prezioak ezartzera bultzatuz;
- Irabazi ttipiko familien bizitegi beharrei erantzutea, bizitegi lagundu berriak sortuz (alokairuan edo erosteko) lurralde osoan, Elkartasuna eta Hiri Berrikutnza Legeak ezarri betebeharrak betez;
- Dauden bizitegiak handizki berritzea eta herri barnean trinkotzea naturaguneak eta laborantza lurrak babesteko;
- Elkartasun gehiagorako aritzea, bizitegi eskaintza gehiago eginez prekarietatean direnei, ahalmen urritasunen bat dutenei eta mendeko pertsonei;
- Gure herri eta herrixkak eraikitzeko eta haietan bizitzeko manerak birpentsatzea, «Zero Artifizialtze Garbia» Legea gauzatuz, naturaguneen, laborantza lurren eta basoen kontsumoa 2031erako erdira murrizteko helburua ezarri baitu.
Jadanik hartu diren neurriak
- Elkargoak lehentasun bete-betean eman du bizitegia. 2021an, Tokiko Bizitegien Programa 2021-2026 ezarri zuen lurraldeak altxatu behar dituen erronkei koordinatuki erantzuteko (bizitegi lagunduen eskaintzaren birrorekatzea, herri barneen biziberritzea, prekarietatean direnenganako elkartasuna, etab.);
- Euskal Elkargoak erabilera aldaketari buruzko araudia eman du plantan, zeinean konpentsazio baten beharra ezartzen baita bizitegi turistikoak izugarri emendatzea mugatzeko eta urteko alokairuak bultzatzeko;
- Alokairuen kontrolatzeko baliabidea gauzatzearen alde egin du ere, eta 2024ko azaroaren 25ean hasi da indarrean, higiezinen arazo handia den sektoreetan alokairuen prezioa igotzea mugatzeko aukera eman beharko luke eta abusuzko prezioak eragotzi;
- Harrirako laguntzen bidez, Euskal Elkargoak parte hartzen du, Estatuarekin, Departamenduarekin eta herriekin batera, alokairurako bizitegi lagunduak eraikitzen (2227 bizitegi sortu dira). Lurraldeko eragileekin, eskuragarri diren prezioetan eros litezkeen bizitegiak eraikitzeko gutuna sinatu du;
- Gizarte mistotasuna bultzatzeko, Euskal Elkargoak behartzen du, hirigintza dokumentuen bidez, gutxieneko bizitegi lagunduen kopuru bat izatera eraikitze programa berrietan. Prekarietate handienean direnentzako larrialdiko ostatatze aterabideak garatzen parte hartzen du ere eta mendeko pertsonei etxean geratzen laguntzen die;
- Dauden eraikinen berriztapenaren gai garrantzitsuari dagokionean, Euskal Elkargoak Bizitegiaren eta Energiaren bi Etxe ireki ditu, bat Baionan eta bestea Donapaleun. Adituek urririk laguntzen dituzte etxe jabeak egin beharreko lanetan (isolatzea, mendekoek behar dituzten egokitzapenak, energia berriztagarriak). Harrirako laguntzei esker, beste laguntza publikoen osagarri gisa, etxe pribatuetako berriztapenak diruztatzen ditu ere eta bozkatu berri du energia berriztapen eraginkorretarako laguntza baliabide bat;
- Azkenik, herriekin batera, asmo handiko hiri berriztapeneko proiektuak daramatza lurraldeko gune estrategikoetan, hala nola Aturriren eskuin ertzean, Biarritzeko Irati zonan edota Encan deiturikoan Ziburun, bizi leku horien biziberritzeko;
- Euskal Elkargoak «Zero Artifizialtze garbia» Legearen inguruko solasladi handi bat antolatu du ere. Lege horrek etorkizunean eraikitzeko manerak sakonki aldatzera behartuko gaitu.
Oraindik egiteko ditugunak
- Bizitegien jokagaiak eztabaidan jartzen parte hartzea, hiriaren trinkotzearen gaia, hiri eta herri barneen paisaien bilakaeraren gaia, proiektuak ahal beste egokitu ditzagun eta onargarriago egin;
- Lurraldeko bizitegien berriztapenaren eragile eta adarren sarea egituratzea;
- Eskura ditugun akuilatze baliabideak, araudizkoak edo zerga bidezkoak plantan ematen jarraitzea, bizitegi hutsak eta gutxiegiko erabilera mugatzeko;
- Jende ibiltarien harrerarako behar diren lurren antolatzen jarraitzea.
Zu ere, engaia zaitez!
- Etxea berritu nahi? Jar zaitez harremanetan Ipar Euskal Herriko Bizitegiaren eta Energiaren Etxearekin. Zure urrats orotan lagun zaitzake;
- Hutsik duzun bizitegi bat merkaturatu nahi? Lagun diezazukegu ere;
- Bizitegi lagundu baten xerka zara? Gure webgunean atzemanen dituzu horretan gidatzeko informazio guztiak, hala alokatzeko proiektua bada nola erostekoa bada;
- Alokairuan bazara, begira ezazu ea zure bizitegia alokairu kontrolatukoa ote den;
- Jabea bazara, ezagut itzazu sasoirako alokairuari loturiko betebeharrak. Hauta dezakezu ere arrisku gabeko elkartasunezko alokatzea.
Zerbait ments zaizu?