Araudia eta ohitura onak euskal mendian
Euskal Mendian ibiltzen zara, bazkaleku bat kudeatzen duzu edo bisitariekin maiz harremanetan zara? Orrialde honetan lurraldean tokika aplikatzen diren araudi nagusiak aurkituko dituzu jarduera desberdinetarako: ibilketa, kanpamendua, bainatzea, ihizia, arrantza, etab.
Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 18a
Mendia... Errespetua urraspidea!
Mendiko jarduera desberdinen arteko elkarbizitza errazteko gisan, Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturala proiektuaren sindikatuak eta bere partaideek, Euskal Elkargoa barne, “Mendia...Errespetua!” urraspidea daramate, Euskal Mendiko lurraldean aplikatzen den araudia hobeki ezagutarazteko eta erabiltzaile desberdinak informatzeko helburua duena.
Dokumentazioa bisitariekin maiz harremanetan diren egiturei zuzendua zaie, hala nola bazkalekuen kudeatzaileak edo Herriko Etxeak, baita, orokorrago, euskal mendian dabilen orori, noiztenka bada ere.
Hemen aurkezturiko argibideek informatzeko, laburbiltzeko xedea dute. Ez da oso-osoa. Argitaratua den egunean eguneratua da baina irakurleak zuzenbide-liburuak edo profesionalak kontsulta ditzake. Webgune honetan deskribaturiko elementuak ez dira Euskal Hirigune Elkargoaren edota Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturalaren erantzuletasunaren meneko.
Arauturiko eremuak euskal mendian
Mapa interaktibo honek Herriko Etxeek, Mendi Elkargoek eta Oihan-kodeak tokika arautzen dituzten eremuak aurkezten ditu, Euskal Mendia lurraldean, honako gaien inguruan: zakurrak sokatik atxikitzea, aparkatzea, bibaka, kanpatzea eta kanpalekuko suak. Informazioa ez da oso-osoa, mapa hau eguneratua izanen da bilduriko argibideak jaso arau. Bestalde, bi araudi direlarik bata bestearen gainean, zorrotzena aplikatzen da.
Legeak eta ohitura onak
Jarduera orriak
Bilduma honetako orriek jarduera bakoitzari dagozkion indarrean diren legeak, aplika daitezkeen gaztiguak eta hartu beharreko ohitura onak biltzen ditu.
Karabanan bidaiatzea, bibaka
Kanpatzea haizu da horretarako antolaturiko guneetan (ikus mapa interaktiboa)
Bibaka ibiltaria onartua da eguzkia sartu eta jaiki artean, eta horretarako antolaturiko guneetan. Arauzko mugetatik kanpo, jabearen baimenak bibaka egitea ahalbide dezake.
Beribilak, furgonetak eta karabanak aparka daitezke, ekipamendurik zabaldu gabe, aparkalekuetan eta bide bazterrean soilik.
Jabe gisa, auzapezak bibaka eta kanpatzea arau dezake. Duen polizia eskumenaren harira, zirkulazioa ere murriztu eta arau dezake.
Ohitura onak
- Lehenik, argibideak bildu: herriko etxean edo Euskal Elkargoko turismo-bulegoan
- Surik ez piztu aire librean naturaguneetan, oihanetan, larreetan...are gutiago idorte garaian.
- Kaiolarretan ez egin lo, horretarako ez direlarik eginak
- Hondakinik ez bota, biodegradagarriak direlarik ere, komuneko papera bezala.
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Non lo egin mendian?Araudia
Suaren erabilerak
Gehienetan, kanpalekuko suak debekatuak dira Euskal Mendian:
- Oihanetan eta oihan bazterreko 200 metroko inguruan (oihan-kodea)
- Bazkalekuen kudeatzaileen lurraldeetan, erabaki bat hartu duten herrietan (ikus mapa interaktiboa)
- Beste lekuetan su bat pitz daiteke soilik jabearen baimenarekin
- Auzapezak suaren erabilera baimendu ala debeka dezake, prefetaren erabakiak finkaturiko mugetan, eta erabaki zorrotzagoa har dezake tokiko egoerak eskatzen badu.
Ohitura ona
Surik ez piztu naturagune batean
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Suaren erabilerak - Araudia
Ibilketa eta mendiko lasterketa
Euskal Elkargoak edo Departamenduak ditu ibilbide seinalatuak kudeatzen. Artatzen dituzte eta jabearen erantzuletasuna hartzen dute beren gain istripu bat gertatuz gero. Bide seinalatuez aparte, jabearen erantzuletasuna jokoan izan daiteke artatze arruntaren makur bat frogatuz gero. Ibilbide seinalatu guziak eskuragarri dira turismo-bulegoaren webgunean.
Ohitura onak
- Bide seinalatuetan egon
- Zakurra sokatik atxiki
- Xeilak hetsi zure gibeletik
- Animaliak ez hunki, ez bazkatu, abere-taldeak saihestu
- Surik ez piztu eta zigarreta muturrak ez bota
- Hondakinik ez bota, biodegradagarriak direlarik ere, komuneko papera bezala
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Ibilketa eta mendiko lasterketa - Araudia
Mendiko bizikleta
Euskal Elkargoak edo Departamenduak ditu ibilbide seinalatuak kudeatzen. Artatzen dituzte eta jabearen erantzuletasuna hartzen dute beren gain istripu bat gertatuz gero. Bide seinalatuez aparte, jabearen erantzuletasuna jokoan izan daiteke artatze arruntaren makur bat frogatuz gero. Naturaguneetan, bideetatik ateratzea debekatua da. Ibilbide seinalatu guziak eskuragarri dira turismo-bulegoaren webgunean.
Oharra: 250 Watt baino gutiagoko bizikleta elektrikoak “bizikleten” sailean sartzen dira, ez eta “ibilgailu motordunen” sailean.
Ohitura onak
- Surik ez piztu eta zigarreta muturrak ez bota
- Hondakinak ez bota eta zurekin eraman, biodegradagarriak direlarik ere, komuneko papera bezala
- Basa-lorerik, baiarik eta onddorik ez bildu baimenik ukan gabe.
- Antolaketarik ez sortu jabeen eta tokiko eremuko kudeatzailearen baimenik gabe, herriko etxean argibideak bildu jabeak ezagutzeko eta haiekin harremanetan sartzeko
- Xeilak hetsi zure gibeletik
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Mendiko bizikleta - Araudia
Mendian ibiltzea
Legeak motor termiko edo elektriko bat duten ibilgailu guziei aplikatzen zaizkie.
Mendian ibiltzea onartua da honako bideetan:
- Estatuko, departamenduetako eta herrietako errepide eremu publikoan
- Baserrialdeko bideetan, salbu auzapezak kontrako araua erabaki badu (ikus mapa interaktiboa)
- Bide pribatuetan jabeak baimena eman badu, adierazi gabe ere
- Antolaturiko lurrak: zirkuituak, zelaiak eta ibilbideak
Mendian, baimenduriko bide horietatik eta horretarako bereziki antolaturiko lurretatik kanpo ibiltzea debekatua da.
Ohitura onak
- Xeilak hetsi zure gibeletik
- Seinaleak errespetatu
- Baimenduriko bideetan egon: errepideak, zirkulazioari irekiak diren bideak
- Bideak ez andeatu (gurpil hatzik ez sortu)
Zerbitzu hornitzaileentzat eta taldeko ateraldietarako: Herriko Etxeekin harremanetan sartu ibilbide egokituak aurkitzeko
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Mendian ibiltzea - Araudia
Eskalada
Eskalada honi datxekion eta eskalatzaileak onartzen duen arriskua dakarren kirol lanjerosa da. Mendiko eta Eskaladako Frantziako Federazioa edo gunearen kudeatzailea ezin izanen da erantzuletzat jotzen ahalko. Eskalada gunea obra publikoa bada, kudeatzailearen erantzuletasuna jokoan izan daiteke artatze arruntaren makur bat frogatuz gero.
Duen polizia eskumenaren harira, auzapezak praktika murritz dezake, arrazoi zehatza emanez gero, baina ezin du guztiz debekatu.
Ohitura onak
- Abiatzeko aparkalekuetan edo bide oinetan diren taulak irakurri eta errespetatu
- Materiala kontrolatu
- Kurrituriko guneen aberedia eta loredia errespetatu
- Paretan ikusiko zenituzkeen hegaztien berri eman elkarteari edo federazioari
- Hondakinak ez bota eta zurekin eraman, biodegradagarriak direlarik ere, komuneko papera bezala
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Eskalada - Araudia
Espeleologia
Espeleologia honi datxekion eta espeleologoak onartzen duen arriskua dakarren kirol lanjerosa da. Natura-kirol horretan aritzean gertutako liratekeen istripuen kasuan, jabea ezin izanen da erantzuletzat jotzen ahalko.
Duen polizia eskumenaren harira, auzapezak praktika murritz dezake, arrazoi zehatza emanez gero, baina ezin du guztiz debekatu.
Ohitura onak
- Leizeek animaliak aterpetzen dituzten garaiei buruzko taulak eta argibideak irakurri eta errespetatu
- Ekipamenduak ezartzean (berme-gailuak, eskudela, bero gunea eta bibaka jartzea), gauenararik ez dagoela zaindu
- Harrabots guti egin eta gauenararik ez argitu edo argazkitan hartu (flasharekin),
- Gauenararik ote dagoen zaindu eta alde egin kolonia handi bat aurkituz gero
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Espeleologia - Araudia
Arroila jaitsiera
Euskal Mendian, erreketako bazterrak jabe pribatuenak dira.
Duen polizia eskumenaren harira, auzapezak praktika murritz dezake, arrazoi zehatza emanez gero, baina ezin du guztiz debekatu.
Ohitura onak
- Ateraldia artoski prestatu: eguraldi ona eta fidagarria, egoera onean den materiala jaitsieraren behar teknikoei egokiturik, norbere gaitasunei eta taldearen gaitasunei egokituriko zailtasun maila, uko egiten jakitea.
- Seinalatuak diren edo jadanik dauden bide eta xendrak lehenetsi
- Ingurunea ez andeatu
- Edozein arazo jakinarazi Suricate sareari
- Hondakinak ez bota eta zurekin eraman, biodegradagarriak direlarik ere, komuneko papera bezala
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Arroila jaitsiera - Araudia
Bainatzea eta itsasketa
Bainatzea haizu da debekatua ez den leku guzietan.
Ipar Euskal Herrian erreketan raftingean eta kanoan ibiltzea ez da mugatua. Haatik, Euskal Mendian, erreka bazterrak jabe pribatuenak dira. Orduan, horretarako antolatuak diren guneetan soilik lehorrera daiteke.
Duen polizia eskumenaren harira, auzapezak bainatzea debeka dezake sanotasun eskasiagatik, baina itsasketa ezin du debekatu.
Ohitura onak
- Ontziratzeko eta lehorreratzeko guneetan diren argibide taulak errespetatu
- Ontziratzeko eta lehorreratzeko, horretarako diren guneak erabili
- Mikro zentral hidroelektrikoen jarduera eta ur askatzeen praktika gogoan hartu, obren bazterreko seinaleak errespetatuHondakinak ez bota eta zurekin eraman, biodegradagarriak direlarik ere, komuneko papera bezala
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Bainatzea eta Itsasketa - Araudia
Ihizia
Ihiztatzeko, honako baldintzetariko bat bete behar duzu:
- Ihiztatzeko eskubidea ukan jabea zarelako,
- Ihiztatzeko eskubidea lortu eskualdaketa bidez,
- Onetsiriko Herriko Ihizi Elkarte baten kide izan.
Honakoek dituzte ihiziari loturiko jarduerak kudeatzen:
- 2020-2026ko Ihiziari loturiko jardueren Departamenduko Kudeaketa Eskema,
- Garai bereziak, ihizi moten arabera.
Ihizi eta basa-aberedi erresalbuetan ihiztatzea debekatua da.
Duen polizia eskumenaren harira, auzapezak segurtasun publikoa zaintzen du. Ihizia arau dezake behin-behinean murriztuz. Argibide gehiago fitxan.
Ohitura onak
- Ihizi garaiei eta ehizaldiei buruzko argibideak bildu
- Ihizia hasten eta bukatzen da ehizaldiaren hasteko eta bukatzeko seinalea emana delarik
- Parte hartzaile guziek jaka fluoreszente bat eraman behar dute.
- Ihiztariek ehizaldi bat aribidean dela jakinarazteko taulak ezarri behar dituzte
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Ihizia - Araudia
Arrantza
Auzapezak ezin du arrantza mugatu edo arautu.
Ohitura onak
- Zure materiala ez bota: amuak, beruna eta hariak, ur bazterrean
- Ur bazterreko bizitzaileen jabego pribatua errespetatu: jabego pribatuetan ez sartu, xeilak hetsi jabego batetik pasa behar izanez gero...
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Arrantza - Araudia
Droneak
Airatzean 800 gramoko masa baino gehiagoko droneak matrikulatuak izan behar dira AlphaTango atarian, eta argi-seinalez hornituak izan behar dira.
Honakoak debekatuak dira:
- Hegaldiak gauaz
- Jendearen gainetik iragatea
- Hegaldiak hiriguneetan
- Naturagune babestuen gainetik iragatea: Frantzian hegaldi murrizketen mapa interaktiboa eskuragarri da Geoportail atarian
Hiriguneetatik kanpo, droneen zirkulazioa libre da 150 metro goraino.
Auzapezak ez du jarduera hori arautzeko eskumenik.
Ohitura onak
- Lurreratu eta aireratu bertikalki, pilotuaren plomuan.
- Lurrean diren animalien eta abere taldeen gainetik ez iragan, hegaztien eta ugaztunen gibeletik ez ibili
- Barra arrokatsuetatik, lur-jausietatik, oihanetatik (oihan buru eta landare-errezel), elurtegietatik edo espezie batentzat babesgune, atseden hartzeko edo habia egiteko leku izan daitekeen beste edozein lekutatik 50 metro baino gutiagora ez ibili
- Lur arrasean ez ibili
- Tresnaren abiadura, mugimendu zakarrak eta zalutzeak mugatu
- Hegaldiaren goratasuna mugatu, ahalaz lurretik 50 metro goraino
- Begi hutsezko hegaldia errespetatu
- Harrapariak izanez gero, tresna berehala lurreratu
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Droneak - Araudia
Hegaldi librea
Hegaldi libreko kiroletan aritzean (delta hegala, oihal hegala, speed riding), praktikatzaileak kirolari datxekion arriskua onartzen du.
Auzapezak ez du jarduera hori arautzeko eskumenik.
Ohitura onak
- Goratasun apalegiko edo ezpondetatik hurbilegiko hegaldirik ez egin espezientzat garrantzitsuak diren garaietan (udaberria eta uda)
- Harrapari bat ezponda edo oihan batetik hurbil ikusiz gero, urrundu eta nehola ere ez ibili bere gibeletik ugalketa garaian (negua eta udaberria)
- Animalien gainetik ez ibili
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Hegaldi librea - Araudia
Lurraldearen kudeaketari eta erronkei loturiko orriak
Orri horiek lurralde osoan aplika daitezkeen zeharkako nozioak aurkezten ditu, praktika bat baino gehiagori lotuak direlarik.
Artzain-eremua
Erabilera estentsiboko eta sasoiko erabilera duten bazkalekuek dute artzain-eremua osatzen.
Kudeatzaileak edo hazleak ezin dira artzain ez diren erabiltzaileek eraginiko kalteen erantzule izan, artzain-seinaleek testuinguruari egokituriko jokabidea hartzera gomitatzen dutelarik (animaliak libro).
Departamenduan, jokabideari eta araudiari buruzko seinaleak jarriak izan dira bazkaleku kolektibo gehienetan.
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Artzain-eremua
Ondare naturalak eta eraikiak babesteko araudia
Arauzko eta legezko tresna ugarik Euskal Mendiko ondareak babesten dituzte
Argibide gehiagorako, orri hauek irakurri:
Zinpekoak
Lurraldean zinpeko agenteak arau hausteak egiatzat emateko eta isunak emateko eginbeharra duten agenteak dira.
Beren eskumenek zigortzen dituzten arau hausteak finkatzen dituzte.
Lurraldean, hauek izan daitezke zinpeko agenteak:
- Frantziako Oihaneko Bulego Nazionaleko agenteek Oihan Kodea errespetatua dela zaintzen dute
- Frantziako Bioaniztasunaren Bulegoko ikuskariek ingurumen arloko auzi poliziaren botereak dituzte
- Landazainak
- Hirizaindegiko poliziakideak
- Auzapeza...
Orri horretan zaindari bat zinpekoa izateko prozedura aurkituko duzu.
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Zinpekoak
Jabego pribatua - jabego publikoa
Jabego publikoak Estatuarenak, tokiko elkargoenak, erakunde publikoenak edo pertsona publikoenak diren ondasun guziak biltzen ditu, erabilera publiko bati esleituak direlarik.
Antolaketak eginak direlarik jabego publikoan, obra publiko bati dagozkio.
Jabego pribatuak jabego publikoan ez diren ondasun pribatu guziak biltzen ditu. Zuzenbide komuna aplikatzen da. Landa-bideak horien parte dira. Jabego publikoan kalteak eraginez gero, elkargoa izan daiteke erantzule.
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Jabego pribatua - jabego publikoa
Bideak eta xendrak
Herriko agintari gisa, auzapezak polizia eskumena du, baita landa-bideak artatzeko betebeharra ere. Bideei dagokien polizia eskumen berezia du. Ondorioz, landa-bideetako zirkulazioa ere bere gain hartzen du. Artatze lanak Herriko Kontseiluaren eskumenekoak dira, Herriko Etxeak jabe gisa esku hartzen baitu. Gisa berean, artatze lanei esleitu behar zaizkien gastuak erabakitzen du Herriko Kontseiluak, ez eta auzapezak.
Estatuaren ordezkariak, hots prefetak, landa-bideei dagokien administrazio-polizia eskumena du, zenbait zuzenbide agiri ditu esku hartzeko.
Mendiko bide gehienak bide pribatuak dira. Jabeak baimena eman behar dio ibilgailu motordunez ibili nahi duenari.
Argibide gehiagorako, orri hau irakurri: Bideak eta xendrak
Herriko etxeko ereduzko erabakia
Mendiko jarduerei dagokien araudiari buruzko Herriko Etxeko ereduzko erabaki hau deskarga dezakezu.
Laguntza behar dut
Xehetasunak ukaiteko, Euskal Elkargoko lantaldeekin harremanetan sartu:
- Natacha Bareyre: n.courdurie@communaute-paysbasque.fr
- Cécile Aguerre: c.aguerre@communaute-paysbasque.fr
- Nathalie Jaury: nathalie.ehmeb@cspsoule.fr
Zerbait ments zaizu?