Elikagaigintza Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herriko barnealdean nagusitzen den elikagaigintza bereziki garatua da haragiaren, esnearen, gozokien eta arrainaren sailetan. 200 enpresa baino gehiagorekin, elikagaigintzako industria 3 000 enplegu dira guti gorabehera Ipar Euskal Herrian, hots industria saileko %24 inguru.
Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 17a
Elikagaigintzako Industrien panorama Ipar Euskal Herrian
Elikagaigintzako industriak gure lurraldea egituratzen duten eragileak dira, baserrialdeko laborariekin lotura hertsian. Laborantza, hazkuntza edo arrantzatik jalgiriko lehengaiak jaki bihurtzen ditu.
Hona Ipar Euskal Herriko elikagaigintza eraldaketaren sail nagusiak:
- esnekiak;
- haragiaren eraldaketa eta gazitzea, haragiz osaturiko ekoizkinen apailatzea;
- arrainaren eraldaketa eta kontserbatzea;
- fruitu eta barazkien eraldaketa eta kontserbatzea;
- okintza-gozogintza ekoizkinak eta jateko pastak;
- kakaoa, txokolatea eta gozokiak, tea, kafea;
- garagarno, likore eta arno motako edariak.
Elikagaigintza eraldaketaren arloko enpresak, honakoak dira:
- 250 eta 5 000 langile arteko enpresak;
- 10 eta 250 langile arteko enpresa ttipi eta ertainak;
- 10 langile baino gutiagoko enpresa biziki ttipiak;
- haragia, esnea, zerealaren sailetan kide diren laborarien inguruan osaturiko kooperatibak.
Egitura mota bakoitzak badu bere betekizuna baloreen katean, ospe handiko ekoizkinen aniztasunean eta aberastasunean parte hartuz.
Elikagaigintzako enpresak euskal ekonomiaren zutabe dira, hala egitura handikoak nola ttipikoak. Tokiko enpleguak sortzen dituzte, turismo gastronomikoa bultzatzen dute eta baserrialdearen bizkortzean parte hartzen dute.
Ipar Euskal Herrian eraldaturiko ekoizkinak eskualdearen erakargarritasuna indartzen duten tradizio eta ondare eragileak dira.
Hiltzeko tresnak
Sortu denetik, Euskal Elkargoak garapen ekonomikorako eskumena azkarki baliatzen du, besteak beste hiltegien kudeaketan eta ustiapenean esku hartuz.
Euskal Elkargoak lurraldeko hiltzeko tresnak sustatzen ditu, hala jabe gisa duen erantzuletasunaren bitartez, nola lurraldeko tresna horien estrategia orokorrari buruzko gogoeta egituratzailea lagunduz.
Kudeaketa horrek tokiko hazleak sustatzea ahalbidetzen du tokiko azpiegitura egokiak eskainiz kabalak hiltzeko. Hiltzeko tresnak hazleen mundua eta tokiko haragi ekoizpenaren balorizazioaren arteko funtsezko katebegia dira.
Hiltegiak sustatuz, elkargoak prezioen erregulazioan badu eginkizun, hazleei lansari zuzena segurtatuz eta kontsumitzaileei prezio onak proposatuz. Horrek ekoizle ttipiei tokiko eta eskualdeko merkatuetarako bidea errazten zaie.
Ipar Euskal Herriko hiltegiek oinarrizko eginkizuna betetzen dute tokiko zenbait jarduera ekonomikoetan, laborantza ekoizpenaren saila, baita eskulangintza eta elikagaigintza egitura ere sustatuz. Hiltegiei zuzenki lotuak diren jarduera ekonomikoen artean ditugu:
- laborantza-ekoizpena: Ipar Euskal Herriko etxaldeen erdia hiltegien zerbitzuak baliatzen dituzten etxaldeak dira. Hiltegiek laborariei ekoizkinak balorizatzeko bidea eskaintzen die kabalak ekoizkin burutuak edo erdi-burutuak bihurtuz zuzenean,
- eskulangintza: haragiari loturiko janari-lanbide guziak (harakintza, urdaigintza, janari prestaren salmenta),
- haragia balorizatzen duen Ipar Euskal Herriko elikagaigintza egitura, hala nola mozteko lantegiak, gazikigileak eta kontserbagileak, haragiaren handizkako saltzaileak.
- Ipar Euskal Herrian, hiltzeko tresnen saila biziki ongi antolatua da. Lurraldean hurbileko 3 hiltegi daude, kabala anitzekoak, legezko egitura bereziekin:
- Angeluko hiltegia (16 000 tona): Euskal Elkargoaren jabegoan, BIGARD enpresak ustiaturik merkataritza-kontratu baten bitartez;
- Xiberoko hiltegia Maulen (3 200 tona): Euskal Elkargoko jabegoan, pertsona juridikoa eta finantzaketa-autonomia duen zuzeneko kudeaketak ustiaturik;
- Donibane Garaziko herriarteko hiltegia (3 000 tona): Donibane Garaziko Antolaketa Kudeaketa Hiltegia HeBHeSen jabegoan eta horrek ustiaturik, Garazi-Baigorriko eta Iholdi-Oztibarreko lurralde-eremuetako 44 Herriko Etxe direlarik kide.
Kalitate urraspideak
Ipar Euskal Herrian, laborantza edo elikagaigintza eraldaketaren bidez balorizatuak diren tokiko laborantza ekoizkinak kalitate urraspide batzuetan sartzen dira gehien-gehienak.
Kalitate urraspide horiek ekoizkinen trazabilitatea, kalitatea eta jatorria bermatzen duten labelak eta ziurtagiriak barne hartzen dituzte. Halaber, urraspide horiek betekizun garrantzitsua dute laborantza-ekologikoaren arloko ohituren garapenean.
Ipar Euskal Herrian, honako Kalitate eta Jatorri Sigla Ofizialak aurkitzen ditugu:
BJD (babestutako jatorri deitura):
- Ossau-Irati gasnak badu BJD, jatorria eta ekoizpen metodo tradizionalaren berme;
- Ezpeletako biperrak ere badu BJD.
- Haragi freskoa eta Kintoa urdaiazpikoaren BJD;
- Irulegiko arnoen BJD.
AGB (adierazpen geografiko babestua):
- Baionako urdaiazpikoak badu bere AGB, bere kalitatea eta ekoizpen eskualdearekiko loturaren berme;
- Pirinioetako bildoskiak ere badu AGB.
- Label Gorria:
Ekoizkin batzuek, hala nola Ipar Euskal Herriko etxaldeko hegaztikiak, Label Gorria lor dezakete, goi mailako kalitatearen berme.
Bio (laborantza biologikoa):
Etxalde anitz laborantza biologikoan ere engaiatzen dira, bio ziurtagiria duten fruituak, barazkiak eta beste jakiak ekoiztuz.
Kalitate urraspide horiek tokiko ekoizkinak balioan ezartzeko, kontsumitzaileei egiazko eta kalitate handiko ekoizkinak segurtatzeko eta tokiko ekonomia eta betiko antzeak sustatzeko bidea eskaintzen dute.
Zerbait ments zaizu?