Ostalaritza kolektiboan, nire ohiturak hobetzen ditut

Frantzian, urtero, 1,1 miliar apairu zerbitzatuak dira eskolako jantegietan. Bana beste, 100 gramo janari botatzen ditu ikasle batek apairu bakoitz, hots 100 000 tona hondakin urtean. Xahutzea murriztea ingurumenaren gaineko eragina mugatzeko, gizarte-ardura indartzeko eta eraginkortasun ekonomikoa areagotzeko tresna nagusi bat da. Izan Herriko Etxe bat edo saileko eragile bat, urraspide honetan zure laguntzeko aholku baliagarriak eta laguntzak aurkituko dituzu orrialde honetan.

Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 17a

Zergatik murriztu janari xahutzea ostalaritza kolektiboan? 

Janari xahutzearen aurkako borroka EGAlim legeak finkaturiko bost helburuetariko bat da (kalitatezko ekoizkin iraunkorrak hornitzea, proteina iturriak aniztea, plastikoak ordezkatzea eta mahaikideen eta erabiltzaileen informatzearekin batera). 

Ostalaritza kolektiboan janari xahutzea murrizteak honakoak ahalbidetzen ditu, besteak beste: 

  • Ingurumenaren gaineko eragina mugatzea: baliabideen xahutze eta berotegi-efektuko gasen isurtze gutiago;
  • Kontsumitzaileak hondakinak murrizteari buruz sentsibilizatzea eta hazkurri segurtasunean parte hartzea banaketa ekintza batzuen bidez;
  • Kostuak optimizatzea eta erreserben kudeaketa hobetzea

Zer dio araubideak? 

  • Ostalaritza kolektibo publiko eta pribatuaren sailak honako eginbeharrak bete behar ditu:
  • Egituraren janari xahutzearen diagnostiko bat egitea;
  • Janari xahutzearen aurkako urraspide bat plantan ezartzea;
  • Ahalmena duen elkarte bati emaitzak egiteko hitzarmen bat proposatzea, egitura batek 3 000 apairu baino gehiago apailatzen dituelarik egunean. 

Oraindik kontsumigarri den janaria botatzea edo kontsumi ezin bihurtzea debekatua da. Neurri hori urratzeak 3 750 €ko isuna sor dezake. 

2021eko agorrilaren 22ko Klima eta erresilientzia legeak ostalaritza kolektiboan apairuak erreserbatzeko aterabide baten esperimentazio bat plantan ezartzea ere aurreikusten du, janari xahutzearen aurka borrokatzeko xedez. 3 urtez aurreikusiriko esperimentazioak ostalaritza kolektiboaren zerbitzuetako kudeatzaile boluntarioak hunkitzen ditu, zuzenbide publikoko pertsona juridikoen ardurapean direlarik. 

Argibide gehiagorako, gobernuaren edo prefeturaren webgunera joan zaitezkete. 

Euskal Elkargoarekin gaia aipatu nahi baldin baduzu, mezu bat idatz iezaguzu helbide honetara: alimentation.durablecommunaute-paysbasquefr 

Zer egin dezaket xahutzea murrizteko nire herriko ostalaritza kolektiboan?  

Nire ohiturak aztertu eta herriko langileak sentsibilizatu 

Jantegietan janari xahutzea murrizteko, xahuturiko janari kantitatea neurtzea baliagarria da janari hondakinak pisatuz. Horrek parteak eta menuak egokitzeko bidea eskaintzen du, egiazko beharrei hobeki erantzuteko gisan. Aldi berean, haurrak eta langileak sentsibilizatzeak funtsezko eragina du janari xahutzearen ondorioak ulertarazteko. Elkarrizketak, afixak, tailerrak edo heziketa-ekintza batzuen bidez egin daiteke. Helburua da kontsumitzeko ohiturak aldatzea eta janariarekiko jokabide arduratsuago bat sustatzea. 

Bil Ta Garbiren laguntza xahutzea murrizteko 

Eskolako jantegietan duen eragina argi duelako, Euskal Hirigune Elkargoak horri eskainiriko animazio bat plantan ezarri du, Bil Ta Garbi Sindikatuaren Hondakinen Murrizketa eta Bereizketarako Animatzaileen lanean oinarrituz. 2019an proiektua abian jarri izan denetik, 23 jantegi lagunduak izan dira, izan zuzeneko kudeaketan (apairuak lekuan berean apailaturik) edo hornitzaile batek kudeaturik (hornitzaile batek dituelarik apairuak apailatzen eta jantegira banatzen). Adibide gisa, 2022-2023 ikasturtean laguntza hori baliatu duten

egituretan, bana besteko janari xahutzea 137 gramokoa zen bazkari bakoitz. Emaitza horietan oinarriturik, herriak xahutzea ttipitzeko neurriak hartzera gomitatuak izan dira: bazkarien eskaera haur kopuruaren arabera egokitzea, kantitatea egokitzea, ogiaren “xahutze-neurgailu” bat jartzea, etab. 

Elikamolde iraunkorrari buruz sentsibilizatzea Sarde Sardexkarekin 

Euskal Elkargoak kalitatezko elikamolde iraunkorrari buruzko sentsibilizazioa lehentasuntzat ere dauka. Horretarako, hitzarmen bat finkatu du Sarde Sardexka elkartearekin elikamolde iraunkorrari buruzko sentsibilizazio ekintzak eramateko ikastetxeetan (publikoak, pribatuak, ikastolak), 7-12 urte arteko haurrei zuzenduak nagusiki. Ikasturtean zehar antolaturiko 5 esku hartzeen bitartez, haurrek zentzumenen piztea, kultura-ondarea, ingurumena, osasuna eta kontsumoa bezalako gaiak aipatzen dituzte. 2019tik goiti, 1 230 haur sentsibilizatuak izan dira. 

Elkarteei emaitzak egitea 

Ostalaritza kolektiboaren harira, elkarteei emaitzak egitea janari xahutzea murriztea ahalbidetzen duen elkartasunezko urraspidea da, kontsumitua izan ez den janari soberakina balorizatuz. Janaria bota baino, elkargoak tokiko elkarteei eman diezaieke. Haiek diote egoera ezegonkorrean den jendeari banatuko. Jestu horrek ingurumenaren gaineko eragina mugatzean parte hartzen du, elkartasuna indartuz herriaren galtzarrean. Horrelako ekimenak ongi egituratua den antolaketa bat eskatzen du ekoizkinen osasun-segurtasuna bermatzeko. 

Ipar Euskal Herrian, egoera ezegonkorrean den jendeari zuzenduriko zenbait elkartasun-elkarte daude: Atherbea sukaldea, Arratseko mahaia, Zuekin, BAB Solidario

Izotz kutxa solidarioak elkarteak ekitaldietatik edo profesionalen jardueretatik jalgiriko janari soberakina biltzea proposatzen du elkarte horiei berriz banatzeko. 

Elkartasunezko hozkailuak jartzea 

2018tik goiti, Akitania Berriko Ekologia Pedagogikoaren Baliabide Zentroak (AEPBZ-CREPAQ) proiektu berritzaile bat garatu du: Zero Xahutze Hozkailua

Helburua egunero, gau eta egunez zerbitzu librean diren ekipamenduak esku uztean datza, eremu publikoan. Hozkailu batez eta janari armairu batez horniturik, bakoitzak janaria utz eta har dezake nahi eta behar bezainbeste, osasunbide eta janariaren osasun-segurtasun arauei zorrozki jarraikiz.  

Zero Xahutze Hozkailuaren hiru xede nagusiak hauek dira:  

  • Janari xahutzea murriztea;
  • Gizarte lotura eta elkartasuna sortzea;
  • Egoera ezegonkorrean den jendeari janaria emateko bidea erraztea. 

2018tik goiti, AEPBZ-CREPAQ zentroak 24 ekipamendu jarri ditu Akitania Berria eskualdean.  

Elkartasunezko Hozkailu bat jarri nahi baldin baduzu zure herrian, AEPBZ-CREPAQ zentroarekin harremanetan sar zaitezke: contactcrepaqong 

Herriko Etxeak jantegietako janari xahutzea murrizten laguntzea 

Jantegietan plastikoa (egosteko, berotzeko edo zerbitzatzeko edukiontziak) desagerrarazi nahi duten edo janari xahutzea murrizteko xedea duten ekipamenduak erosi nahi dituzten Herriko Etxeek diru laguntza bat eska dezakete Elikamolde iraunkorra proiektu-deialdiaren bitartez.  

Proiektu-deialdi horri buruzko argibideak eska ditzakezu helbide honetara idatziz: alimentation.durablecommunaute-paysbasquefr 

Elikamolde iraunkorrari buruzko sentsibilizazio eta heziketa elkarteak laguntzea 

Janari xahutzea murrizteko urraspidean Euskal Elkargoaren laguntza nahi baldin baduzu edo beste tokiko urraspiderik proposatu nahi baldin baduzu, gurekin harremanetan sartu: alimentation.durablecommunaute-paysbasquefr 

Diru laguntza bat ere eska dezakezu Ekologia eta Energia Trantsizioa Sostengatzeko Funtsaren bitartez. Elkarteak (kirol, kultura, aisialdi, gizarte, heziketa, elikamolde iraunkorrerako sentsibilizazio arlokoak) lurraldeko trantsizio ekologikoa eta energetikoaren alde ekintza zehatzak plantan ezartzen laguntzea du xede.