Nire elikagaigintza enpresa garatu nahi dut
Elikagaigintzan jarduera bat abiatzeko, zure enpresa garatzeko edo handitzeko, edo honen emaitza energetikoak optimizatzeko xedea baldin baduzu, zure sustatzeko laguntza sorta bat aurkituko duzu orrialde honetan.
Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 17a
Zure enpresa abiatzen duzu
2024an, Euskal Elkargoak elikagaigintzan berezituriko lehen mintegia estreinatu du, laborantza-ekoizkinak jaki bihurtu nahi dituzten egitura berrien garapena sustatzeko gisan.
Xedetzat harturiko publikoak haien jarduera aniztu nahi duten laborariak eta elikagaigintzan 2 urte baino gutiago daramatzaten enpresak dira.
Mintegiak teknologia-ingurumen egokia eskaintzen du, zubiak sortzen dituenak enpresaritza, ikerketa eta formakuntzaren artean. Tresna hori zubixka bat izan daiteke, trebatzeko eta merkatua ikertzeko trantsizio bat, nork bere eraldaketa tresna inbestitu aitzin.
Elikagaigintzari eta jarduera orokorrei eskainiriko mintegi misto horretan, Euskal Elkargoak gelak ezartzen ditu enpresari berrien esku, formula desberdinetan, bulego pribatu edo partekatuekin, lantegiak hotz-ganberez horniturik edo ez beharren arabera, merkatuan direnak baino merkeago.
Lurrak bilatzen dituzu
Euskal Elkargoari lurrak eskatzen dizkiozu zure egitura garatzeko xedez? Euskal Elkargoarekin ukanen duzun lehen hitzorduak zure enpresaren jarduera, zenbaki nagusiak eta estrategia aurkezteko eta kokapena, azalera eta helgarritasun betebeharrei loturiko beharrak zehazteko bidea eskainiko dizu. Zure eskaera kontuan hartua izanen da eta batzorde teknikoari helaraziko zaio. Ondotik Jarduera Ekonomikoko Eremuen gidaritza batzordean lurraldeko hautetsiei aurkeztuko zaie.
Lurraldeko lur-funtsen gaurko egoera eta eskaera kopurua handia kontuan harturik, lurren aitzin-esleipena lortzeak denbora har dezake. Denbora hori baliatzen ahalko duzu zure proiektua zehazteko: beharrak, negozio planaren iragarpenak eta finantzaketa ahalmena banketxeari egiaztatzea.
Hitzordua hartzeko, Laborantza zuzendaritzarekin harremanetan sartu: agriculture@communaute-paysbasque.fr.
Zure ekoizpen saila eraikitzeko, handitzeko edo berritzeko egitasmo bat baduzu
Euskal Elkargoak elikagaigintzako enpresen garapena sustatzen du Enpresa Merkaturako Laguntza Araudiaren bitartez.Dispositiboak lurraldeko elikagaigintzako enpresek daramatzaten ekoizpen eraikinen eraikitze, handitze edo berritze proiektuak sustatzea du xede. Zure proiektuak ohitura eta eraikuntza modu ekoarduratsuak barne hartu behar ditu.Zenbait ebaluaketa irizpideren arabera (jarduera mota, lehengaien jatorria, kalitatea, kokapena), Euskal Elkargoak proiektuak ikertzen ditu eta laguntzeko bidea aztertzen du palanka-efektu ahal bezain eraginkorra ahalbidetzeko gisan.
Enpresa Merkaturako Laguntza Araudia - elikagaigintzaren atalari buruzko argibide gehiago
Ekoizpen ekipamendu berriak erosi nahi dituzu
Gehienetan, ondasun proiektu batekin batera, eraldaketa saila modernizatzeko, ekoizpen tresnak eta ekipamenduak erosteko beharra ere agertzen da. Akitania Berria eskualdeak zure proiektuan lagun zaitzake.
Elikagaigintzan, Akitania Berria eskualdeko ekoizpen inbestimenduak sustatzeko dispositiboari buruzko argibide gehiago
Zure ekoizpen sailaren emaitzak hobetu nahi dituzu
Euskal Elkargoak enpresak trantsizio iraunkorrerako eta erresilientea, berritzailea eta arduratsua den industria-eredu baterako bidean laguntzeko kudeatzen duen Erresilientzia eta Emaitzak Kontratua (EEK) dispositiboari dei egin diezaiokezu.
Kontratu hori oinarrizko 3 gai ditu ardatz:
- trantsizio ekologikoa eta energetikoa;
- emankortasuna eta lan baldintzen hobetzea;
- berrikuntza eta erresilientzia.
Elikagaigintzaren misio kargudunarekin harremanetan sartu lehen hitzordu bat finkatzeko. Dispositiboaren edukia, ekintza sorta eta dosierra osatzeko moduak azalduko dizkizu.
Erresilientzia eta emaitzak dispositiboari buruzko argibide gehiago
Zure enpresa energia berdeagoetara eraman nahi duzu
Euskal Hirigune Elkargoak bere Klima Plana onartu du 2021eko ekainean. Ildo horretatik, helburu energetiko ausartak finkatu ditu, hala nola energia berriztagarrien garapen handia.
Euskal Elkargoak ADEMErekin kontratu bat izenpetu du laguntza dispositibo bat kudeatzeko eta lurraldean energia termiko berriztagarriak garatzeko. Lurraldeko Berokuntza Berriztagarriaren Kontratua dispositiboa erabakitzen laguntzeko ikerketak sustatzen dituen dispositiboa da (aitzin-diagnostikoak, diagnostikoak, proiektuen ikerketa). Elkargoei, elkarteei eta enpresei irekia zaie.
Argibide gehiago Lurraldeko Berokuntza Berriztagarriaren Kontratua orrialdean.
Zure enpresaren galtzarrean, uraren kudeaketa optimizatu nahi duzu
Hertsapen demografiko handia pairatzen duen lurraldean, eta klima aldaketak agerrarazten dituen erronken aitzinean, ur baliabidearen gaineko hertsapena gero eta handiagoa da, eta uraren kudeaketa eraginkorrago eta iraunkorrago bat eskatzen du.
Ura zaintzeko erronkak erraldoiak dira eta bere inbestimenduen gehiena horri eskaintzeaz gain, Euskal Hirigune Elkargoak enpresak edateko uraren kontsumoa optimizatzen laguntzeko programa bat plantan ezartzen du.
Horrela, Euskal Elkargoak elikagaigintzako enpresak haien ekoizpen tokian ura ez xahutzen laguntzen ditu.Enpresaburuak ekoizpen saileko langileei zuzenduriko sentsibilizazioa plantan ezartzera eta kontsumo gehieneko postuak identifikatzera akuilatuak dira, zaintza jarraikia ahalbidetuz.
Ekoizpen prozesuen optimizazioa beti zalantzan jarri behar da, elikagaigintzako enpresa gehienetan sortzeko edo/eta garbitzeko urratsetan ura sartzen delako eta bolumen handiak mobilizatuak direlako.
Aterabide berriak gogoetatu eta garatu behar dira ur gutiago xahutzeko, hala nola:
- garbiketa sistemak optimizatzea ur gutiago xahutzeko behar diren osasunbide arauak betez;
- ura berrerabiltzea ura berreskuratzeko sistemekin eta ura berrerabiliz, ahalbidetzen duten prozesuetarako;
- ur zikinen tratamendua kutsadura murrizteko sistemak plantan ezarriz, eta trataturiko uraren berrerabilera ahalbidetzea.
Euskal Elkargoak zure enpresan ura hobeki kudeatzen laguntzea nahi baduzu, elikagaigintzaren misio kargudunarekin harremanetan sartu: l.etchebest@communaute-paysbasque.fr
Ekoizkin berri bat merkaturatzeko finantzaketa bat bilatzen duzu
Ekoizkin berritzaile bat merkaturatu nahi baduzu eta elikagaigintzako enpresa ttipi bat bazara (10 langile baino gutiago) edo baserriko ekoizkinak apailatzen dituen etxalde bat bazara, diru laguntza bat eska dezakezu Balorizazio Proiektu Deialdiaren bitartez.
Argibide gehiago Balorizazio Proiektu Deialdia orrialdean.
Laguntza behar dut
Galderarik baldin baduzu edo zure urraspideetan lagundua izan nahi baduzu, Euskal Elkargoko zerbitzuekin harremanetan sartu agriculturecommunaute-paysbasquefr helbidera idatziz edo 05 40 39 71 42 / 07 61 82 41 01 zenbakira deituz.
Zerbait ments zaizu?