“Ekoizpenerako erabiltzen diren hirugarren lekuak eta Fabrikazio gune partekatuak” proiektu-deialdia
30.000 euroko aurrekontua, lurraldeko hirugarren lekuak laguntzeko
Eguneratzea:2026(e) ko uztailaren 22a
Hautagaiei hetsirik Bidaltzeko epemuga : 2025ko abuztuaren 31
Diruzko laguntza
Testuingurua
Abuztuaren bukaera arte zabalik dagoen “Ekoizpenerako erabiltzen diren hirugarren lekuak eta Fabrikazio gune partekatuak” proiektu-deialdia Euskal Hirigune Elkargoaren Ekonomia Sozial eta Solidarioa bide-orriaren zatia da. Tokiko lankidetzako dinamikak, ekoizpen iraunkorreko dinamikak eta lankidetzako jarduera produktiboen garapena bultzatzea du helburu.
2024ko ekainaren 15ean bozkatutako Garapen Ekonomikorako Eskemaren parte gisa, Euskal Hirigune Elkargoak lurraldeko hirugarren lekuak laguntzeko engaiamendua hartu du, enpresarien eta langileen leku berri gisa, gure lurraldean lankidetzako ekonomia garatzeko egokiak baitira.
2023ko martxoaren 3an, Ekonomia Sozial eta Solidarioa bide-orria onartzean, hirugarren lekuen agerpenari eta garapenari babesa ematea lehentasunezko eta gaur egungo ardatz gisa finkatu zen.
Horrela, Euskal Hirigune Elkargoak laguntza zuzeneko baliabide berri bat jarri zuen abian: “Ekoizpenerako erabiltzen diren hirugarren lekuak” proiektu-deialdia, baserrialdean eta hirian ekoizpen-funtzioak mantentzea edo itzultzea ahalbidetzen duten esperimentazio-leku horien hedapena errazteko.
2024an, Euskal Hirigune Elkargoak baliabide hori zabaldu nahi izan zuen, artisau-ekoizpeneko, ekoizpen digitaleko edo ekonomia zirkularrean berrerabiltzeko jarduerak daramatzaten esperimentazio, mutualizazio, elkarlan eta berrikuntza irekiko lekuen multzora.
Hala, 2025. urte honetarako baliabidea aberatsagoa da, eta hirugarren lekuen edo eragile profesionalen arteko lankidetza-logikak indartzeko ahala ere emanen du.
Proiektu-deialdiaren xedea
Hirugarren leku baten definizioa
Eragile-talde batek abiarazitako desmartxa sozial bat da, lurraldeko behar bati erantzuten dion lankidetzako ekonomia bat garatzea ahalbidetzen duena. Ekintza horiek auzo bat, herri edo hiri bat, ibar bat (bir)dinamizatzeko asmoz “beste era batera” eta tokian toki egiteko borondatetik jalgitzen dira. Desmartxa hori lan-eremu partekatu eta kolaboratibo batean gauzatzen da, non merkataritza-jarduerak edota merkataritzakoak ez direnak garatzen baitira.
Hirugarren leku bat ezaugarritzeko irizpideak:
- Gobernantza parte-hartzailea: gidaritza kolektiboa (herritarrak, elkartea), kudeaketa modalitateak eta sustatze kolektiboa.
- Lurraldean erroak eginak ukatea: herritarren eta bertako eragileen parte hartzea, lurraldearen behar eta berezitasunei erantzutea.
- Helgarritasuna: digitala, edonori eta edonorentzat irekia.
- Bihotz oneko harrera, lekuaren sustapena bermatzeko eta erabiltzaile-komunitateko kideen arteko interakzioak errazteko.
Ekoizpenerako erabiltzen diren hirugarren lekuak
Ekoizpenerako erabiltzen diren hirugarren lekuek lehen aipatutako irizpideak betetzen dituzte, eta ezaugarri gehigarriak dituzte, batez ere, ekoizpen-izaera.
Profesionalentzat irekiak diren fabrikazio-leku berriak dira, fabrikazio- eta ekoizpen-makinak mutualizatzeko aukerak eskaintzen dituztenak, gaitasunak, jakintzak eta trebetasunak partekatuz. Teknika berriak ikasteko eta sarean lan eginez berrikuntza irekia sustatzeko lekuak dira.
Hirugarren lekuko hainbat ekoizpen-mota daude:
- Lantegi partekatuak: serie ttipi eta ertaineko diseinua eta fabrikazioa (zura, metala, beste batzuk);
- Fablabeak eta maker espazioak: fabrikazio digitaleko lantegiak;
- Berrerabilpeneko lantegiak (adibidez: Konponketa lantegiak): laguntza teknikoa, gainziklapena, material biltegia eta abar.
Fabrikazio gune partekatuak
Espazio horiek, batez ere, ekoizpen-jarduerak egiten dituzten hainbat profesionalen artean fabrikazio-espazioak, produkzio-baliabideak, jakintza eta trebetasunak mutualizatzeko helburu ekonomikoari erantzuten diote. Ez dute hirugarren lekuen definizio osoa betetzen, baina ber ezaugarriak izan ditzakete.
Profesionalen arteko lankidetzak hainbat forma juridiko izan ditzake, eta, bereziki, artisau-elkarte edo -kooperatiba batena.
Ekoizpen-lankidetza
Ekoizpen-lankidetzak helburu hauek dituzten lankidetza-proiektuak barne hartzen ditu:
- edo aterabide iraunkor eta integratzaile berriak esperimentatzea, artisau- edota digital-jakintzak txertatuz,
- edo material iraunkor edo berrerabiliak erabiltzen dituzten edo lurraldeko hainbat eragilek partekatzen duten behar bati erantzutera bideratutako ondasun, ekipamendu eta higigarriak fabrikatzea.
Ekoizpen-lankidetza obratzen da I+Gko urratsen bidez, hala nola prototipoa egitea, maketatzea, produktua doitzea edo tresneria eta aparailuak ukatea.
Lagundu daitezkeen proiektu-eramaileak
Lagundu daitezkeen egiturak
Proiektu-deialdi honetan parte hartzen ahalko dute honako eragile hauek: elkarteek, kooperatibek, enpresek (ESS-eko Merkataritza Sozietateek), baina ez pertsona fisikoek.
Egiturak sortua izan behar du (matrikula-zk.), eta identifikatutako leku fisiko bat okupatu edo izan behar du.
Kokalekua
Hirugarren lekua eta proiektu-eramailea den egitura Ipar Euskal Herrian finkatuak izan behar dira.
Euskal Hirigune Elkargoak nahi du lurralde osoan proiektuak agertzea, baina arta berezia eskainiko die eremu zurian (hirugarren lekuen gabezia), hiri-eremu trinkoan eta Biharko Hiri Ttipi (Donapaleu, Donibane Garazi, Hazparne, Hendaia, Maule) labeldun 5 hirietan finkatuko diren proiektuei.
Laguntza eskura dezaketen proiektuak
Proiektu-deialdi hau pentsatua da hastapen-fasean laguntzeko:
- ekoizpeneko hirugarren leku bat sortzeko proiektuak,
- baden hirugarren leku batean tokiko ekoizpena laguntzeko jarduera berri bat,
- profesionalei eskainitako fabrikazio gune partekatu baten sorrera,
- hirugarren lekuek –edozein tipologiakoak direla ere– edo artisautzako profesionalek eramandako lankidetza-proiektu berritzaileko proiektuak.
Lagundu daitezkeen gastuak
Baliabide horri dagokion aurrekontua 30.000 eurokoa da.
Laguntzaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izan daiteke proiektu bakoitzeko, gehienez ere diruz lagundu daitezkeen gastuen % 50en heinean, gastuen behemuga 10.000 eurokoa izanik.
- fabrikaziorako behar diren materialak, makinak eta tresnak erostea;
- lankidetza-proiektuen barnean produktu berriak diseinatzeari eta garatzeari lotutako kanpo-gastuak (I+Gko ikerketa-gastuak, prototipoak egiten laguntzeko gastuak, etab.).
Hautatzeko irizpideak
Beherago aipatzen diren proiektuak ebaluatzeko irizpideak erabiliko ditu epaimahai bereziak hautagaitza-txostenak ikertzeko.
Ekoizpenerako erabiltzen diren hirugarren lekuetako proiektuetarako / badiren hirugarren lekuetako ekoizpen-jarduera berrietarako / lankidetza-proiektu berritzaileetarako
1 - Proiektuaren egokitasuna
Proiektuak erantzun behar die identifikatutako behar sozial eta ekonomikoei, eta tokiko lurraldeari balio erantsia eman behar dio, enpleguari, ekosistemari, partaideei eta abarri dagokienez.
Proiektuak bermatu behar du lurraldean dauden beste hirugarren lekuen osagarri gisa obratzea, bai jarduerari dagokionez, bai kokalekuari dagokionez.
2 - Lurraldean erroak eginak ukatea
Funtsezkoa da proiektuak lurraldeko alderdi interesatuak (biztanleak, eragile sozioekonomikoak eta abar) mobilizatzeko eta lurraldeko beste eragile batzuekin lankidetzak egiteko gaitasuna izatea.
3 - Proiektuaren eraginkortasuna
Proiektuak giza baliabideak eta baliabide teknikoak erabili beharko ditu bere helburuak betetzeko:
- Eskainitako giza baliabideen eta proiektu-taldearen kalitatea;
- Zerbitzuen eskaintzaren kalitate teknikoa (ekipamenduak / trebetasunak edota gaitasun teknikoak). Proiektuak ingurumen-trantsizioaren erronkei erantzun beharko die, eta ekonomia zirkularrari lotutako jarduerak edota desmartxak hedatu beharko ditu.
4 - Proiektuak denboran irautea
- Proiektuaren edota hirugarren lekuaren eredu ekonomikoak hibridoa izan beharko du, hau da, jarduera anitzekoa, finantza-baliabideen aniztasunarekin.
- Proiektuak hiru urterako garapen-perspektibak aurkeztu beharko ditu, haren bideragarritasun teknikoa eta finantzarioa estimatzeko.
5 - Lankidetzako desmartxa
- Proiektuak aurreikusitako lankidetza-prozesua eta haren gauzatzea aurkeztu beharko ditu.
- Lankidetzaren ekarpenak edo balio erantsia zehatu behar dira, baliabideei, gaitasunei, sareei eta abarri dagokienez.
Fabrikazio gune partekatuen proiektuetarako:
1 - Lur-funtsen eta ondasun higiezinen kudeaketa
Proiektuak lur-funtsen jabe izan behar du edo ondasun higiezin baten iraupen luzeko erabilera-kontratua izan behar du (alokatze-kontratu mota eta iraupena). Berralokatzea baimentzen da, kontratuekin bateragarria delako baldintzarekin.
2 - Bitartekoen mutualizazioa
Proiektuan, lankidetzaren ikusmoldea, erronkak eta bete nahi diren helburuak zehaztu beharko dira, eta, era berean, honako hauei buruzko baliabide komunak zehaztu beharko dira:
- kudeaketa (ekoizpen-ekipamenduak eta -baliabideak, hornidurak eta materialak erostea, ekipamenduak arauen arabera ezartzea, baliabide logistikoak, komunikazio-kostuak, kudeaketa administratiboa, kontabilitatea eta abar)
- giza baliabideak (langileak eskura ezartzeko hiruko hitzarmena, koordinazioa)
3 - Eragileen arteko sinergia eta lurraldean erroak eginak ukatea
Proiektuak zehaztu beharko ditu alderdi interesdun guziak inplikatzera bideratutako gobernantza hautuak eta modalitateak, eta proiektuak erraztu beharko ditu kolektiboaren baitako elkarrizketa eta lankidetza.
Eragileen arteko lankidetzak jardueren garapena indartzen lagundu beharko du, dela erantzun optimizatu baten bidez, dela baliabide kontsolidatuak mobilizatuz, dela eskumenak partekatuz, dela sarea dibertsifikatuz. Tokiko sail bat mantentzea edo egituratzea garapen-ardatz bat izan daiteke.
Proiektua antolaketa-berrikuntzako logika baten barnean sartzen ahalko da, eta lurraldetik lekutu ezina den enplegua sortzen lagundu beharko du.
Egutegia
Epaimahai berezi batek hautatuko ditu irabazleak. Ekonomia Sozial eta Solidarioko kontseilari ordezkaria izanen da epaimahaiburua, eta Ekonomia eta Berrikuntzako lehendakariordea ere izanen da epaimahaikide.
“Ekoizpenerako erabiltzen diren hirugarren lekuak eta Fabrikazio gune partekatuak” proiektu-deialdia egutegi honen arabera eginen da:
- 2025eko apirilaren 21a: hautagaitza fasearen irekitzea;
- 2025eko abuztuaren 31: hautagaitzak aurkezteko azken eguna;
- 2025eko iraila: txostenen azterketa eta hautaketa-epaimahaia;
- 2025eko urriaren 21a: sarituen bozketa;
Deialdi honen bidez lagunduko diren proiektuek dirulaguntza bat eskuratuko dute. Beste finantza-partaide batzuei bestelako dirulaguntzak eskatzen ahalko zaizkie, laguntza publikoak metatzeari buruzko araudia betez, eta Euskal Hirigune Elkargoari horren berri eman beharko zaio txostena aurkeztu orduko.
Hautagaitza-txostena
Hautagaitzak aurkeztea
Txostena nahitaez osatu beharko da argitaratuko den hautagaitza-txostenean eskatutako agiri guziekin.
Txosten osoa eskuratzean gauzatuko da hautagaitza.
Azken pieza abuztuaren 31ko 00:00ak baino lehen bidali behar da, mezu elektronikoaren data eta ordua horren berme izanez.
Txostenak aurkezten ahalko dira:
E-posta bidez: devecocommunaute-paysbasquefr (artxiboaren izenak enpresaren izena barne hartu beharko du).
Osatu gabeko txosten oro hautaketatik baztertuko da.
Deskargatzeko
- Araudia DOCX - 137,32 Ko
- Hautagaitza-txostena DOCX - 129,32 Ko
Laguntza behar dut
Argibide gehiago behar baduzu, Euskal Hirigune Elkargoko Ekonomiaren Zuzendaritza proiektu-eramaileen zerbitzuko da.
Kontaktua: devecocommunaute-paysbasquefr