Euskara ikasteko “Euskaldundu” beka
Ikastaldi trinkoen bidez euskara ikasi nahi dutenei zuzendutako bakarkako diru laguntza. Bekak ikastaldi trinkoen kostu pedagogikoak hartzen ditu bere gain.
Eguneratzea:2025ko otsailaren 25a
Hautagaiei zabalik Bidaltzeko epemuga : 2025ko apirilaren 15
Diruzko laguntza
Internet bidez egin liteke
Hautagaitzak aurkeztu behar dira 2025eko apirilaren 15eko gauerdiak aitzin.
Testuingurua
Euskaldundu dispositiboarekin, Euskal Hirigune Elkargoak euskal hiztun kopurua emendatu nahi du lurraldeko ikasleen, guraso gazteen eta herritar landunen aldean.
Dispositibo honek, elkargoko lurraldean bizi diren 18 eta 64 urte arteko helduei beka bat esleitzeko bidea ematen du, ikastaldi trinkoen bidez euskara ikasi nahi dutelarik, lanbide-, elkarte- edo norberaren proiektu baten harira.
Hauek ditu xedeko:
- lurraldeko etorkizuna euskaraz eraikitzen ahalko duten gazteak eta ikasleak;
- euskara transmititu eta beren haurrak euskarazko eskolaldian edo eskolaldi elebidunean lagundu nahi dituzten gurasoak;
- lanean diharduten helduak, euskara biziarazten ahalko dutelarik beren lanbide arloan;
- gau eskolako ikasleak, ikasketa prozesua zalutu nahi dutelarik ikastaldi trinkoak gehituz;
- euskara ulertzen duten baina mintzatzen ez duten 24 000 elebidun hartzaileak.
Nori zuzendua zaio dispositiboa?
Dispositibo hau elkargoko lurraldean bizi diren 18 eta 64 urte arteko helduei zuzendua zaie, euskararen eguneroko erabilera eskatzen duen lanbide-, elkarte- edo norberaren proiektu bat aurkezten dutelarik. Pentsio zibil edo militar baten hartzaileak ez dira hautagarri.
Beka baliatzeko, galdegileak zuzenbide komuneko finantzamendu dispositibo guziak mobilizatuak izan behar ditu lehenik (Formakuntza Kontu Pertsonala, lanbide heziketarako geldialdiak, sail-aldaketarako geldialdiak...) baita Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), Akitania Berriko Eskualdeak eta France Travail zerbitzuak bereziki euskara ikasteko finantzamendu dispositiboak ere.
Euskaldundu dispositiboa baliatzen ahalko da, bakarrik edo laguntza horiez gain, estaliak ez diren kostu pedagogikoak ordaintzeko. Hartzaile batek Euskaldundu beka behin baino gehiagotan eska dezake, gaitasun maila gorago batera heltzeko.
Formakuntza hautagarriak
Euskara ikasteko ikastaldi trinko hautagarriek irizpide guzi hauek bete beharko dituzte:
- Helburua: Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (HEEEB) B1, B2 edo C1 maila lortzea euskaraz. Lortu beharreko maila egokitzen ahalko da, beharrez eta justifikatuz, hartzailearen aktibitate arloko berezitasunen arabera;
- Intentsitatea: 30 oren astean gutienez;
- Iraupena: 120 oren gutienez eta 1 500 oren gehienez, hautagaien hastapeneko mailaren arabera;
- Garaia: 2024ko abenduaren 15a eta 2027ko abenduaren 31 arteko formakuntzak;
Tokia: Ipar Euskal Herriko, Euskadiko edo Nafarroako Erkidegoko lurraldeak, Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak baimendutako euskaltegi batean (baimendutako euskaltegien zerrenda eskuragarria da Euskal Elkargoaren webgunean).
Bekaren zenbatekoa
Bekaren zenbatekoa hona honetan finkatua da:
- 5€ formakuntza oren bakoitz Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroako Foru Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak baimendutako euskaltegi batean;
- 9€ formakuntza oren bakoitz, Ipar Euskal Herriko lurraldean kokatutako euskaltegi batean.
Aurreikusitako bekaren zenbateko orokorra hautagaiaren hastapeneko mailaren eta xedetzat hartutako mailara heltzeko behar den oren kopuruaren arabera kalkulatua izanen da: HEEEBko B1, B2 edo C1.
Ordaindutako zenbatekoa ezin izanen da formakuntzaren kostu orokorra baino goragoa izan, bestalde mobilizatutako finantzamenduek beren gain hartutako zenbatekoa kendu ondotik.
Hautagaitzen aurkezpena
Hautagaitzak aurkeztu behar dira 2025eko apirilaren 15eko gauerdiak aitzin.
Eskaerak egin daitezke:
- Internetez, lineako hautagaitza-inprimakia osatuz;
- mezu elektronikoz, hautagaitza-dosierra behar bezala osaturik euskaldunducommunaute-paysbasquefr helbidera bidaliz.
Bere hautagaitza-dosierra behar bezala eskuratua izan dela segurtatzen duen mezu bat bidalia izanen zaio galdegileari.
Dosier bat ez baldin bada behar den bezala osatua, proiektu-ekarleak 7 egun ukanen ditu, behin jakinarazpen mezua ukan eta, eskas diren frogagiriak aurkezteko. Hautagaitzak balioko du, dosier osoa eskuratua izan ondoan.
Hautagaitzak aztertzeko eta erabakitzeko prozedura
Euskal Elkargoko hautetsiz eta teknikariz osatutako batzorde batek ditu hautagaitzak hautatuko, dosierren arabera. Hautagaitza-dosierrek hautagaitzak aztertzeko bidea eman behar diote batzordeari, irizpide hauei begira:
- hastapeneko euskara maila;
- hautagaiaren lanbide-, elkarte- edo norberaren proiektua.
Dosierrak aztertu ondoan, hautatutako hautagaiak elkarrizketa batera deituak izanen dira, zerk akuilatzen dituen azal dezaten. Hautagaiak hautatu ondoan, Euskal Elkargoak “Euskaldundu” bekaren esleipenaren berri emanen dio hautagai bakoitzari, esleitutako zenbatekoa zehaztuz.
Ordainketa moduak eta hartzaileen engaiamenduak
Ordainketa moduak eta hartzaileen engaiamenduak zehaztuak dira otsailaren 14tik goiti telekargatzen ahalko den proiektu-deialdiaren araudian.

Laguntza behar dut!
Euskaldundu dispositiboari buruzko edozein xehetasun ukaiteko, Sylvie Chenal anderearekin harremanetan sar zaitezke: euskaldunducommunaute-paysbasquefr
Deskargatu
- Beka dispositiboaren araudia 2024-2027 PDF - 5 orriak - 289,49 Ko
- Izen-emate hautagaitza orria PDF - 4 orriak - 167,61 Ko
- Liste indicative de centres de formation à la langue basque / Euskaltegi batzuen zerrenda DOCX - 18,46 Ko