Haurtzaindegietan euskarazko harrera egiteko LEHA baliabidea

Laguntza tekniko eta diruzkoa Ipar Euskal Herriko haur txikien harlekuentzat euskarazko eskaintza egituratu dezaten: langileen formakuntza, iratzartze materiala, itzulpenak eta animazioen antolaketa.

Eguneratzea:2025(e) ko urriaren 26a

Hautagaiei zabalik Urte osoan har daiteke

Diruzko laguntza Laguntza teknikoa

Zergatik LEHA?

LEHA «Lehen Haurtzaroaren Euskarazko Harrera» erranaldiaren akronimoa da.

Testingurua eta jokagaiak

Haur txikien harrera bete-betean estrategikoa da euskararen biziberritzeko, hizkuntzaren transmisiorako hiru bideetako bat baita familiaren eta eskolaren ondoan. Hartara, xedea haur txikiak euskaraz hartzeko zerbitzu eskaintza garatzea da, lurraldeko leku orotan gurasoek elebitasuna hauta ahal dezaten beren haurrarentzat, duten heziketa proiektuarekin koherentzian, orori irekita izateko izpirituarekin.

Lurraldeko haurtzaindegien sarean euskarazko harrerako eskaintza egituratzeko asmoz, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP), Familia Laguntza Kutxa (FLK), Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Hego Akitaniako Laborantza Mutualitate Soziala (HAMS) eta Euskal Hirigune Elkargoa LEHA baliabidera bildu dira. Haurtzaindegien labelizatze baliabideak harrera elebiduna edo euskarazkoa eskaini nahi ditu. 

2024an, baliabide horri esker, 16 haurtzaindegi dira lagunduak: 

  • elkargo haurtzaindegi: Aguerria (Mugerra), Eihartzea (Bardoze), Laminak (Arrangoitze), Mamurrak (Ezpeleta), Pimprenelle (Kanbo), Talika (Maule-Lextarre), Ttipi Ttapa (Urketa), Xitoak (Hiriburu)
  • 5 herri haurtzaindegi: Dongoxenea (Hendaia), Irriñoak (Hazparne), Itsasargi (Donibane Lohizune), Pôle petite enfance de Saint Esprit (Baiona), Ttipittoak (Ahetze). 
  • 3 elkarte egitura: Kuluxka (Hazparne), Lekuonean (Itsasu), Urraska (Jatsu).

Norentzat da baliabidea?

LEHA labelizazio baliabidea haurtzaindegi publiko nahiz pribatu ororentzat da, hala dagoeneko badirenen kudeatzaileentzat nola sortze proiektu baten eramaile direnentzat. Kudeatzaileak hizkuntza proiektua beren egituraren funtzionamendu orokorrean pixkanaka sartzen joan daitezen laguntzeko xedea du, euskara nabarmen presente dela bermatuz, bai eta, aldi berean, harreraren kalitatea ere.

3 hizkuntza harrera eredu hautuan

Baliabideak 3 hizkuntza harrera molde edo eredu proposatzen ditu, elebidun edo murgiltzekoa. Molde bakoitza baldintza orri batek zehazten du, haurtzaindegiak eredua sistematikoki aplikatzeko behar dituen euskarazko bitarteko guztiak zehaztuz.

A eredua: Harrera elebiduna hautuan

Haurra ingurune elebidunean da hartua. Gurasoek euskara ala frantsesa hautatuko dute beren haurrarekin izanen diren banakako harremanetarako.

B eredua: Euskarazko murgiltze eredua

Haurra euskarazko ingurunean da hartua. Solasak euskaraz egiten dira.

C eredua: Harrera elebidun orokorra

Haurra ingurune elebidunean da hartua. Profesionalen erdia euskaraz zuzenduko zaizkio eta beste erdia frantsesez.

Labelizatze batzordea

Batzordekide dira Pirinio Atlantikoetako FLKren ordezkariak, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluarenak, Hego Akitaniako Laborantzako Mutualitate Sozialarenak, Euskararen erakunde Publikoarenak eta Euskal Hirigune Elkargoarenak. Label eskariak aztertzearen ardura du, bai eta labeldun haurtzaindegien jarraipena egitearena.

2 maila daude labelizatze ibilbidean

  • Labelduna: haurtzaindegiak betetzen baditu hautatu den ereduaren baldintza orrian zehazturiko baldintza guztiak. Bi urterako du labela.
  • Labelizatze bidean: haurtzaindegiak ez ditu hautaturiko ereduaren baldintza orrriaren baldintza guztiak betetzen. Labelizatze bidean da izendatua. EHEk lagunduko du behin betiko labela eskura dezan.

Euskal Elkargoaren laguntza

LEHA baliabidearen harira, Euskal Elkargoak laguntzen ditu euskarazko harrera eskaini nahi duten haurtzaindegiak, eta hartara:

  1. Egiturei azaltzen die zeintzuk diren labelizazio baliabidearen edukiak eta funtzionamendua;
  2. Hizkuntza eredua hautatzen laguntzen ditu label eskaria egiten dutenean;
  3. Eskaria bideratu ondoren:
    1. Egitura labelduna izatera heltzean, euskarazko eskaintza hori ikusgarriago egiteko, EHEren komunikazio ekintzak ukanen ditu lagun;
    2. Egitura labelizatze bidean dela adieraziz gero, laguntza tekniko eta diruzko plan batean sartuko da Euskal elkargoarekin, gero labela eskuratzeko xedez.

Labelizatze bidean izendatzen diren haurtzaindegien laguntza planak urteko bide orriak dakartzan hainbaturteko hitzarmen batez gauzatzen dira, zeinean zehaztuko baitira hala epeak nola aurrekontuak, bai eta baldintza orria betetzeko behar dituen bitartekoak pixkanaka eskuratzen joateko plantan eman behar diren neurriak.

Laguntza plan horien harira, haurtzaindegiaren kudeatzaileak Euskal Elkargoaren diruzko sostengua jaso dezake, hizkuntza harrera plantan emateak lekarzkiokeen gainkostuen arabera:

  • Itzulpen gastuetarako laguntza. Langileek euskara ikasteko formakuntzarako laguntza, euskarazko harrera plantan emateko behar duten hizkuntza maila eskura dezaten. Hor sartzen dira pedagogia gastuak eta ordezkapen gastuak;
  • Euskara ikasteko materiala erosteko laguntza;
  • Kanpoko esku hartzaileek proposatu euskarazko animazioetarako laguntza
  • Itzulpen gastuetarako laguntza.

Esku hartze maila

  • Haurtzaindegien kudeaketan herriek esku duten lurraldeetan (Euskal Kostalde-Aturri; Hego Lapurdi, Hazparneko Lurraldearen zati bat), Euskal Hirigune Elkargoak %50ean esku hartzen du, herriekin partaidetzan, Eskuduntza Eragilearen (ESER-OPCO) esku hartzearen zatia kendu ondoren; 
  • Haurtzaindegien kudeaketan herriarteko elkargoek esku duten lurraldeetan (Errobi, Errobi-Aturri, Garazi-Baigorri, Iholdi-Oztibarre, Amikuze, Xiberoa, Hazparneko Lurraldearen zati bat, Bidaxuneko Lurraldea), Leha baliabidearen harira labelizatze bidean izendatuak izan diren haurtzaindegi publiko nahiz pribatuen laguntza plan guztiak osorik dira diruztatuak.

Laguntza behar dut

Leha balaibideari buruzko zeinahi argibidetarako, Peio Labeyrie-rekin jar zaitez harremanetan, e-helbide honetan: p.labeyriecommunaute-paysbasquefr