Tokiko ekoizpenak balioan emateko proiektuen deialdia
Laborantza ustialekuentzako eta hazkurri eraldaketako enpresentzako diruzko laguntza tokiko ekoizpenak balioan emateko (produktu berriak, banabide labur eta hurbilez merkaturatzeko bide berriak).
Eguneratzea:2025ko apirilaren 22a
Hautagaiei zabalik Bidaltzeko epemuga : 2025ko ekainaren 10
Diruzko laguntza

Poiektu deialdiaren helburuak
Euskal Hirigune Elkargoaren lurralderako laborantza politikaren ardatz lehenetsien artean, laborantzak ekarri diru sarreren emendatzea dugu, tokiko laborantza produktuei eta laborantza-elikagai produktuei merezi duten balioa ematearen funtsezko asmoari jarraikiz.
Hona hemen proiektu deialdi honen helburua: laborariek (banaka edota taldean) edota laborantza elikagaien enpresek daramatzaten eta hemen beherean azaldu asmoak dituzten proiektuak gauzatu eta egituratzeko ekintza guztiak sostengatzea:
- Lurralde mailan, berrikuntzan aritzea honako alor hauetako batean edo batzuetan:
- Produktu berri bat edo batzuen egitea (bai eta nabarmen aldaturiko produktuak ere) egun eskainitzen diren produktuen multzoa handitzeko edota banabide labur eta hurbileko merkatu berrietara heltzeko xedez. Kasu berezia eginen zaie EHEk tokiko eskaintzan eskas direla uste duen adarretako produktu eraldatuei: behi esnea, hegaztikiak (aire zabalekoak/bio), zerealak eta lekadunak, fruituak, barazkiak, zerrikiak (aire zabalekoak/bio);
- Eraldaketa teknika berrien edota banabide labur eta hurbileko merkaturatze bide berrien garapena;
- Ingurumenari loturiko beste berrikuntzak egitea (paketatu gabeko merkaturatzea edo pakete biodegradagarriekin, etab.), marketina eta antolaketa;
- Laborarien diru sarrera balio erantsia sortuz handitzea;
- Lurraldean sendo erroturik diren laborantza produktuak (lehengaiak, produktu eraldatuak, ko-produktuak edota azpiproduktuak) balioan ematea;
- Kontsumitzaileen nahiei erantzutea, batez ere produktuen kalitateari eta trazabilitateari dagokienean, ekoizpen baldintzei, elikagaien eskaintzaren aniztasunari eta banabide labur eta hurbilekoen garapenari dagokienean;
- Ingurumenaren gaineko eragin gaiztoa murriztea, lurraldeari egokitu ekoizpenak lehenetsiz (tokiko produktuak, sasoikoak eta kalitatezkoak), eta berotegi efektuko igorpenak mugatzen dituzten ekoizpen moldeak bultzatuz eta bioaniztasuna eta lurren eta uraren kalitatea atxikitzen laguntzen dutenak faboratuz.
Proiektu deialdiaren moldeak
Proiektu deialdi honen molde guztiak Euskal Hirigune Elkargoaren Batzorde Iraunkorrak 2025ko apirilaren 16an eman deliberamenduaren arabera zehaztu dira.
Proiektu deialdiaren aldia
Proiektu deialdia 2025ko apirilaren 16etik 2025ko ekainaren 10aren 12:00 orenak arteko aldian izanen da zabalik.
Onuradunak
Honako hauek dira eragiketaren onuradunak:
- Laborari ustiatzaileak, Baserrialdeen eta Itsas Arrantzaren Kodearen L. 311-1 artikuluak dioen gisan laborantzan ari badira:
- Pertsona fisikoak diren laborari ustiatzaileak (bakarka ari direnak), 18 urtetik gorakoak eta jarduera nagusi gisa hala izen emanik direnak;
- Pertsona fisikoak diren laborari ustiatzaileak (bakarka ari direnak), 18 urtetik gorakoak eta bigarren jarduera gisa MSA delakoan izen emanik direnak, elkartasun bazkideak, edo laborantza test-leku txitatu estatutudunak, epe laburrean jarduera nagusi gisa kokatzeko proiektua bada;
- Pertsona moralak diren laborantzako ustiatzaileak (sozietate edo elkarte gisa ari direnak) laborantza helburua badute;
- Laborari taldeak laborantza ustialekuek bakarrik osaturiko (edo eite juridikoaren arabera osatu) pertsona moralean bildurik (gutxienik 3 laborantza ustialekuren taldea) lurraldeko laborarien produktuak balioan emateko helburua badute;
- Laborantza elikagaien eraldaketa enpresak (salbu jatetxe enpresak eta janari prestatzaileak) lanaldi osoko 10 lanpostu baino gutxiagokoak, 2008ko abuztuaren 4ko 2008-776 zk. Legea Ekonomiaren Modernizatzerakoaren (LME) 51. artikuluari jarraikiz, produktu berritzaile bat, prozesu berritzaile bat edota paketatze berritzaile bat lurraldeko ekoizpen batetik abiatuz garatzeko xedea badute.
Laborantza ustialekuek eta laborarien taldeek aurkeztu hautagaitza dosierrak lehenetsiko dira.
Proiektu deialdi honetara hautagai aurkezten den orok behar ditu elikagaien ekoizpenari dagokionean indarrean diren trazabilitate eta osasun segurtasun alorretako araudi guztiak bete. Egitura onuradunak eta haien lanak EHEren lurraldean behar dira kokatuak izan.
Euskal Hirigune Elkargoaren Laborantza, Arrantza, Laborantza Elikagaien eta Elikaduraren Zuzendaritzaren proiektu deialdien alorrean jadanik saritua izan den inongo proiektu eramailea ezinen da 3 urteko epe batean berriz ere hautagai aurkeztu, eta, epe horren ondoren aurkeztu ahal izateko, saritua izan zen proiektu hura bururaturik behar da izan (hitzarmenaren engaiamendu guzti-guztiak beterik).
Gastuen sartu ahal izateko data
Proiektu deialdi honen xedea sortzen diren proiektu berrien laguntzea da, 2024an hasteko direnak eta elkargoaren laguntzak bultzatuko dituenak.
Gastuak 2024an hasiko diren ekintzetara behar dira loturik izan, goizenik 2024ko apirilaren 10ean hasiak. Proiektua bururatzeko data 2026ko irailekoa izan behar da berantenez. Halarik ere, proiektuaren heduraren arabera, batez ere dituen asmo eta helburuak kontuan hartuz, data hori luza liteke.
Hautatzeko irizpideak
Proiektuen hautua goian aipatu proiektu deialdiaren honako bost hautapen irizpide hauen arabera aztertuko da:
- Urraspidea berritzailea izatea;
- Diru sarreraren hobetzea eta balio erantsia sortzea;
- Tokiko laborantza ekoizpenak balioan ematea;
- Kontsumitzaileen nahiei erantzutea;
- Ingurumenaren gaineko eragina hobetzea.
Bideratze moldeak
Sar litezkeen gastuak:
- Kanpoko laguntza zerbitzuak: azterketen eta adituen txostenen gastuak (merkatu azterketa, lehen eredu/entseguak egitea produktu berriren bat asmatzean edota errezeta berria plantan ematean, analisi sentsorialak egitea, paketatze ekologiko edota berritzaile berria plantan emateko ikerketa eta garapena, etab.). Kasu berezia eginen zaio zerbitzu horiek proiektua gauzatzeko duten interesari, bai eta aurkeztu diren kostuak zentzuzkoak izateari ere;
- Komunikazio euskarri eta tresnen asmakuntza;
- Markak INPI delakoan erregistratzea edo buru lanaren babesari loturiko bestelako gastuak;
- Proiektua plantan emateko behar diren hornikuntza eta materialetan egin inbestimenduak (salbu laborantza-elikagaien enpresentzat).
Sar ez litezkeen gastuak:
- Bilkuretan parte hartzen duten edota ekintzetan aritzen diren ekoizleen ordaintzea;
- Lehen zen bezalaxe ordezte edo berriztapen eragiketei dagozkien inbestimenduak;
- Mailegu-akura batek diruztaturiko inbestimenduak;
- Gauzak emanez egin ekarpenak;
- Lurra erosteko gastuak;
- Elkargo arau bati loturiko inbestimenduak;
- Proiektuari zuzenean loturik ez diren egituraren funtzionamendurako karga edo gastu guztiak.
Bigarren eskuko eta elkarjabetzako hornikuntzen gastuak banan-banan aztertuko dira.
Bestalde, proiektu deialdi honetan sar litezkeen gastuetarako ezinen da beste laguntza eskaririk egin eta are eta gutxiago diruztapen publiko bikoitza jaso. Proiektu eramaileek beste gastuetarako beste dosierrak aurkeztu ahalko dituzte, beste laguntza baliabideen karietara.
Gastuak zerga gabe hartzen dira kontuan (salbuespenez, zerga barne, zergapekoa izan ezean). Euskal Hirigune Elkargoak aurkeztu zaizkion gastuak sar ote daitezkeen erabaki dezake. Adibide baterako, berrikuntza proiektuaren zati baten gainekoa bada, Euskal Hirigune Elkargoak berrikuntzari loturiko gastuak besterik ez sostengatzea erabaki dezake.
Laguntzen kopurua eta mailak
Laguntzen mailak honako hauek dira:
- % 40 laborantza ustialeku batek daramatzan proiektuetarako;
- % 60 forma juridikoa duen ustialekuen talde batek daramatzan proiektuetarako.
Honako hauek dira dosier bakoitzean eman litezkeen laguntzen gehienezko kopuruak:
- 20 000 € laborantza ustialeku batek daramatzan proiektuetarako;
- 40 000 € forma juridikoa duen ustialekuen talde batek daramatzan proiektuetarako.
Diruztatzaile publikoek ekarri laguntzen kopuru osoak bete behar ditu laguntzen araubide edo araudiek baimenduriko laguntza publikoen mailak.
Proiektuen hautaketa
Proiektuen hautua horretarako hautespen batzordeak eginen du. Batzordekide izanen dira Euskal Hirigune Elkargoaren Laborantza eta Elikadura batzordekideak, goian aipatu hautagarritasun eta hautatze irizpideetan oin harturik.
Hautaturiko proiektu bakoitzari emanen zaizkion kopuruak Euskal Hirigune Elkargoaren zerbitzuek bideratzea egin ondoren esleituko zaizkio goian azaldu moldeei jarraikiz eta indarrean den araudia betez.
Hautaturiko proiektu bakoitzerako dirulaguntzetako bakoitza Euskal Hirigune Elkargoaren Batzorde Iraunkorrari aurkeztuko zaio, delibera dezan, 2024ko hondarrean berantenez.
Nolanahi ere den, proiektuen egokitasunaren eta kalitatearen arabera, diruztapen beharren arabera eta aurrekontuaren ahalaren arabera, Euskal Hirigune Elkargoak du erabakiko proiektu bat egokia den ala ez, berak esleituko du laguntza, proiektu deialdi honen barnean, eta zehaztuko du laguntzaren zenbatekoa.
Lurraldearen dinamikan parte hartzea
Euskal Hirigune Elkargoak kolektiboki nahi ditu balioan eman proiektu deialdi honen karietara izan diren emaitzak. Proiektu eramaileei eskatuko zaie aurkez ditzatela hautagaitza dosierrean azaldu helburuei loturik izan diren emaitzak. Euskal Hirigune Elkargoak euskal laborantza datuei buruzko datu irekien plataforma bat garatu du, ZABAL open data. Plataformaren helburua lurraldeko laborantzari buruzko datuak ukan eta eskuragarri egitea da. Elkargoa hautaturiko proiektuaren datuak anonimo egitera, fidagarri egitera eta kalifikatzera engaiatzen da. Emaitzak proiektu eramaileekin adosturik eman litezke balioan, zehazteke diren molde zenbaiten bitartez.
Hautagaitza dosierra
Hautagaitzen aurkezpena
Interesaturik den egitura orok hautagaitza dosier osotua aurkeztu behar du, berantenez 2025ko ekainaren 10ko 12:00 orenetan:
- Bide elektronikoz honako e-helbide honetan: ;
- Edo paperezko bertsioan, honako helbide honetan: Euskal Hirigune Elkargoa, Laborantza, Arrantza, Laborantza elikagaiak eta Elikadura Zuzendaritza, Foch Marexalaren hiribidea 15 - CS 88 507, 64 185 BAIONA CEDEX.
Dosierraren osaera
Aurkezten den dosierrak honako elementu hauek behar ditu ekarri:
- Data dakarren eskaera gutuna, legezko ordezkariak sinaturik eta dosierrak dakartzan informazioak zinezko eta egiazkoak direla bere ohoreagatik ziurtatuz;
- Onuraduna nor den azaltzea: izena, egoitza soziala, 3 hilabete gabeko INSEE matrikula agiria (edo KBis laburpena), MSA ATEXA delakoaren egoera agiria, helbidea, harremanetarako bidea(k), legezko ordezkariaren izena, dagokion jardueraren azalpena;
- Ustialekuen taldeentzat bakarrik: estatutuak eta sortze agiria (egunkari ofizialeko argitarapenaren kopia edo Prefekturan adierazi izanaren frogagiria);
- Proiektuaren aurkezpena: proiektuaren izena, proiektua kokatzen den testuinguruaren azalpen laburra (historia labur bat, eta, proiektu eramailearen arabera: egungo ekoizpen moldeak edo hornitze irizpideak, proposaturiko produktuak, salbideak, kalitate urraspideetara lotzea, bilakaera aukerak), proiektuaren eta dituen jokagaien azalpen xehea, egiteko asmo diren ekintzen aurkezpena, plantan emaniko baliabideen aurkezpena, kokalekuen eta gauzatze egutegiaren aurkezpena (10 orrialde gehienez, Word edo Open office formatuetan);
- Eragiketa diruztatzeko aurreikusi plana (1 eta 2 eranskinen ereduak) honako hauek xeheki azalduz:
- Gastu guztiak izaeraren arabera sailkatuak (inbestimenduak, proiektuari loturiko kanpo gastuak, bestelako gastuak);
- Diru baliabide guztiak (eskatzeko edota eskatu diren edota eskuratu diren dirulaguntza publiko guztiak, diru baliabide pribatuak, maileguak, autodiruztapena);
- Proiektuak sortu dituen diru sartze guztiak, halakorik bada.
Planak zehaztu beharko du ea gastu horiek zerga gabe ala zerga barne diren.
- Aurreikusi gastuen frogagiriak: eskatu eta jasotako aurrekontu guztiak;
- Banku-kontuaren datuak (RIB);
- Beste dokumentu osagarriak, dosierrera lotzeko interesgarritzat badituzu.
Aurkezturiko proiektua errealista eta egingarria izan behar da eta berantenez 2025ko hondarrean hastekoa.
Osorik ez diren dosierrak ez dira onartuak izanen.
Harremanetarako
E-helbidea: agriculturecommunaute-paysbasquefr

Laguntza behar dut
Deialdiarekin loturiko zeinahi galderatarako, honako hauengana jo dezakezu:
Lydia ETCHEBEST: l.etchebestcommunaute-paysbasquefr - Tel. : +337 61 82 41 01
Lucie MARCILLAC: l.marcillaccommunaute-paysbasquefr - Tel. : +336 12 03 63 09
Michel BIDEGAIN: m.bidegaincommunaute-paysbasquefr