OSTAVALS, Paisaiaren Etxea

Compostelako hainbat bideren bidegurutzean kokatua, Ostavals Paisaiaren Etxeak Oztibarreko Jondoni Jakueri loturiko ondarea, laborantzakoa eta gastronomikoa ezagutzera gomitatzen zaitu, erakusketa iraunkor baten, urte osoan antolatzen diren animazioen eta tokiko ekoizpenak balioesten dituen jatetxe goxo baten bidez.

Eguneratzea:2026(e) ko ekainaren 18a

Zergatik Paisaiaren Etxe bat?

Izura-Azme herrian kokatua, Compostelako hainbat bideren bidegurutzean, Ostavals Paisaiaren Etxeaesploraziorako eta kontenplaziorako geldialdi gisa pentsatua izan da. Oinezkoentzat, bisitarientzat nahiz bertako biztanleentzat zabalik den gune honek nortasun berezia duen lurralde hau hobeki ulertzeko aukera eskaintzen du. Munduan ezaguna den ondare jakobearrak, paisaia aipagarriek eta erro sakonak dituen laborantza-kulturak moldatu dute nortasun hori.

Eraikinak, bi solairutan banaturik, « Paisaiatik azietarat » erakusketa iraunkorra, urte osoan zehar antolatzen diren animazioak eta ostatu-jatetxe gune bat biltzen ditu. Guztiek Ipar Euskal Herriko barnealdeko lurraldea eta bertako ekoizpenak zentzumenen bidez ezagutzeko gonbita egiten dute.

Ba al zenekien?

Ostavals izenak herriaren iragan ospetsuari egiten dio oihartzun. Hala deitzen zen Izura Erdi Aroan, gaur egun desagertua den nafar-aragoiar hizkuntzaren aldaera zahar batean, « Romance Navarro » deituan.

« Paisaiatik azietarat » erakusketa

Urririk, sartze librean. Ostiraletik igandera zabalik, 10:00etatik 19:00etara.

Gure inguruko paisaiak ez dira dekoratu geldiak. Mendeetan zehar, haietan bizi izan diren eta gaur egun ere biziarazten dituzten emazte eta gizonek moldatu eta marraztu dituzte. « Paisaiatik azietarat » erakusketaren bidez, bisitaria bere ingurunea begirada sentikor eta jakin-minezko batez behatzera gomitatua da.

Bidaia kontenplazio une batekin hasten da. Banku batean jarrita, bisitariak aitzinean dituen Oztibarreko muinoen edertasuna miresten ahal du. Jokoek eta soinu-giroek paisaien eta bertako bioaniztasunaren aberastasuna hobeki estimatzeko aukera ematen dute.

Ibilbidea laborantzaren nortasunari eta praktikeri eskainitako gela batean segitzen da. Panel pedagogikoek, bideo-moduluek eta esperientzia interaktiboek erakusten dute laborarien jestuaren trebezia: natura ingurune anitzetara egokitzen jakin dute, eta beren aztarna utzi dute bizi izan diren lurraldeetan.

Erakusketak hazleen, baratzezainen eta ekoizleen lekukotasunak ere plazaratzen ditu. Ongi ekoizteari eta ongi jateari lotzen zaien atxikimendua eta lur hazlearenganako errespetua partekatzen dituzte. Horren lekuko dira bisitaldian agerian ezartzen diren sor-markadun ekoizpenak, salbuespenezko produktuak eta tokiko errezetak; ondo-ondoko jatetxeko plateretan ere aurkitzen direnak.

Ibilaldia kanpoko terraza handian bururatzen da. Orientazio-mahai batek inguruko interesguneak aurkezten ditu, bisitaria hormetatik haratago esplorazioa luzatzera gomitatuz.

Bisita laguntzeko urririkako aplikazio bat

GRALL bisita eskuragarriago eta aberatsago egiteko sortu den urririkako sakelako aplikazioa da. Erakusketan eskuragarri diren informazioak erraz kontsultatzeko aukera ematen dio orori. GRALL aplikazioari esker, honako hauek egiten ahal dituzu:

  • Eduki batzuen inguruko ezagutza sakondu;
  • Denentzat pentsatua izan den bisita-esperientzia inklusibo batez gozatu;
  • Zure beharretara egokitutako itzulpenak baliatu. 

GRALL deskargatu App Store eta Google Play plataformetan.

Animazioak eta baliabide pedagogikoak

Haurrentzako joko-kaieras 

Urririk — 6 eta 10 urte arteko haurrentzat

« Paisaiatik azietarat » erakusketarekin batera, kaier pedagogiko bat proposatzen da. 6 eta 10 urte arteko haurrei zuzendua da, heldu batek lagundurik (buraso, irakasle, animatzaile edo bitartekari batek).

Bisita laguntzeko tresna gisa pentsatua, haurrei erreferentziak eta ulermen-gakoak eskaintzea du helburu, erakusketan aurkezten diren elementuak behatu, izendatu, lotu eta interpretatzen laguntzeko.

Haurrak deskubrimendu-prozesu aktibo batean engaiatzea da xedea, haien jakin-mina eta gogoeta sustatzen dituzten ariketa ludikoen bidez.

Kaier hau bereziki Euskal Hirigune Elkargoak lehen mailako ikasleentzat garatzen dituen Hezkuntza Artistiko eta Kulturaleko ibilbideen baitan zabaltzen da.

Informazio gehiago:
05 59 37 66 65
contact.iholdioztibarre@communaute-paysbasque.fr

Deskargatu kaiera (PDF - 2,9 Mo)

Animazioak

Urririk — izena eman behar da

Oztibarre, bere ondarearen altxorrak, paisaia paregabeak, tokiko ekoizpenak eta lurraldea deskubritzea da Euskal Herriko Ingurumenaren Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorrak (CPIE Pays Basque), Sarde Sardexka-k eta Bixtori-k proposatzen dituzten bisita gidatuen xedea. Ibilaldi historikoek, naturaren erdian egiten diren ateraldiek eta sukaldaritza tailerrek mila aurpegi dituen lurralde baten sekretuak ezagutzera ematen dituzte.

Animazio guziak deskubritu

Hormetatik kanpoko ibilaldiak

Erdi Aroan, Izura Compostelara zihoazen beilarientzat pasabide garrantzitsua zen. Tours, Vézelay eta Le Puy-en-Velay-tik heldu ziren Jondoni Jakue bide nagusiek bertan egiten zuten bat, Pirinioetara buruzko ibilbide bakarra osatzeko. Garai hartan, herriak bizitasun handia ezagutu zuen: ostatuak, hotelak, merkatua eta bidaiarientzako ospitaleak bazituen. 1998an, Arüe eta Izura lotzen dituen 22 kilometroko zatia Gizateriaren Ondare izendatu zuten, Jondoni Jakue bideetako beste zazpi zatirekin batera.

Zure bisitaldia baliatu Izura-Azme herrian gaindi paseatzeko, bertako oihana, Haranbeltz auzoa eta Jondoni Nikolas kapera deskubritzeko edota Ostavals inguruan den Latxague gaztelua ezagutzeko. Beilari ibilbidea markatu duten lekukotasunak dira guziak, Erdi Arotik hona. Zure esplorazioa laguntzeko, hiru informazio-panel aurkituko dituzu tokian berean: elizaren ondoan, herriko etxearen ondoan eta herritik ateratzean.

Urrunago joateko baliabideak

« Beilari baten bizia Erdi Aroan » podcasta

Murgil zaitez Erdi Aroko beilari baten egunerokoan, Gauthier gaztearen urratsei segituz. Le Puy-en-Velay-tik abiatu eta Izura-Azmen geldialdia egiten duen gaztearen istorioa kontatzen du hiru podcastez osatutako sail honek.

Idazketa, errealizazioa eta soinu-sorkuntza: Fabien Brizzi
Ekoizpen eragilea: Bixie
Frantsesezko bertsioa: Fabien Brizzi-ren narrazioa
Euskarazko bertsioa: itzulpena, egokitzapena eta narrazioa, Bixente Hirigarai Labéguerie

« Ohiko paisaiak » kaiera

Kaier honek Ipar Euskal Herriko laborarien egunerokoa ezagutzera gomitatzen du, argazkien eta lekukotasun laburren bidez. Laborantzako jardueratik haratago, haien bizi-ingurunearen aberastasuna eta berezitasunak agerian ezartzen dituzten eguneroko esperientziak argitan ematen ditu.

Deskargatu kaiera (PDF - 48 Mo - fransezez)

« Paisaiatik azietarat: laborantzaren eta arrantzaren historia ttipiak Euskal Herrian » bideo-saila

Mahastizaintza, hazkuntza, arrantza, baratzezaintza eta arbolagintza: Euskal Herriak jakin izan du lurraldearen klimaren eta topografiaren berezitasunak baliatzen. Lau ataleko bideo-sail honek, tonu arin eta umoretsu batez, gaur egun euskal lurraldearen eta gastronomiaren ospea egiten duten jarduera-sektore horien historia kontatzen du.

Bideo-saila ikusi

Compostelako bideak Euskal Herrian

Euskal Herriko Jondoni Jakue kulturari buruz gehiago jakiteko, « Compostelako bideak Euskal Herrian » informazio-liburuxka deskargatzen ahal duzu (PDF - 5,94 Mo) edo Compostelako Bideen Frantses Agentziaren webgunea kontsultatu. 

Denentzat pentsatutako bisita

Europako mugaz gaindiko JACOB@CCESS proiektuaren saridun, Ostavals Compostelako bideetako turismo-gune irisgarrien sare baten parte da. Sare horretako gune guztiak desgaitasun egoeran diren pertsonentzat egokituak izan dira.

Eraikina hasieratik bertatik bisitari guziak hartzeko pentsatua izan da.

Eskuragarri diren zerbitzuen artean:

  • lurrean ezarri erreferentziak eta audio-gidatze sistema bat ikusmen urritasuna duten pertsonentzat;
  • mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokituak diren aparkalekuak, komunak, dutxak, igogailuak eta erakusketa-guneak. 

Ibilmolde hori laguntzeko, GRALL urririkako aplikazioak bisitarako informazio praktiko guzia eta erakusketari buruzko eduki osagarriak biltzen ditu.

Aplikazioa frantsesez eta euskaraz eskuragarri da, eta automatikoki beste hizkuntza anitzetara ere itzultzen ahal da.

GRALL deskargatu App Store eta Google Play plataformetan.

Ostavals jatetxea

Anthony Orjollet sukaldariak ongietorria egiten dizu bere laborari ostatu-jatetxean. Bertan, sasoiari loturiko sukaldaritza zintzo, espontaneo eta bihotzekoa proposatzen du.

Hemen, ekoizgaien kalitateak gidatzen du plater bakoitza, naturaren eta inguruko etxaldeen erritmoari jarraikiz. Herriko mahai bat da: xumea, bizia eta eskuzabala, tokiko eta benetako osagaiekin osatua.

Lurraldean erroak dituen sukaldaritza da, bere lurraldearentzat pentsatua. Edalontzi baten inguruan, bazkari batez edo afari batez gozatzeko biltzen da jendea, barruan nahiz terrazan.

Prezioak:
Menuak 20 eta 30 euro artekoak dira.
Kartako platerak 20 eta 40 euro artekoak dira.

Ordutegiak:
Jatetxea ekainaren 1etik azaroaren 30era arte idekia da, ostiraletik igandera, 9:00etatik 23:00etara.

Uztailaren 15etik agorrilaren 15era bitartean, astelehenetan ere idekia da, 9:00etatik 15:00etara.

Jatetxeari buruz gehiago jakin (fransezez)

Informazio praktikoak eta tokian berean aurkituko dituzun zerbitzuak

Helbidea

Ostavals Paisaiaren Etxea
140 Latsagako bidea
64437 Izura-Azme

Nola etorri Ostavalsera

Ordutegiak

Apirilaren 1etik azaroaren 30era arte, Ostavals gunea eta haren jatetxea idekiak dira ostiraletik igandera, 09:00etatik 23:00etara.

Uztailaren 15etik agorrilaren 15era bitartean, astelehenean ere idekia da 09:00etatik 15:00etara.

Irisgarritasuna

Ostavals eraikina eta erakusketa-guneak osoki irisgarriak dira desgaitasun egoeran diren pertsonentzat. Bisitarako informazio praktiko guzia eskuratzeko, deskargatu GRALL aplikazioa.

Tokian berean aurkituko dituzun zerbitzuak

  • Beilarientzat eta bisitarientzat komun eta dutxa libreak, eraikinaren beheko solairuan. Eguneko 24 orduetan erabilgarri dira.
  • Aparkaleku bat, ibilgailu elektrikoentzako kargaguneekin eta mugikortasun urriko pertsonentzat atondu bi tokirekin.
  • Bizikletentzako aparkalekua.

Eraikin ekologiko baten eredua

V2S Architectes bulegoak diseinaturik eta Euskal Hirigune Elkargoak gidaturik, Ostavals Paisaiaren Etxearen proiektuak lehentasuna eman die energia berriztagarriei eta jatorri biologikoko nahiz material berritzaileei. Izurako oihanaren kudeaketa iraunkorretik datorren zura erabili da egituraren eta hormen hezurduraren eraikitzeko. Oinarriak, berriz, Donapaleuko deseraikitze obra batetik ateratako harriekin egin dira. 

Eraikina egur-galdara baten bidez berotzen da. Galdara horrek basogintzatik heldu diren hondakinak baliatzen ditu: adarrak, zuhaitz-muturrak eta eraikuntzan erabili gabeko zura. Instalazio fotovoltaiko batek ere elektrizitate berriztagarria hornitzen dio guneari eta inguruko hainbat eraikin publikori. Ostavals proiektuaren baitan kokatzen den beste ekipamendu batek ere antzeko ikuspegia segitu du: Habitat Sud Atlantic-ek sustatutako desgaitasun egoeran diren pertsonentzako harrera-zentro inklusiboak. Haren eraikina zurezko egiturarekin eta lastozko isolamenduarekin eraiki da.

Partaidetzak eta diru-laguntzak

Euskal Hirigune Elkargoak eramana, Ostavals proiektuaren helburua Oztibarreko dinamika berpiztea da, turismo iraunkor eta inklusibo baten bidez.

2 milioi euroko aurrekontu orokorra duen proiektua hainbat erakunde eta kolektibitatek diruz lagundu dute:

  • POCTEFA : 300.259,53 €
  • Europak, Landa Garapenerako Europako Laborantza Funtsaren (FEADER) bidez: 47.956,53 €
  • DSIL / Pirinio Atlantikoetako Prefeturak: 249.956 €
  • Akitania Berria Eskualdeak: 365.000 €
  • Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak: 250.000 €
  • Euskal Elkargoaren autofinantzaketa : 1 315.320,35 €

Sartu gurekin harremanetan

Galdera bat, ohar bat? Sar Paisaiaren etxearekin harremanetan 05 59 37 66 65 zenbakira deituz. Idatziz ere sartze ahal zarete harremanetan contact.iholdioztibarre@communaute-paysbasque.fr helbidera idatziz. 

Formulaire de satisfaction

Informazio horiek baliagarri gertatu ote zaizkizu?

Zerbait ments zaizu?

Nola hobe dezakegu orrialde honen edukia?

E-helbidea honela behar da idatzi: mail@example.com