Airearen kalitatea Ipar Euskal Herrian

Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 17a

Zer da airearen kutsadura? 

Airearen kutsadura airean dauden mota anitzeko jatorri kimiko, biologiko edo fisikoko ekai kutsagarriek airearen kalitatea hondatzean datza.  

Gizakiaren osasunari, izaki bizidunei, klimari edota ondasun materialei (ondare eraikia, adibidez) eragiten die. Airearen kutsaduraren eragina hautematen da zuzenki tokika, berotegi-efektuko gasaren prozesu orokor batean sartzen delarik. 

Airearen kutsadura gai korapilatsua da, zenbait isurtze motei egotz daitezkeena: garraioak, berokuntza, industria, laborantza, baita lurraldeko ezaugarriei ere: hiri guneak, baserrialdeak, zelaiak, mendiguneak, etab.  

Kutsadura ez da kanpoan soilik aurkitzen. Barneko airearen kutsadurak ere osasun-erronka handiak dakartza. Alabaina, gure etxe barneetan, beste ekai kutsagarri iturri batzuen arriskupean izan gaitezke, hala nola garbigarriak, eraikuntza eta apainketarako ekaiak, altzariak, mutxidurak, tabakoaren kea edota barneko usain onak... 

“Airearen kalitatea hobetzearen alde aritzea bizi ingurumenaren, osasunaren eta bakoitzaren ongizatearen hobetzean parte hartzean datza. Ingurumenaren begiratzean parte hartzea da, baita lurraldeko erakargarritasunean ere.” (iturria: ADEME) 

Nola neurtzen da airearen kalitatea?

Airearen kutsaduraren arriskupean izatea aldakorra da garaia eta lekuaren arabera. Bakoitza ibiltzen ohi den lekuen eta eginiko jardueren araberakoa da. Bi esposizio maila bereizi behar dira: 

  • Kutsadura kronikoa edo “giro kutsadura”, esposizio errepikakorra edo jarraikia sortzen duena, zenbait urteren epean edo bizitza osoan;
  • Kutsadura garaiak edo “kutsadura handiko egoerak”, aldi bateko gertakariak direnak, Frantzia mailako araudiak zehazten dituen informazio eta aholku maila edo alerta maila gainditua edo gainditua izateko arriskuan delarik, airearen lau kutsagarri hauei dagokienez: 10 mikrometro baino gutiagoko partikulak (PM10), ozonoa (O3), nitrogeno dioxidoa (NO2) eta sufre dioxidoa (SO2). 

Ipar Euskal Herrian, airearen eskualdeko behatokia den Akitania Berriko Atmo elkarteak du airearen kalitatea jarraitzen eta aztertzen. Lurraldean hiru neurketa-estazio finko dira, airearen kalitatearen eguneroko jarraipena ahalbidetzen dutenak: 

  • Baiona – Saint-Croûts: nitrogeno-oxidoak, PM10 eta ozonoa zaintzea; 
  • Baiona – Angelu: nitrogeno-oxidoak, PM10 zaintzea;
  • Baiona – Biarritzeko hipodromoa: nitrogeno-oxidoak, PM10, PM2.5 eta ozonoa zaintzea. 

Zer da airearen kalitatearen maila ipar euskal herrian?

Eguneroko neurketak 

Akitania Berriko Atmok airearen kalitatearen eguneroko mapa bat proposatzen du bere webgunean, baita biharamunerako iragarpenak ere.  

Zaintza dispositibo honen emaitzek, oro har, airearen kalitatearen egoera ona adierazten dute lurraldean. Bestalde, “txarra edo biziki txarra” indizeko egunei dagokienez, egoera pixkanaka hobetzen ari dela ohartzen gara, 2016tik goiti etengabe ttipitzen delarik. 

Nire herriko airearen kalitatea ezagutu 

Airearen kalitatea Baionan 

Ipar Euskal Herriko klima Planaren airearen kalitatearen diagnostikoa 

Ipar Euskal Herriko Klima Planaren apailatzearen harira, Euskal Elkargoak bere lurraldeko airearen kalitatearen diagnostiko osoa eginarazi du, arauzko zenbait ekai kutsagarriren azterketa xehea barne hartzen duena (PM10 eta PM2,5, nitrogeno-oxidoak, konposatu organiko lurrunkorrak, sufre dioxidoa eta amoniakoa). 

Ikerketa honen emaitzak eskuragarri dira Ipar Euskal Herriko Klima Planaren diagnostiko txostenean (110-120 or.). 

Portu guneko airearen kalitatea 

Aturriko itsasadarraren Industria-Kutsagarrien Prebentziorako Idazkaritza Iraunkorra (IKPII-SPPPI) agintari administratiboak, tokiko elkargoak (Euskal Hirigune Elkargoa barne), ingurumenaren arloko elkarteak eta Industria-Portuko Guneko industrialariak biltzen dituen instantzia bat da. Industria-Portuko Gune horretan hitzartzea sustatzea du helburu, uren kalitateari, industria-arriskuei, airearen kalitateari eta harrabots trabagarriei dagokienez. 

2012an, IKPII-SPPPI horrek “ikerketa gune” bat abian jarri du inguruneen egoeren gainean gizakiaren jardueren eragina, baita herritarren aldeko osasun-arrisku edo eragina ere neurtzeko gisan.  Ikerketa honen emaitzak eskuragarri dira IKPII-SPPPIaren webgunean. 

Zer egin airearen kalitatea hobetzeko? 

Zer egin dezake norberak? 

Airearen kalitatea hobetzea denen arazoa da. Jestu soilak egin daitezke egunerokotasunean, airearen kutsagarrien isurtzea murrizteko, hala nola: 

  • norbere herriko, eskualdeko, herrialdeko airearen kalitateari, edota kutsadura garaiei eta osasun-aholkuei buruzko berriak biltzea;
  • beste bide batez mugitzea mugikortasun eztia (ibilketa, bizikleta), garraio publikoak, autokidetza hobetsiz;
  • Xuhurki berotzea (berogailu eraginkorra hautatu, bizitegia isolatu, berogailua artatu eta kalitatezko erregaia erabili);
  • ekaiak ongi hautatzea;
  • landare-hondakinak balorizatzea (landare-hondakinak aire librean edo baratzean erraustegi baten bidez erretzea debekatua) konposta edo lur-estaltzea bihurtuz edo xehatuz. 

Zer egiten du Euskal Elkargoak? 

Klima Planaren harira, Euskal Elkargoak airearen kutsagarrien isurtzea 2030aren epemugan murriztea hartu du xedetzat eta jadanik ekintza ugari abian jarri ditu

Ikerketa berezia portuko gunean 

IKPII-SPPPI kide gisa eta gunearen ikerketa osatzeko, Euskal Elkargoak portuko gune inguruko biztanleen industria-portuko jarduerak sorturiko airearen kutsagarrien arrisku maila neurtu du. Urte batez, industria-jardueretako partikulak, metalak eta konposatu organikoak neurtuak izan dira portuko gune inguruko lau herrietan: Angelu, Baiona, Bokale eta Tarnose. Neurketak garai desberdinetan eginak izan dira eta industria-jarduerarik gabeko kontrol-gune batzuei konparatuak. Ikerketaren emaitzak eskuragarri dira Akitania Berriko Atmoren webgunean. Ikerketa horien emaitzen ondorioz, Akitania Berriko Atmok industria-neurketa estazio berri bat plantan ezarri du portuko gunean, 2025. urtean ibiltzen hasiko dena. 

Airea Babesteko Plana apailatzea 

Euskal Elkargoak Airea Babesteko Planaren (ABP) apailatzean parte hartzen du, lurraldeko airearen kalitatea berriz lortzeko eta zaintzeko xedea duen planifikazio tresna. 250 000 biztanle baino gehiago biltzen dituzten hiriguneek baitezpada ukan behar duten tresna berrikusten ari dira Baionako hirigunean. Prefetak du plana apailatzen, lurraldeko eragileekin elkarlanean. Horri buruzko iritzia bildua izanen da, besteak beste herrien eta Euskal Hirigunearen aldean, 2025ean apailatua izan ondotik. Etorkizuneko ABPak Isuri Gutiko mugikortasun Eremuaren(IGE)

harira finkaturiko eremu bera estaliko du. Airean bilduriko kutsagarriak airearen kalitatearen arauen araberako mailaraino ttipitzea du helburu. Horretarako, lurralde honen esparruan, airean bilduriko kutsagarrien maila orokorrak gehieneko baloreen araberako mailara edo, ahal delarik, xedetzat harturiko mailara jaisteko helburuak zehazten ditu.

Formulaire de satisfaction

Informazio horiek baliagarri gertatu ote zaizkizu?

Zerbait ments zaizu?

Nola hobe dezakegu orrialde honen edukia?

E-helbidea honela behar da idatzi: mail@example.com