Energia berriztagarriak garatzen ditut nire herrian
Herriko Etxe bat zara eta zure lurraldean energia berriztagarriak garatu nahi dituzu? Zure urraspidean laguntzeko argibide baliagarri batzuk ematen dizkizugu hemen.
Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 10a
Zergatik garatu energia berriztagarriak nire herrian?
Ipar Euskal Herriko energia egoera markatzen du energia fosilekiko mendekotasun handiak. Petrolio-produktuek eta gas naturalak lurraldeko energia kontsumo orokorraren %60 osatzen dute. Argindarrak, honen nahasketa Frantzia mailakoa delarik eta nagusiki nuklearretik datorrelarik, Ipar Euskal Herriko kontsumoen laurdena osatzen du (%27). 2022an, tokika ekoizturiko energia berriztagarriek lurraldeko behar energetikoen %15 baizik ez zuten estaltzen.
Ipar Euskal Herria energia fosilen eta argindarraren mendeko izateak, klima arazoez gain, hornitzeari loturiko ahulezia erronkak agerian ezartzen ditu eta 846,8 milioi euroko lurraldeko energia-faktura sortzen du, hots 2 764 € biztanle bakoitz urtean.
Ipar euskal herriarentzat estrategikoak diren energia berriztagarriak
Klima aldaketaren gaineko eragina murrizteko eta energia mailako burujabetasuna bermatzeko xedez, Euskal Elkargoak energia positiboko lurralde bat (TEPOS) bihurtzea hitzematen du, 2050aren epemugan. Ipar Euskal Herriko kontsumo energetikoaren behar guziak tokika ekoizturiko energia berriztagarriz estaltzean datza. Energien Eskema Nagusi bat finkatua izanen da 2025ean energia berriztagarrien garapena denbora eta kokapenaren aldetik planifikatzeko.
Klima Planaren lehen programazioaren ardatza da eguzki-energia fotovoltaikoa modu masiboan garatzea eraikin edo lurzoru artifizializatu edo kutsatuetan, eta hidroelektrizitatea mantentzea eta optimizatzea, gaur egun, Ipar Euskal Herriko energia berriztagarrien nahasketa energetikoan nagusitzen dena.
Halaber, Euskal Elkargoak berokuntza berriztagarriaren arloko ekoizpen ahalak emendatu nahi ditu berokuntza sareak hedatuz, hala hiri eremu nagusietan nola Ipar Euskal Herriko baserrialdeko burguetan. Herri anitzek badute berokuntza sare bat jartzea gogoetatzeko dentsitate termiko maila.
Energia berriztagarriak jartzeko laguntza dispositiboak
- Eguzki-energiaren ekoizpena garatzeko, eguzki-kadastra bat garatua izan da. Ekoizpen sailak jartzeko egokienak diren guneak identifikatzen ditu eta eguzki-energiaren garapena lurraldean animatzeko bidea eskaintzen du;
- Panel-fotovoltaikoetatik sorturiko energiak estatuaren laguntza bat balia dezake Erosteko Obligazioaren sistemaren bidez. Erosteko edo autokontsumoaren sariaren baldintzak baita Erosteko Obligazioaren hautagaitza baldintzak azalduak dira prezio-erabaki batean. Prezio-erabakiak mementoko baldintza ekonomikoetara eta lehentasun publikoetara egokitzen dira. Horrela, erregularki indargabetuak eta ordezkatuak dira, denboraren arabera. Erosteko obligazioaren harira, ekoizleak argindar fotovoltaikoaren oreneko kilowatta saltzen du erabaki batek finkaturiko prezioan, Alemaniaren ekimenez sorturiko neurria. Ekoizle fotovoltaikoak argindarra sartzen du sarean; eroslea energia fotovoltaikoa legeak finkaturiko prezioan erostera behartua da. Mekanismo horrek muntaduren biziraupenaren gainean inbestituriko kapitalen errentagarritasun normal batera heltzeko bidea eskaintzen du. EDF eta tokiko banaketa enpresak bakarrik dira erosteko obligazioaren meneko, baina onetsiriko erakunde batzuek erosteko obligazio bidezko kontratuak hartzeko hautua egin dezakete, ekoizlearekin adosturik, obligaturiko erosle batekin finkaturiko erosketa kontratu bat eskualdatuz;
- Eguzki-energia termikoari dagokionez, partikularrek muntadura bat jartzeko laguntza bat eska dezakete “Ma Prim Rénov” dispositiboaren bidez;
- Lurraldeari egokituriko Berokuntza Funtsa Lurraldeko Berokuntza Berriztagarriaren Kontratua deitzen da. Diru eta teknika mailako laguntza bat eskatzeko bidea eskaintzen die energia berriztagarri termikoei dei egiten dieten proiektu ekarleei (eragile guziak, partikularrak izan ezik): eguzki-energia termikoa, biomasa, energia geotermikoa, energia talasotermikoa... ;
- Eskualdeak argindarra erosteko kontratu mota berrietara heltzeko bidea erraztu nahi die Akitania Berriko industria-enpresei, bere lurraldean indarretxe fotovoltaiko berrien sortzea ahalbidetuz. Industrialaria zara eta 15 GWh argindar baino gehiago kontsumitzen dituzu urtean? Denen artean adosturiko kontratu bat hartu nahi duten eta eguzki-indarretxe baten ekoizpena elkarrekin erosi nahi duten enpresa talde bat zara? Eskualdeak zure urraspideetan eta finantzaketetan lagun zaitzake.
Zure iritziak interesatzen gaitu
Argibide horiek baliagarri izan zaizkizu?
Zerbait eskas zaizu?
Iruzkin bat utzi