Euskal Mendia Eskualdeko Parke Natural proiektua
Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 12a

Zer dira Eskualdeko Parke Naturalak?
Eskualdeko Parke Naturalak honela definitzen dira: “Biztanleak dituen baserrialdeko eremua, Frantziako estatu mailan natura, ondare eta paisaia balioak aitortuak dituena, baina ahula; ondareak babestean eta horien balioa agerian ematean oinarritu garapen iraunkorrerako proiektu bateratu baten inguruan antolatua da. Indar handiko nortasunaren aldarrikapenean bermatua da.” (Eskualdeko Parke Naturalen Frantziako Federazioa).
Eskualdeko Parke Naturalen xedea natura, paisaia, kultur eta giza ondareak babestea eta horien balioa agerian ematea da; horretarako, ingurumena errespetatzen duen antolamendu eta garapen ekonomiko, sozial eta kultural politika berritzailea plantan ematen du.
Zein da Euskal Mendia EPNren helburua?
- Gure baserrialdeko lurraldea labelizatzea, ondare paregabea baitu baina faktore demografiko, klimatiko eta abarrek ahuldua baita,
- Elkargoen eta eragile pribatuen arteko partaidetza-lana iraunkor bilakatzea, euskal mendia bizia eta aktiboa izan dadin eta biztanleak ukan ditzan!
Ipar Euskal Herrian proiektu bat bidean
2017-2018an, Eskualdeko Parke Naturalaren egokitasun eta egingarritasun ikerketa abiatu zen, gure lurraldeko mendiko edo/eta mendiguneko 111 herriko perimetroan, Sindikatu Batzordeekin eta Akitania Berriko Eskualdearekin partaidetzan.
Ikerketak “Gizakia/Natura/Kultura” triptikoa agerian eman du, Euskal Mendiko hiru zutabe bereizgarriak baitira.
Euskal Hirigune Elkargoak eta haren partaideek 2018ko uztailean proiektua segitzearen alde deliberatu zuten. Erabakia Eskualdeko Prefetak berretsi zuen 2019ko irailean.
EPN proiektuaren eramaileak, tokian toki, Euskal Hirigune Elkargoa eta Sindikatu Batzordeak dira, Akitania Berriko Eskualdearekin eta Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluarekin partaidetzan.
2024ko martxoan, EPNak beste urrats bat egin zuen, aitzinetik itxuratzeko sindikatu mistoa sortuz partaidetza antolaketa berria plantan emanez. Sindikatuaren eginkizun nagusia Araudia apailatzea da (15 urterako bide orria), lurraldeko indar eragileekin batean: herriekin, profesionalekin, elkarteekin eta biztanleekin.
Nola jakin proiektua zertan den?
Webgune bat sortu da, bereziki proiektu horretarako. Proiektuari buruzko informazio praktikoak eta horren apailatzeari buruzko dokumentuak hemen dituzu.
“Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturala” orrialdera joan